Menú

ZERO bisitari guztiei Museoan murgiltzeko aukera eskaintzen dion esperientzia

 

ZERO bisitariak Museoarekin lehenengo kontaktua izan dezan prestatutako aretoa da. Proiekzio inguratzaile bat tarteko, bertaratzen dena Museoaren esperientzia osoago baterako prestatzen du gune honek. Atondoaren alboan dago ZERO, eta bisitari guztiei harrera egiten die, Museoren eta haren inguruko historiara zentzumenen bidez hurbiltzeko aukerarekin, eta Frank Gehryren arkitektura paregabearen eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma iraunkorreko artelanik esanguratsuenen gaineko ikuspegi desberdin batekin.

Geometriaren eta pantaila handi baten gaineko proiekzio kurbatuaren bidez, ispiluz estalitako areto honetan ispiluek 14 aldiz biderkatzen dute mugimendudun irudia, ikuslea inguratu eta hari 300 graduko ikus-eremu kaleidoskopikoa eskaintzeko. Konfigurazio dinamiko horrek esperientziaren erdigunean kokatzen du bisitaria, arkitekturaren muga ukigarriak gainditzen baititu.

Bilboren eta Bizkaiaren historiak, paisaiak eta iragan industrialak eratzen dute ZEROren ikusizko edukia. Irudi historikoen hautaketa bati esker, bisitariak aukera du Museoaren ingurunearen testuingurua zein den aztertu eta hura ulertzeko; halaber, irudi horien bitartez, argi eta garbi geratzen da Museoaren eta hiriaren arteko lotura estua, baita EAEren identitate estetikoari dagokionean ere.

Eraikinaren eta Bildumaren genesi eta sorkuntza-prozesua berebat islatuta geratzen da ZEROn: arkitekturaren xehetasun eta testurak elkarrizketan ipintzen ditu Bilduma iraunkorreko artelanik enblematikoenetako batzuekin. Hala, bisitariak ikuspegi harrigarri batetik helduko die Jean-Michel Basquiat, Louise Bourgeois, Daniel Buren, Eduardo Chillida, Jenny Holzer, Anish Kapoor, Anselm Kiefer, Yves Klein, Jeff Koons, Fujiko Nakaya, Jorge Oteiza, Gerard Richter, Mark Rothko, Richard Serra, Cy Twombly edo Andy Warhol artisten obrei.

Bere aldetik, jatorrizko soinu-banda baten bitartez, ZERO ikusizko hutsetik harago doa, zentzumen-bidaia bikaina eskaintzeko. Doinuak euskal musika izan du inspirazio iturri, txalaparta bereziki; hala, haren antzinako oihartzunak musika elektronikoaren nahiz nazioarteko beste erreferentzia batzuekin nahasten dira.

Guggenheim Bilbao Museoaren eta Local Projects enpresaren arteko lankidetzaren fruitua da ZERO. Local Projects diseinu estudio bat da; New Yorken du egoitza, baina nazioartean da ezaguna, bisitariaren esperientziaren inguruan duen ikuspegi berritzaileagatik eta mundu osoko kultur instituzioekin egindako proiektuengatik.

 

 

 

Cerrar

Eman izena
eta Museoaren berri guztiak jasoko dituzu.

×