Galerias-Intersecciones

Arte liluragarria familientzat

Ongi etorri Guggenheim Bilbao Museora!

Eraikin hau zoragarria da! Bertan, obra liluragarri eta harrigarriak ikus ahal izango dituzu, eta, ziurrenik, zure esperientzia aberastuko duten emozioak sentituko dituzu.

MAPA

Arcos Rojos / Arku gorriak
Arcos Rojos

Arcos Rojos / Arku gorriak

Sar zaitez Museora, zeharkatu Atrioa eta… irten terrazara. Bertatik, Salbeko zubi aldera begira jarrita, eskultura monumental hau ikus ahal izango duzu.

Zubiak obra zeharkatzen du, eta horrexek berak sormen-lan bikaina bihurtzen du Daniel Burenen artelan hau. Nola egin ote zuen artista frantsesak? Pieza bertikal izugarri bat jarri zuen zubiarekiko perpendikular, hiru zirkuluk ebakia.

Obra hau hiriaren erdigunera sartzeko eta bertatik irteteko ate handi bat bezalakoa da. Nola sentituko zinateke gorri koloreko artelan izugarriaren azpitik igarotzean?

Daniel Buren, Arcos rojos / Arku gorriak, 2007
Panel ijeztu trinkoak, aluminioa, altzairu galbanizatua, PVC filma, metakrilato zeharrargia, LEDak eta metalezko halogenuro-proiektagailuak
Aldatutako egituraren neurriak: 57,5 x 27,85 x 2,17 m
Guggenheim Bilbao Museoa

Ama
Bourgeois L  Mamá Maman 1999 scaled

Ama

Itsasadarraren ondoko terraza

Ama Louise Bourgeois artistak sortutako brontzezko armiarma erraldoia da, hanka luze-luze eta finak dituena.

Zergatik deitzen ote da Ama armiarma itzel baten itxura duen eskultura bat? Ama bat gogorarazten al dizu? Artistak mundura ekarri zuen amari egindako omenaldia da, berez. Bourgeoisen amak tapizak egiten zituen, hau da, hariekin egindako piezak… armiarma-sareak bezalaxe!

Museotik ateratzean, zoaz Ama eskulturara eta jarri haren azpian. Bertan zaudenean, begiratu gorantz. Zer ikusten duzu? Zure ustez, artistak zergatik itxuratu zuen horrela? Nola sentiarazten zaitu?

 

Louise Bourgeois, Ama (Maman), 1999
Brontzea, marmola eta altzairu herdoilgaitza
927 x 891 x 1023 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Itsaso gorakorra
El Anatsui

Itsaso gorakorra

304 aretoa, hirugarren solairua

El Anatsui artista afrikarra bere metalezko eskultura harrigarriengatik da ezaguna batez ere. Zure ustez, nola egiten ote ditu? Egileak talde-lanera jotzen du, eta laguntzaile-talde bati esker egiten lan zail bezain pisutsu bat: erabilitako aluminio-zatiak lautu, bihurritu, zanpatu eta bata besteari josi kobrezko hariarekin.

El Anatsuik, gainera, klima-aldaketa jorratzen du. Pieza honekin zera ematen du aditzera, itsasoaren mailak gora egin eta orain baino lurrazal gehiago estal lezakeela, baita desagerrarazi ere. Obra hau Planeta zaintzeko mezu bat da.

Nola sentitzen zara zilar koloreko itsaso gorakor honen aurrean?

El Anatsui, Itsaso gorakorra (Rising Sea), 2019
Aluminioa eta kobrezko haria
800 x 1400 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Like Beauty in Flames
Like Beauty In Flames

Like Beauty in Flames

Hirugarren solairuko balkoia

Jenny Holzerrek sentimenduei, barruko pentsamenduei eta sekretuei buruzko hitzak erabiltzen ditu bere artelanetan, normalean ahapeka eta belarrira esaten diren horietakoak. Badirudi, baina, berak ozenki esaten dituela, mundu guztiak entzun ditzan!

Hurbil zaitez balkoiko barandara kontuz-kontuz eta eskatu zurekin doan helduren bati mugikorrean Like Beauty in Flames obra digitalaren aplikazioa deskargatzeko.

Zerekin eginda dago obra hau?

Holzerrek errealitate areagotua erabili du Museoaren eraikinarekin inguruko hainbat tokitatik “hitz egiten duten” obrak sortzeko, eta munduko edozein lekutatik aktiba daitekeen hirugarren aukera bat ere eskaintzen du!

 

Jenny Holzer
Like Beauty in Flames
2021

Gabarra
Rauschenberg R Barcaza Barge 1962 63 scaled

Gabarra

303 aretoa

Robert Rauschenberg artista estatubatuarrak egunkarietan, aldizkarietan eta abarretan aurkitutako albisteen eta iragarkien irudiak erabiltzen zituen bere lanetan, eta irudi horiek bere herrialdeko bizitzaren erakusgarri izan ohi ziren. Bere argazkiak ere erabiltzen zituen. Gai al zara haiek identifikatzeko?

Gabarra ia hamar metro zabaleko mihisea da, Rauschenbergen pintura serigrafiatuetan handiena. Obra monumental honetan, artistak zuria, beltza eta grisa baino ez zituen erabili. Zergatik egin ote zuen hori?

Robert Rauschenberg, Gabarra (Barge), 1962–63
Olio-pintura eta serigrafiatutako tinta mihise gainean
208 x 980,5 x 5,2 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

ARTETIK: From the Art
Artetik

ARTETIK: From the Art

303 aretoaren ondoko korridorea

Zer sentitzen duzu artelan bati begiratzean? Ez galdu ARTETIK: From the Art esperientzia digitala!

Hautatu Museoaren Bildumako obra bat, dela gehien gustatzen zaizuna, dela zerbaitegatik deigarri egin zaizuna; ondoren, aukeratu eragin dizun emozioa… eta ikusi emaitza. Txundigarria!

Senti ezazu artea Museoaren Bildumaren bidez eta parteka itzazu zure emozioak! Ikusleengan lilura pizten duten beste obra batzuk ere ezagutzeko aukera izango duzu.

Proiektua Guggenheim Bilbao Museoaren eta Google Arts & Culture ekimenaren arteko elkarlana da.

Ibilbide hau amaitu da. Esperientziaz gozatu izana espero dugu. Honako hauek obra liluragarrien zenbait adibide baino ez dira. Ez galdu Museoan zehar dauden beste horrenbeste: jarrai ezazu bisita zeure kabuz arteak duen erakarpen-indarra sentitzen segitu ahal izateko. Laster arte!

Beste ibilbide batzuk