Guggenheim

Lynette Yiadom-Boakye artista eta idazle britainiarra bere belaunaldiko artista garrantzitsuenen artean dago; oso ezaguna da egiten dituen fikziozko pertsonen erretratu enigmatikoengatik. Kontzientziaren ibiliaren une berezi bat islatzeko asmoz, Yiadom-Boakyek saio bakarrean egiten ditu erretratu guztiak. Artistak dioenez, haren pertsonaiak «ez dira benetakoak», baina hau zehazten du: «Nik ezagutuko banituzke bezala irudikatzen ditut ; haietako bakoitzak bere indarra du, oihartzun bat… osagai enpatiko bat, beste mundu batekoa».

Askotan, Yiadom-Boakyek Europako erretratugile historikoen lanak hartzen ditu oinarritzat; bereziki, Thomas Gainsborough, Francisco de Goya, John Singer Sargent eta Édouard Manet-enak. Hala ere, Yiadom-Boakyeren gaiak eta teknika gaur egungoak dira, zalantzarik gabe. Imajinatutako pertsonaia beltzen erretratua ardatz gisa hartuta, Yiadom-Boakyeren lanak galderak egiten ditu nortasunari eta irudikapenari buruz. Haren margolanetan ageri diren figurak toki atenporal eta zehaztugabeetan kokatzen dira, eta horrelaikusleak esanahia eman diezaieke margolanei.

Artistak Carnegie sari ospetsua jaso zuen 2018an, eta Turner sarirako proposatu zuten 2013an. Haren obra Ghana Freedom erakusketan aurkeztu zen, 2019an izan den Veneziako 58. Bienaleko Ghanaren pabiloian. Museoak dakarkigun erakusketa 2003tik gaur arte sortutako laurogei margolanek eta paper gaineko obrek osatzen dute, eta Yiadom-Boakyeren ibilbideari orain arte eskaini zaion erakusketarik handiena da.

Erakusketa Guggenheim Bilbao Museoak antolatu du, Tate Britain museoaren eta San Frantziskoko Arte Modernoko Museoaren laguntzarekin.

Komisarioak: Andrea Schlieker eta Isabella Maidment; komisario laguntzaileak: Aïcha Mehrez, Tate Britain museoan eta Petra Joos Guggenheim Bilbao Museoan

Lynette Yiadom-Boakye
Elephant, 2014
© Lynette Yiadom-Boakye