Titulurik gabea 112.zk | Cindy Sherman | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Gaur egungo argazkigintza: sakontasuneko ikuspegiak

1999.07.25 - 1999.12.20

Erakusketa honek Solomon R. Guggenheim Museum-ek argazkigintzako obrak eskuratzeko hasieratik jarraitu dion politikaren bilakaera adierazten du, hain zuzen ere 1993an The Robert Mapplethorpe Foundation-ek 194 obra dohaintzan eman zituenetik. Erakusketak azken bi hamarkadetako arte garaikidean aurki daitezkeen argazkigintzaren ikuspegi desberdinen inguruko azterketa zehatza eskaintzen du. Museoaren bilduma zuzentzen duten irizpideei jarraituz, argazki eskuraketek aldi edo mugimendu oso bat adierazteko asmoari baino gehiago, aukeratutako artista jakin batzuk sakontasunean ordezkatzeko asmoari erantzun nahi izan diote. Dohaintza garrantzitsuei eta azkenaldiko erosketei esker, museoa gaur egungo argazkigintzako oso pieza adierazgarrien jabe da, bereziki oso ikuspegi kontzeptuala duten artisten lanak izanik.

Besteren artean, lotura duten bi obra-serie nabarmentzen dira, Anna Gaskell-enak hain zuzen ere –Miragarria (wonder) eta Zapuzkeria (override)–, Lewis Carrollen Aliceren abenturak lurralde miresgarrian oinarritutako bertsio libreak izanik, argazkigintzaren artistek metanarrazioarekiko duten zaletasunaren erakusgarri. Joera hau Laurie Simmons eta Cindy Sherman bezalako artistek 70eko hamarkadaren bukaeran eta 80koaren hasieran landu zituzten ideien ondarea da. Shermanen lanetik, 1997an erositako bost obra aurkezten dira, bere artearen joera garrantzitsuenak adierazten dituztenak, 70eko hamarkadaren bukaerako fotograma ezagunetatik hasi eta obra ikonikoetaraino, esaterako Titulurik gabea, 112. zk. (Untitled, #112) (1982), "kolore-probak" multzokoa. Bertan, artistak, argiarekin eta kolorearekin esperimentatuz, kaleko bizitzako zenbait nerabe edo pertsonaia tipiko erakusten ditu.


Gabriel Orozcoren sei argazki gaur egungo argazkigintzak izan duen bilakaeraren adierazgarri dira, dokumentu eta tresna gisa duen izaera bikoitza aprobetxatuz. Berez argazkilari izan gabe, Orozcok disziplina anitzeko bere lanaren fazeta bat gehiago balitz bezala erabiltzen du teknika hau, munduan zehar egin dituen bidaietako aurkikuntzak edo topaketak dokumentatuz.

Beste ikuspegi berezi bat 80ko hamarkadaren hasieran Guggenheim bildumari gehitu zitzaion Bernd eta Hilla Becher-en obra kontzeptual aitzindariaren diszipuluek ordezkatzen dute. Düsseldorfen Bechertarrekin ikasi zuten Miles Coolidge eta Andreas Gursky-ren iritziz, argazkia gaur egungo giza jardueraren objektibazioa eta eraikitako ordenaren eta ordena naturalaren arteko tentsioa jasotzeko modu bat da.

Rineke Dijkstra, Holandan bizi den artista, bere Hondartzak (Beaches)(1992–96) serietik azkenaldian erositako hiru lanek ordezkatzen dute. Argazki horiek artistak munduko hondartza desberdinetan ezagutu dituen pertsonen eskala handiko erretratu soilak dira. Obrak antzeko objektu-tipoen estudio bat dira, Bechertarrek egindako ur-andelen eta zereal-siloen estudio ezagunen antzekoak izanik.

Espektroaren beste muturrean, Uta Barth eta Bill Jacobson-ek gaiak zehazgabetzen dituzte beren funtsa hobeto ulertzeko, sarritan aintzat hartzen ez duguna ikusteko kamerak duen gaitasunari buruzko erakusketa honen zirkulua itxiz.

 

Cindy Sherman
Titulurik gabea 112.zk (Untitled, #112), 1982
Koloretako argazkia
114,9 x 78,3 cm
Solomon R. Guggenheim Museum, New York
Zuzendariaren Nazioarteko Batzorde eta Batzorde Betearazleko kideen diru-ekarpenari esker eskuratua: Eli Broad, Elaine Terner Cooper, Ronnie Heyman, J. Tomilson Hill, Dakis Joannou, Barbara Lane, Robert Mnuchin, Peter Norton, Thomas Walther eta Ginny Williams. 97.4574.
© Cindy Sherman

Partekatu