Menú

Array
(
)
AJAX: 

Artea eta Txina 1989 ondoren

Munduko antzerkia

2018(e)ko maiatzak 11 – 2018(e)ko irailak 23

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduko antzerkia erakusketak arte garaikideko mugimendu ausart baten sormen-adierazpenak aurkezten ditu; Txina modernoaren eta munduaren historiako aldirik eraldatzaileenean sortu zen mugimendu hori. Artea eta Txina 1989 ondoren Solomon R. Guggenheim Museum-ek antolatu du, eta Txinan eta oro har mundu osoan lanean aritu diren 71 artista eta talderen lanak biltzen ditu. Artista horien probokazioek ideologiarik gabeko errealitate bat landu nahi dute, banakoak taldetik kanpo duen eginkizuna indartu, eta Txinako esperientzia garaikidea zehaztu, ikuspegi unibertsaletik. Gerra hotzaren bukaera eta 2008ko Olinpiar Jokoak mugatzat hartuta, globalizazioaren hasierak eta Txinaren mundu-mailako gorakadak definitutako denboraldian egindako esperimentazio artistikoa aztertzen du erakusketak. Erakusketaren azpititulua, Munduko antzerkia, bat dator Xiamen-en jaio eta Parisen bizi den Huang Yong Ping-en instalazio baten izenarekin: kaiola-formako egitura bat da, intsektuen eta narrastien arteko zuzeneko gudu-eremu gisa sortua; ikuskizun horrek egoki imitatzen du globalizazioaren sinbiosia eta lehia basatia.

Arteari eta Txinari dagokionez, 1989. urtea hasiera eta amaiera izan zen aldi berean. Ekainaren 4an Tiananmengo plazan ikasle-mugimenduak jasan zuen errepresioak amaiera eman zion esplorazio politiko, intelektual eta artistiko ireki samarreko hamarkada bati. Orduan hasi ziren erreformak; garapen bizkorraren, nazioarteko interkonexioen eta aukera indibidualen garai berri bat bultzatu zuten, autoritarismoaren pean egin ziren arren. Gertatzen ari ziren aldaketa masiboak areagotu zituzten artistek, baina eszeptiko ere agertu ziren haien aurrean. Nazioarteko arte kontzeptualaren jarrera kritikoa eta proposamen irekiak berenganatu zituzten performanceak, margolanak, argazkiak, instalazioak eta bideoarteko piezak sortzeko; halaber, era guztietako aktibismo-proiektuak ere jarri zituzten martxan, eta gizartea zuzenean inplikatzea nahi izan zuten. 1990eko hamarkadan eta 2000koaren hasieran nabarmendu ziren artista horiek; hain zuzen ere, Mendebaldeko artea ekoizpen-zentro tradizionaletatik harantzago begiratzen hasi zenean, arte garaikide globalaren fenomenoa forma hartzen ari zen artean. Artea eta Txina 1989 ondoren erakusketak garbi uzten du eginkizun erabakigarria izan zutela Txinako artistek bilakaera hartan.

Cocurators: Alexandra Munroe, Philip Tinari, Hou Hanru

Chen Shaoxiong
5 ordu (5 Hours), 1993/2006
DSL Collection. Performancearen ikuspegia: The Third Artistic Event of the Big Tail Elephant Working Group, Red Ant Bar tabernaren kanpoaldean, Guangzhou, azaroak 24, 1993
© Chen Shaoxiong
Argazkia: artistaren eskaintza

×