Ezpainak | Jeff Koons | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Jeff Koons: Dibertsioerraza-Etereoa

2001.10.02 - 2002.01.20

Jeff Koonsek laurogeiko hamarkadaren erdialdera lortu zuen ospea, hedabideek eta horrek berekin dakarren errepresentazioaren krisiak hartutako aro batean artearen esanahia aztertzen ziharduten artisten belaunaldi bateko kide gisa. Artistak adierazi bezala, "masekin komunikatzeko" asmo artistikoak bultzatuta, Koonsek publizitatea, marketinga eta entretenimenduaren industria erabiltzen ditu inspirazio-iturri gisa. Behe-mailako eta goi-mailako kulturen arteko mugekin probak eginez, bere eskultura-bildumak pexiglasezko edukiontzietan sartuta dauden xurgagailuak, kristalezko arrainontzietan flotatzen ari diren saski-baloiko pilotak eta Michael Jackson eta Pantera Arrosari egindako omenaldiak barne hartzen dira. Dada eta Duchampen leinuari jarraitzean, eta arte minimalistaren eta pop artearen erreferentziak gehitzean, artistak estetika konbentzionalaren hierarkiaren barruan sailkaezina den kontsumo-ondasun kutsua ematen dio arteari.

Dibertsioerraza-Etereoa (Easyfun-Ethereal) izenburua duen serie berrian, Deutsche Guggenheim Berlin-en eskariz sortutakoan, Koonsek janaria, moda eta dibertsioa erakusten digu. Formatu handiko zazpi pinturen multzo hau txokolate-zorrotada handiek eta sandwich gozo eta irribarretsuek, margotutako ezpain bustiek eta ile-kolore biziek osatzen dute, mendi errusiarretako bidaia zorabiagarriez eta Halloweengo mozorro dibertigarriez gain. Irudiz hornitutako argitalpenetatik eta artistaren argazkietatik hartutako erreprodukzio eskaneatuen bidez, Koonsek batzuetan elkarren artean loturarik ez duten irudi ezagunak konbinatzen ditu collage tankera duten eta argazkigintzaren errealismoari dagokion zehaztasunez egindako koadroak sortzeko. Obra hauek publizitateko ikonografia eta hesi publizitarioen pintura-teknika gogorarazten dizkigute, hain zuzen ere James Rosenquisten pop artean ikus ditzakeguna, nahiz eta, harekin konparatuz gero, Koonsen obrari gehiegikeria eta eferbeszentzia darion. Irudia lehen plano batean trinkotzen du eta gaiak nahita opakoak eta lauak diren irudiak balira bezala lantzen ditu, edozein kritika soziali edo inplikazio psikologiko zehatzi uko egiten ari zaiela ematen dutelarik. Horren ordez, erabateko asetasun pertsonala uzten dute agerian, helduen erakargarritasun eta desio sexuala eta herri-kulturaz haurrek egiten duten kontsumo asezina goraipatuz.


Bere lanak eguneroko errealitatetik hartutako ikono ezagunez beteta egon arren, artistak bere asmo zehatza azaldu du kitsch elementuak erabiltzean. Elkarrizketa batean, Koonsek hauxe adierazi zuen Dibertsioerraza (Easyfun) (1999) izenburu bera duen eta aurretik sortuta dagoen serieari buruz: "Zenbaitetan kitsch gisa sailkatu izan dituzten elementuekin lan egin dut, hala ere, berez, inoiz ez zait kitscha interesatu. Beti saiatzen naiz ikusleengan beren buruarekiko konfiantza, oinarri bat sorrarazten. Nire ustez, nire koadroak beste edozein gauzaren inguruan baino gehiago ikusleen inguruan mugitzen dira". Bere obra elementu barrokoz beteta dago eta, zentzu honetan, serie berri honetan irudikatzen den imajina-multzo nekaezina eta animatua behatzailea erakartzeko, beregan optimismoa eta "konfiantza eta segurtasuna" sorrarazteko sortua da.

Pop pinturari lotutako bere estilo berri honetan adimen handiz barne hartzen ditu artearen historiaren beste erreferentzia batzuk, batez ere surrealismotik eta espresionismo abstraktutik hartuak. Ezpainak (Lips) obran, adibidez, fantasia etereoa eta arina etortzen zaigu gainera. Ezpain haragitsu batzuen eta betile luzeak dituen begi baten irudi flotatzaileek René Magritte, Max Ernst eta Salvador Daliren ametsetako ikonografia gogorarazten digute, inguruan gainezka egin duen zukuak Jackson Pollocken espresionismo abstraktuaren pintura-zipriztinak iradokitzen dizkigun bitartean. Koonsek bere beste obra batean ere aipatzen du artista: Zutoin urdinak (Blue Poles) izenburuak errusiar mendi baten euskarriak deskribatzen dituen arren, maisu modernoaren beranduko obra batetik hartutakoa da. Pop irudiak surrealismoarekin eta abstrakzio ukitu batzuekin bat eginez, Koonsek dibertsioaren eta fantasiaren hibrido bat sortzen du, gozamendu etereoaren eta onirikoaren forma arinak irudikatzen dituzten obra batzuei bide emanez. Bertan, artista estututa aurreratzen da etorkizuna besarkatzera ordenagailuaren teknologiaz baliatuz, lehenaldiko tradizio artistikoekin lotura estua mantentzen duen bitartean.

Laurogeiko hamarkadan artearen eta hizkuntzaren kolapsoa aztertzeko baliagarriak izango zitzaizkien hizkuntza populistak bilatzen ari ziren artista-talde batekoa izanik, Koons nabarmendu egin da, bere belaunaldiko artisten artean nazioartean ospe handiena lortu duena. Bere obra erakusketa ugaritan jarri da ikusgai Estatu Batuetan eta Europan, eta horien artean aipatzekoak dira San Francisco Museum of Modern Art-ek eta Amsterdamgo Stedelijk Museum-ek 1992/1993 urteetan antolatutako atzera begirako erakusketa garrantzitsuak. 2000ko maiatzean Split-Rocker izenburua duen eta loreez eginda dagoen eskultura berri bat instalatu zuen Avignongo Palais des Papes jauregian eta hilabete beranduago 1992ko bere Puppy famatua birsortu zuen New Yorkeko Rockefeller Center-erako.

 

Jeff Koons
Ezpainak (Lips), 2000
Olio-pintura mihise gainean
3 x 4,3 m
Deutsche Guggenheim, Berlin

Partekatu