Horta de Ebro | Manolo Valdés | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Chillidaren omenez

2006.04.05 - 2006.06.11

Eduardo Chillidaren (Donostia, 1924–2002) lehenengo erakusketa Parisen egin zen 1950ean. Ordurik hona, hainbat erakusketa eskaini izan zaizkio Houstonen, Berlinen, Madrilen, Caracasen, Londresen, Palermon eta Bilbon (zehazki Guggenheim Bilbao Museoan). Gaur egun bere lana mundu guztiko hogeita hamar museo baino gehiagotan dago ikusgai. Bere eskulturak Donostiako itsasoaren parean, Japoniako mendietan eta hiri ugaritan daude, besteak beste Washingtonen, Parisen, Lunden, Münsterren, Madrilen, Palman, Gernikan edo Berlinen. Bere bizitzan zehar, sari ugari jaso zituen Chillidak: Veneziako Bienalaren Saria, Kandinsky Saria, Wilhem Lehmbruck Saria, Príncipe de Asturias Saria, Alemaniako Kaiserring Saria eta Japoniako Sari Inperiala.

Bere obra ugari omenaldiak izan ziren, eta berarekin nolabaiteko lotura zuten artistei zuzendu zizkien hark, bere laguntasuna, errespetua eta gorespena adierazteko: Braque, Calder, Giacometti, Miró, Twombly eta beste hainbat idazle, filosofo eta laguni. Guztira, 80tik gora eskultura, 58 estanpa eta bi marrazki egin zituen Chillidak pertsona haien oroimenez eta ageriko erreferentzia duen lehenengo obra Vivaldiren omenez I da, 1951koa.


Zehazki, poetarik kutunena zuen San Joan Gurutzekoari eskainitakoak dira bi marrazkiak, eta nolabait ere gaztelau mistikoaren zenbait bertsoren transkribapen grafikotzat har daitezke. "Eskainitako" lan horietako gutxi batzuk lagunei (Rafael Elósegui, Manolo Millares, Rafa Balerdi, Annely Juda, Cristobal Balenciaga eta abarri) eta familiartekoei (emazte Pilarri, alaba Maríari haur txiki bat besterik ez zenean eta abar) dagozkie; gainerako guztiak, berriz, erakarpena sentitu izan zuen idazle (poeta edo filosofoei), musikari edota artistei eskaini zizkien, eta horiek ere besteen eskulturak edo pinturak interpretatzeko saiakeratzat har daitezke.

Euskal eskultorea 2002an hil zen eta haren heriotzak agerian utzi zuen bere adineko artistek eta beste gazteago batzuek zioten estimu eta errespetu izugarria. Chillidarekin lotura zuten artistek, haren lanarekin kidetasuna zutenek eta zerbait eskertu nahi ziotenek haren omenezko erakusketa bat egiteko aukera aztertu zen. Eta, errespetu hori bera erakutsiz, erakunde sustatzaile batek, Urvasco taldeak, proiektuari burubelarri eta desinteresatuki ekitea erabaki zuen bere fundazioaren bitartez.

45 artistak Chillidari eskaini zioten omenaldi hau ez da hitzen erretorikan oinarritzen, ikusgai jarritako artista bakoitzaren hizkuntza berezian baizik, Chillidari hitz egiten dioten lanen apaltasunean baizik. Haietako bakoitzaren estetikaren ezaugarriak darien lanak izan ziren, zenbaitetan euskal eskultorearen lanari buruzko erreferentzia zuzenen batekin jolas egiten zutenak. Eduardo Chillidarekiko eta bere lanarekiko kidetasun eta oroitzapen bisual horren erakusgarri izan genuen erakusketa hau.

Kosme de Barañano
Erakusketaren komisarioa

 

Manolo Valdés
Horta de Ebro (Chillidaren omenez) [Horta de Ebro (Homenaje a Chillida)], 2003
Alabastroa
130 x 100 x100 cm
Homenaje a Chillida Bilduma, Grupo Urvasco

 

Partekatu