la-construcción
Eraikuntza

Titanio, kareharria eta beirazko egitura bat

Guggenheim Bilbao Museoa 1993ko urria eta 1997ko urria bitartean eraiki zen. Eraikina altxatzeko portu eta industria jarduneko kai bat izandakoa aukeratu zuten, zehazki, kurba bat. Museoa bertan eraikitzeak Bilboko itsasadarra eta ingurua suspertu zituen; ingurua kultura eta aisiarako guneez berriro urbanizatzea ere ekarri zuen.

Proiektatutako forma makurrak egitea ez zen erraza, horrelako irudi geometrikoen konplexutasun matematikoa dela eta. Gehryk software aurreratu bat erabiltzea erabaki zuen, CATIA izenekoa, hasiera batean industria aeroespazialean erabiltzen zena. Horrela gauzatu zituzten irudi horiek benetako egitura batean, eta eraikuntza erraztu zuten. Eraikinaren kanpoaldeko estalkirako titanioa aukeratu zuen arkitektoak, beste material batzuk baztertu eta bere estudioan bertan zituen titanio zati batzuen portaeran arreta jarri eta gero. Titaniozko 33.000 bat xafla fin-finek eta haien akaberak efektu zimurtsua eta organikoa lortzeko aukera eman zioten; izan ere, unean uneko eguratsaren arabera tonuz aldatzen dira. Eraikinean erabilitako beste bi materialak, kareharria eta beira, ondo baino hobeto daude egokituta, eta oso ikusgarri bihurtzen dute eraikinaren diseinua. Izan ere, gaur egun, hiriaren benetako ikur bihurtu da mundu osoan.

 

Museoaren eraikuntza

Eraikinaren kanpoaldeko estalkirako titanioa aukeratu zuen arkitektoak, beste material batzuk baztertu eta bere estudioan bertan zituen titanio zati batzuen portaeran arreta jarri eta gero.