Lekua | Michael Snow | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Michael Snow: Zirkuitu itxia

2018.03.22 - 2018.07.01

Guggenheim Bilbao Museoaren Film & Video programak arreta berezia eskaintzen die mugimendudun irudiarekin, zinema esperimentalarekin eta bideo-instalazioarekin lotura duten arte-praktikei.

Michael Snow (Toronto, 1928) aho batez jotzen da artista gakotzat zinema esperimentalaren garapenean 1960ko hamarkadatik. Margolari, argazkilari, eskultore eta musikaria ere bada Snow: bere lanak islatzen du artistaren izaera polifazetikoa, baita pertzepzioaren eta horren paradoxen mekanikarekiko duen oinarrizko interesa ere. “Zinemagile batek egiten ditu nire margolanak, musikari batek nire eskulturak, pintore batek nire filmak (…) eta, batzuetan, denak aldi berean aritzen dira” adierazi du artistak. Munduaren irudikapen bisualeko sistemek liluraturik, Snowk argia eta denbora dituen eskultura gisa ulertzen du zinema, eta, aldi berean, ikuspegia berenganatzen, desbideratzen edo blokeatzen dituzten objektuak egiten ditu. Horrela, artelanaren materialak ez ezik, obrak arreta-zirkuitu zehatzak sortzeko duen gaitasuna jartzen du agerian.


Artistaren ekoizpen-aro desberdinetako lau lan lotzen ditu Zirkuitu itxia erakusketak, eta hainbat formatutan zeharreko ibilbidea eskaintzen du, non irudia erabat bereizten baita film baten beharretik. Ikuspegia (Sight, 1968) artelanean, leiho baten gainean muntatuta dagoenez, mugatu egiten da ikuspegia, diagonalean, eta hala, markoaren barruan dagoenaren eta markoaren beraren arteko sintesia behartzen du. Ezohiko enkoadraketa horretan, perspektiba desagertu egiten da. Ingelesezko izenburuen homofoniarekin jolastuz, Lekua (Site, 1969/2016) lanak irudia hitzarekin ordezkatzen du eta iradokitako lekua objektu abstraktu batekin, diseinu aldetik antzekoa. Erreferentzia eraldaketa horretan galtzen da, eskultura presentzia eta ausentzia moduan indartzen den artean. Lan horien alboan, bi bideo-gailuk irudi, eskultura eta lekuaren arteko harremana ikertzen dute. Braque eta Picasso kaleen arteko izkina (The corner of Braque and Picasso streets, 2009) obrak Guggenheim Bilbao Museoaren kanpoaldea proiektatzen du beste erakusketa batzuetako idulkiekin egindako pantaila batean, zinema iragankor eta kubista bati leku egiteko. Beste zirkuitu itxi baten bitartez, Ikuslea (Observer, 1974) obrak bisitaria bultzatzen du bere burua ezohiko angelu batetik begira dezan: haren gorputza bi dimentsionaltasun zorabiagarrira mugatzen duen angelutik.

Komisarioa: Manuel Cirauqui

Michael Snow
Lekua (Site), 1969/2016
Altzairu herdoilgaitza, kartela
172,7 x 71,1 x 71,1 cm
Michael Snow eta Christopher Cutts Gallery, Toronto, eskaintza
© Michael Snow

Partekatu