Volgako zirgariak | Ilia Repin | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

ERRUSIA!

2006.03.29 - 2006.09.10

ERRUSIA! deritzan erakusketa era askotariko bildumetako artelanen aukeraketa zaindu eta garrantzitsua izan zen, inoiz aurkeztutako Errusiar Federazioko artearen erakusketarik handiena. Ezohiko erakusketa honetan, XIV. mendetik gaur egunera arteko errusiar artearen maisulanak aurkeztu ziren, honakoak barne: ikonoak; erretratua, pinturan nahiz eskulturan, XVIII. mendetik XX. mendera; XIX. mendeko errealismo kritikoa eta aro komunistako Errealismo Sozialista; garai guztietako paisaiak; lehen abstrakzioa; eta egungo arte esperimentala.

Erakusgai jarritako artelanak toki askotatik ekarri ziren: herrialdeko museorik garrantzitsuenetatik —Errusiar Artearen Estatu Museoa, Tretiakov Estatu Galeria, Ermitage Museoa eta Kremlin Museoa—, eskualdeetako museoetatik, partikularren bildumetatik eta Errusiatik kanpoko zenbait museo eta bildumetatik. Artelan horietako asko oso gutxitan jarri izan ziren erakusgai, eta beste batzuk ez ziren inoiz herrialdetik atera izan erakusketa honen aurretik.


ERRUSIA! gerra hotza amaitu eta gero bertako artearen inguruan Errusiatik at inoiz egin den erakusketarik zabalena eta garrantzitsuena izan zen. 300 artelan inguru bildu ziren, asko Errusiatik at inoiz ez edo gutxitan ikusgai jarritakoak. Erakusketak XIII. mendetik orain arteko Errusiako maisulanik handienak aurkeztu zituen. Lan horien ondoan Mendebaldeko Europako pintura eta eskultura sorta garrantzitsua jarri da ikusgai, alegia, Pedro Handia, Katalina Handia eta Nikolas I.a XVIII. eta XIX. mendeetan osatzen aritu ziren bilduma inperialetatik eta Moskuko Serguei Shchukin eta Ivan Morozov merkatariek XX. mendearen hasieran egindako bildumetatik hartutako artelanak.

Erakusketaren lehenengo saila XIII. eta XVII. mendeen bitarteko ikonoaren aroari eskaini zitzaion. Hasieran Eliza Ortodoxoaren kultura bisualak eredu bizantziarrari jarraitu bazion ere, XV. mendean arte ortodoxo berezia sortu zen. Ikonostasioa, margotutako irudidun horma, osagai nabarmena da Ekialdeko eliza ortodoxoetan. XVI. mendean Eliza Ortodoxoak bost lerroko egitura garatu zuen ikonostasioetarako: Kristoren, Ama Birjinaren eta San Joan Bataiatzailearen triptiko tradizionala ez ezik —Deesi izenez ezaguna— beste lerro batzuk gehitzen zituzten paneletan, Patriarkei, profetei, jai erlijiosoei eta tokiko ordenei eskainitakoak. Erakusketak 1497ko panel ugari barne hartu zituen, Aintzira Zuriko San Zirilo monasterioko Lokartzearen Katedraleko ikonostasio ezagunaren Deesi lerrokoak. Deesi lerroko bederatzi panelez osatutako multzo zoragarri horrek, ia tamaina naturalekoa, eta jaien edo profeten lerroetatik aukeratutako beste ikono batzuek, baita San Zirilo (1327–1427) irudikatzen duen ehunezko pieza batek ere, XV. mendeko Errusiako kultura bisuala ezagutzeko aukera eman zion ikusleari.

Erakusketaren bigarren saila XVIII. eta XIX. mendeetako errege-erreginen bildumei eskaini zittzaien. Atzerrian zehar egiten zituen bidaietan, Pedro Handiak (1672–1725) —haren erregealdiak 1682tik 1725era iraun zuen— arterako zaletasuna garatu zuen eta zaletasun horrek bultzatuta erakusketan ikusgai jarritako artelan bikaina erosi zuen: Ehorzketa, 1520, Garofalo artista italiarrarena. Katalina Handiak (1729–1796) —1762 eta 1796 urte bitarteko erregealdia izan zuenak—, mendebaldeko pintura bilduma bikaina ere osatu zuen, batez ere Frantziako eta Ingalaterrako bildumetatik eskuratutakoa; bilduma hura izango zen ondoren oraingo Ermitage Museoaren hazia. Bere aldetik, Nikolas I.ak (1796–1855) —tsarra 1825etik 1855era— museo publiko bihurtu zuen 1852an Ermitageko bilduma inperiala, eta Italia, Holanda eta Espainiako artelanak gehitu zizkien bertako fondoei.

Hirugarren sailak XVIII. mendeko arte errusiarra bildu zuen. Pedro Handiak egindako erreformek garrantzia kendu zien Errusiako Eliza Ortodoxoari eta bere tradizioei, baita ikono-pinturari ere. Mendebaldeko artistak eta arkitektoak, arte sekularra lantzen zuten sortzaile errusiarren belaunaldi berri bateko maisu bilakatu ziren. 1757an Arte Ederretako Akademia sortu zen, eta 1794an Katalina Handiaren babesean geratu zen. Akademiak Mendebaldeko Europako ereduari jarraitu zion, zehazki Frantziako sistema akademikoari. Artista nabarmenen artean, Anton Losenkok estilo neoklasikoa landu zuen, historia-pinturaren generoa goratu zuen estiloa alegia, bere Vladimir eta Rogneda (1770) artelanean ikusi ahal izan zenez. Hala ere, historia-pintura ez zen XVIII. mendeko Errusiako artean nagusitu, erretratua baizik, garai hartan hedapen handia izan baitzuen. Katalinaren erregealdiko erretratugile famatuenak Dimitri Levitski pintorea eta Fedot Shubin eskultorea izan ziren, eta familia inperialaren eta nobleen erretratu ofizial bikainak egin zituzten.

Laugarren sailak XIX. mendea aurkeztu zigun. Mende horretako lehenengo erdia genero berriak garatu zituztelako eta gero eta originaltasun estilistiko handiagoa sumatzen hasi zelako bereizten da. Hala, erretratu erromantikoak, nekazari giroko irudikapen intenporalak, Kristoren bizitzaren eszena epikoak edo itsas paisaia nahasiak landu zituzten. Orest Kiprenski, Alexei Venetsianov, Karl Briulov, Alexander Ivanov eta Ivan Aivazovski dira aldi hartako artista gailenetako batzuk. Haien lanak eta beste herrialde batzuetan garaikide zirenek egindakoak antzekoak dira zenbaitetan, eta haiei aurrea hartu zietela ikus daiteke batzuetan. Artista haietako askok atzerrian, eta batik bat Italian lan egin ohi zuten denbora tarte luzeetan.

Mendearen bigarren erdian jarraitu egin zuen tradizio akademikoak. Baina Ibiltari izena eman zitzaien artista talde batek gaitzetsi egin zituen tradizioak ezarritako mugak, eta nahiago izan zuten beren artea ikusle kopuru handiagoari aurkeztu, erakusketa ibiltariak antolatuz. Arteak zeregin handia betetzen zuelako uste osoa zuten, hau da, komentario eta kritika soziala egiteko tresna gisa balio zuela, bereziki garaiko bizibaldintza bortitzen eta errepresio politikoaren inguruan. Talde hartatik Ilia Repin, Ivan Kramskoi, Nikolai Gue, eta Isaac Levitan eta Ivan Shishkin paisaia-margolari bikainak nabarmendu ziren.

Garrantzi berezia du Guggenheim Bilbao Museorako garai horretan eta, are gehiago, Errusiako artearen garai guztietan izan den pintura ikoniko handietako bat erakutsi ahal izateak: Volgako zirgariak (1870–73), Repinena, gizabanakoen nahiz jakituriaren, adorearen eta indar fisikoaren irudikapena. Ibiltarien artelanak Pavel Tretiakoven bilduma handiaren —orain Tretiakov Estatu Galeria— oinarria dira, eredu errealista kritikoa eskaini baitzuten, abangoardia historikoak izenez ezagutzera eman zen belaunaldia kontra agertu zenekoa.

Bosgarren sailak Moskuko Serguei Shchukin (1854–1936) eta Ivan Morozov (1871–1921) merkatarien bildumetako artista modernoen artelan sorta erakutsi zigun. Horien artean, inpresionismoaren, postinpresionismoaren, fauvismoaren eta kubismoaren adibide bikainak daude, besteak beste, Pablo Picassok, Paul Gauguinek eta Henri Matissek sortuak.

Bilduma horiek eragin handia izan zuten erakusketaren seigarren saileko lanen artisten belaunaldian. Lan horietan bat eginda agertzen dira mendebaldeko eraginak eta Errusiako tradizio nazionalak, ikonoaren eta folklorearen artean sustraituak, eta sintesi berezia da bategite horren emaitza. Sail hori Errusiako sinbolismoarekin hasi zen, 1900. urte inguruko mugimenduarekin; Mijail Vrubel izan zen mugimendu horren ordezkari nagusia. Vrubelek sortu zituen lanetan garaikide europarrek landutakoen antzeko gaiak antzeman daitezke, tokiko folklorearen eta literaturaren erabilerarengatik nabarmentzen badira ere. Esperimentu haiek abangoardiako artisten lanen aitzindari izan ziren, besteak beste Natalia Gontxarova, Mijail Larionov eta Kazimir Malevitx artistenak, eta hain ezagunak ez diren Ilia Mashkovenak, Piotr Konchalovskirenak eta Aristarj Lentulovenak.

Testuinguru horretatik berehala sortu ziren elkarren segidan hainbat mugimendu erradikal: kubofuturismoa, rayonismoa, suprematismoa eta konstruktibismoa. Malevitxek, suprematismoaren sortzaileak, 1915ean margotu zuen bere ikono modernoaren inguruan egin zituen bertsio ugarietatik lehena, Karratu beltzarena, alegia. Erakusketan sail horretatik txikiena ikusgai jarri zen; gainera, lan hori saileko azkena dela uste da, 1920ko hamarkadaren amaiera eta 1930eko hamardakaren hasiera artean margotu zuela uste da.

Zazpigarren sailak 1930eko eta 1940ko hamarkadetako artea aztertu zuen, Errealismo Sozialista izenez ezagutzen den eta 1934an ezarri zen artearen dotrina ofizialari estu loturiko aldia. Denbora luzean propaganda soiltzat edo bitxitasun historikotzat hartu izan den arren, estilo honek talentu handiko artistak izan zituen. Zenbait pintura, esaterako Mosku berria (1937), Yuri Pimenovena, industrializazioaren eta gizon eta emakume sobietar berrien lan komunalaren gorespena dira. Stalinismoan, ikuspegi utopiko komunistak nagusitu baziren ere, 1930eko hamarkada ez zen monolitikoa izan. Zenbait artistak, Isaac Brodskik adibidez, Vladimir Leninen eta Joseph Stalinen ikono-irudi nabarmen ugari margotu zituzten; beste batzuek, Alexander Deinekak adibidez, ideal komunistei jarraitu arren sentsibilitate modernoa eta oso ikuspegi artistiko berezia darion estiloa landu zuten. Sail honetan, 1940ko hamarkadako Aberriaren Gerra Handiko (Bigarren Mundu Gerra) artea ere bildu zen.

Zortzigarren saila Stalin hil ondoren (1953an) sortutako artean oinarritu zen. Haren heriotzaren ondoren, berehala, artistek adierazteko askatasun handiagoa izan zuten, eta hala sortu zen Estilo Soila deitu izan zaiona. Arte ofizialaren barruan egon arren, estilo horrek berrikuntza formala du ezaugarri —Errealismo Sozialistak ezarritako mugen barruan— baita gero eta gai bereziagoak landu izana ere. Bratskeko zentral hidroelektrikoko langileak (1960–61) pintura, Victor Popkovena, aldi horretan nagusitutako eskala monumentalaren eta formen sinplifikazioaren erakusgarri bikaina da. 1953az geroztik sortutako pintura horrek eta beste pintura ofizial batzuek agerian uzten dute sobietar artearen aniztasuna, mendebaldean zabaldutako mitoetako bat zalantzan jarriz: gutxi gorabehera 1930 eta 1980 urte bitartean sortutako arte errusiarra erregimenaren agindupean soilik sustatu zela.

Sail honek, Stalin hil ondoren garatu zen arte ofiziala ez ezik, artista ez-ofizialek hirurogeiko hamarkadatik gerra hotza amaitu zen arte landu zituzten estiloen eta gaien aniztasuna ere erakusten digu. Pixkanaka, XX. mendearen hasierako abangoardiaren legatua ezagutzen joan ziren, eta ondorioz eszena artistiko kakofonikoa itxuratu zen, artelanak ikusgai jarri eta saltzeko ezarritako zirkuiturik ez bazegoen ere, eta artearen politika ofizialari desafio eginez betiere. Dena den, artelan hauek ez dira, sarritan esan izan den bezala, politikoak funtsean. Zenbait artistak, besteak beste Ilia Kabakovek, arte kontzeptual berezia garatu zuten bakarka, mendebaldean sortzen ari zenaren parekoa. Espaziora hegan egin zuen gizona (1981–88) lanak gizaki arrunt sobietarrak bere etxebizitza komunaleko lau paretetatik eta oro har gizarte sobietarretik ihes egiteko izaten dituen zailtasunak aditzera emateaz gain, gizakiak askatasun pertsonala lortu nahian ekindako bilaketa unibertsala ere islatzen du. Sots artea, ikonografia sobietarra eta herri kultura abiaburutzat hartzen zuen hirurogeita hamarreko mugimendua, Komar eta Melamid, Eric Bulatov eta beste batzuek sortutako lanek ordezkatu zuten erakusketan. Vadim Zajaroven 2003ko instalazioak, Errusia artearen historia-abangoardiatik Moskuko Eskola Kontzeptualeraino, erakusketa honetako bisitariak ekindako bidaia historikoa gogora ekarri zigungu neurri handi batean, eta Errusiako arte zabal bezain joria erakutsi zigun,  eta nazioarteko eszenatokian etengabeko eta bizitasun handiko presentzia duela aditzera eman zuen.

Valerie Hillings
Arte Arduradun Laguntzailea

Ilia Repin
Volgako zirgariak, 1870–73
Olio-pintura mihise gainean
131,5 x 281 cm
Errusiar Artearen Estatu Museoa, San Petersburgo

 

Partekatu