
Arte Liluragarria
Ongi etorri Guggenheim Bilbao Museora!
Artea lagungarri izan dakiguke gure emozioak hobeto ulertzeko?
Bisita ezazu Museoa zeure kasa eta ezagutu Bildumako artelan batzuek zer-nolako lilura eta erakarpena pizten duten ikusleengan. Artearen eta emozioen arteko harremanari buruzko esperimentu digital baten emaitzetan oinarritu gara hemen aurkeztutako obrak hautatzeko orduan, eta zuk zeuk ere izango duzu esperimentu horretan parte hartzeko aukera ibilbidean zehar.
Zure esperientzia atsegina izatea espero dugu.

Arcos rojos / Arku gorriak
Salbeko zubia
Sar zaitez Museora eta, Atriora iristen zarenean, irten terrazara. Bertatik, Salbeko zubi aldera begira jarrita, Arcos rojos / Arku gorriak eskultura monumentala ikus ahal izango duzu.
Daniel Buren artista frantsesaren obra hori Museoaren hamargarren urteurrena dela-eta inauguratu zen, eta, hari esker, Salbeko zubiaren egitura are ikusgarriagoa da eta presentzia eta dinamismo handiagoak ditu.
Artistak pieza bertikal izugarri bat diseinatu zuen, jatorrizko eraikuntzarekiko perpendikularra eta elkarrengandik distantzia berera kokatutako hiru zirkuluk ebakia.
Pieza sortzerakoan, Burenek oso kontuan izan zituen testuinguruaren ezaugarriak. Horietako bat, esaterako, obraren ezohiko kokalekua da; izan ere, garaipen-arkua edo sarrera/irteera atea balitz bezala, hiriaren erdigunerako sarbidea ematen duen zubi batean dago kokatuta.
Nola uste duzu sentituko zinatekeela gorri koloreko obra izugarri horren azpitik igarotzean?
Daniel Buren, Arcos rojos / Arku gorriak, 2007
Panel ijeztu trinkoak, aluminioa, altzairu galbanizatua, PVC filma, metakrilato zeharrargia, LEDak eta metalezko halogenuro-proiektagailuak
Aldatutako egituraren neurriak: 57,5 x 27,85 x 2,17 m
Guggenheim Bilbao Museoa

Ama
Itsasadarraren ondoko terraza
Ama Louise Bourgeoisen eskulturarik handinahienetakoa da, eta armiarmak inspirazio-iturri dituen sail baten parte da. Hain zuzen ere, artistak 1940ko hamarkadan egindako hainbat marrazkitan agertu zen lehen aldiz armiarmaren motibo hori, eta laurogeita hamarreko hamarkadan garrantzi handia izan zuen bere obran. Armiarmaren ikonografia oso presente dago artistaren ibilbidean, eta amari egindako omenaldi bat da, ama ehulea baitzuen.
Bourgeois diziplina anitzeko artista izan zen, baina eskultura izan zen haren adierazpide nagusia, artea espazioarekin lotzeko aukera ematen zion eta. Ama eskulturak ia 9 metroko garaiera du, eta badirudi mehatxari hurbiltzen zaigula, baina, era berean, erakargarri zaigu, eta bikaina eta babeslea ere izan daiteke. Zergatik ote?
Louise Bourgeois, Ama (Maman), 1999
Brontzea, marmola eta altzairu herdoilgaitza
927 x 891 x 1023 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Itsaso gorakorra
304 aretoa, hirugarren solairua
El Anatsui bere metalezko eskultura berezi eta iradokitzaileengatik da ezaguna batik bat. Afrikako molde artistiko tradizionaletan sakonki errotutako obrak dira Anatsuirenak, eta artistak eskultura ulertzeko duen berezko ikuspuntua erakusten dute estetika garaikide globala erabiliz. Halaber, haren lanek hainbat irakurketa egiteko aukera eskaintzen dute Afrikaren historiaren eta kolonialismoaren inguruan.
Anatsuik darabilen prozesu teknikoa harrigarria da. Zure ustez, nola gauzatuko ote du?
Itsaso gorakorra lana ohartarazpen bat da, naturak eta zibilizazioek bat-bateko aldaketak izan ditzaketela dioen abisua. Haren eskala klima-aldaketaren izugarrikeriaren metafora da.
Nola sentiarazten zaitu zilar koloreko itsaso gorakor honek?
El Anatsui, Itsaso gorakorra (Rising Sea), 2019
Aluminioa eta kobrezko haria
800 x 1400 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Like Beauty in Flames
Jenny Holzerrek askotan lortu du bere proiektu artistikoak espazio publikoan txertatzea, eta hitza izaten da bere obrako adierazpide nagusietako bat.
Laurogeiko hamarkadaz geroztik, Holzerrek injustiziaren, zapalkuntzaren, botere-gehiegikeriaren eta abarren kontrako aforismoak eta salaketa-mezuak bota izan ditu mundura. Pantaila elektronikoak, eskala handiko proiekzioak edota alde batetik bestera dabiltzan kamioietan jarritako errotulu digitalak erabili izan ditu horretarako, baita oraintxe ikusten ari zaretena bezalako marmol hotzezko bankuak ere.
Hurbildu zaitez balkoiko barandara eta deskarga ezazu zure mugikorrean Like Beauty in Flames lan digital bereziaren aplikazioa. Artelan horretan, Holzerrek errealitate areagotua erabili du sorkuntzarako bide gisa, eta aplikazioak hiru esperientzia ezberdin eskaintzen ditu: toki jakin batean kokatuta Museoaren arkitekturarekin hartu-emanean dauden bi obra eta… munduko edozein lekutatik aktiba daitekeen hirugarren bat!
Jenny Holzer
Like Beauty in Flames
2021

Gabarra
303 aretoa
Beti edozein filiazio artistikotik oso urrun egon bazen ere, Robert Rauschenberg Iparramerikako gerraosteko bilakaera artistikoaren zati handi baten aitzindaritzat jo izan da espresionismo abstraktuaren garaitik.
1962an, Andy Warholen estudiora egindako bisita baten ondoren, Rauschenbergek serigrafiak erabiltzeari ekin zion pinturetan irudi errealak sartzeko, hasi bere argazkietatik eta komunikabide ezagunetan aurkitutako beste batzuetara. Teknika berritzaile horri esker, irudiak eskala askoz ere handiagoan erreproduzitu eta beste testuinguru batzuetan berrerabil zitzakeen.
Gabarra, ia hamar metro zabaleko mihisea, Rauschenbergen pintura serigrafiatuetako handiena da. Obra zuri, beltz eta gris itzel horrek artistak bere pintura serigrafiatuetan behin eta berriz erabilitako gai eta irudi asko biltzen ditu.
Gai al zara horiek identifikatzeko?
Robert Rauschenberg, Gabarra (Barge), 1962–63
Olio-pintura eta serigrafiatutako tinta mihise gainean
208 x 980,5 x 5,2 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

ARTETIK: From the Art
303 aretoaren ondoko korridorea
Zer sentitzen duzu artelan bati begiratzean? Zure ustez, gainerakoek ere gauza bera sentituko al dute haren aurrean?
Ez galdu ARTETIK: From the Art esperientzia digitala!
Instalazio horrek Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma osatzen duten artelanek pizten dizkizuten emozioak arakatzeko aukera eskainiko dizu. Arian-arian osatuz doan esperientzia digitala da, eta emozioen grafiko kolektibo bat sortzen du bisitariek erabili ahala.
Senti ezazu artea Museoaren Bildumaren bidez eta parteka itzazu zure emozioak! Ikusleengan lilura pizten duten beste obra batzuk ere ezagutzeko aukera izango duzu.
Ibilbide hau amaitu da. Esperientziaz gozatu izana espero dugu. Honako hauek obra liluragarrien zenbait adibide baino ez dira. Ez galdu Museoan zehar dauden beste horrenbeste: jarrai ezazu bisita zeure kabuz arteak duen erakarpen-indarra sentitzen segitu ahal izateko.
Laster arte!