Menú

Array
(
)
AJAX: 

Van Goghetik Picassora. Thannhauser ondarea

2018(e)ko irailak 21 – 2019(e)ko martxoak 24

Solomon R. Guggenheim Foundation-en Thannhauser Bildumaren eskutik datorkigu erakusketa hau, eta margolari inpresionista, postinpresionista eta lehenengo maisu modernisten lanek osatzen dute: hala nola, Paul Cézanne, Edgar Degas, Édouard Manet, Pablo Picasso eta Vincent Van Gogh artisten. Orain dela berrogeita hamar urte baino gehiago Guggenheimera iritsi zenetik, Thannhauser Bilduma entzutetsuaren zati handi bat New Yorketik kanpo erakusten den lehen aldia izango da. Artearen munduan ibilbide bikaina egin ondoren eta arte modernoa Europan eta Amerikako Estatu Batuetan garatzeko eta ezagutarazteko egin zuen lana funtsezkoa izanik, Justin K. Thannhauser arte-merkatariak 1963an iragarri zuen Guggenheimi utziko zizkiola oinordetzan artearen historiaren ehun urteko aldia hartzen zuen bere bilduma pribatuaren funtsezko lanak. Justinen alargun Hilde Thannhauserek ondare hori handitu egin zuen geroago, 1984an eta 1991n museoari egindako dohaintzekin. Guggenheimen jatorrizko funtsak XX. mende hasierako arte abstraktuan ardazten dira nagusiki, eta epealdi horren aurreko aldiaren ikuspegi interesgarria eskaintzen du Thannhauser Bildumak gaur egun. Haren baitan jasotako lanek artea teknika eta genero akademikoetatik askatu nahi zuten abangoardiako kideak nabarmentzen ditu; horretarako, artista horiek naturaren eragin iragankorrak eta hiriarekin lotutako gaiak arakatzen zituzten, eta pintzelkada arinak eta ez-ohiko konposizioak bezalako baliabide estilistikoak erabiltzen zituzten. Haien jardunbide berritzaileek bizirik jarraitu zuten hurrengo hamarraldietan ere; beste artista batzuk plano piktorikoa hausten eta fazetatzen hasi ziren, eta XX. mende hasierako hirien ikuskizun aldakorra irudikatzen. Van Goghetik Picassora: Thannhauser ondarea erakusketak Thannhauserrek bere garaiko artista iraultzaileenetako batzuekiko zuen konpromisoa azalarazten du eta, aldi berean, Thannhauser familiaren pentsaera irekia eta arte esperimentalari eman zion babes irmoa erakusten ditu; izan ere, ondare horrek bizirik jarraitzen du Guggenheimen.

Komisarioa: Megan Fontanella

Pablo Picasso
Emakume ilehoria (Femme aux cheveux jaunes), Paris, 1931ko abendua
Olio-pintura mihise gainean
100 x 81 cm
Solomon R. Guggenheim Museum, New York, Thannhauser Bilduma, honen dohaintza: Justin K. Thannhauser 78.2514.59
© Sucesión Pablo Picasso, VEGAP, Madrid, 2018

×