Guggenheim
Sarrera

Richard Long
Bilboko Zirkulua (Bilbao Circle), 2000
Delabole-ko arbela
Diametroa: 13 m
Guggenheim Bilbao Museoa
Argazkia: Erika Barahona Ede
© FMGB Guggenheim Bilbao Museoa

“Nire lana askoz gehiago da askatasunaren eta ia ezerezetik, ibili eta lorratzak uztearekin bakarrik, artea egitearen ideiei buruzkoa. Inoiz ez dut monumentuak egiteko interesik izan. Munduko artista bat naiz ni”. Richard Long, 2014[1]

Richard Long (Bristol, 1945eko ekainak 2) Land Art deitutako korrontearen artista britainiar esanguratsuenetako bat da. Bere obra adierazgarrienak sortzeko, ordu, egun edo aste luzez ibili ohi da Long, distantzia handiak ibiliz; ondoren, dimentsio handiko argazkien bitartez dokumentatzen ditu bere ibilerak, legendak, mapak eta hitz deskriptiboen zerrendak erabiliz, gero obra indibidual gisa erakusteko. Ingalaterra, Irlanda edo Eskoziako landazabala, Nepal eta Japoneko mendiak eta Afrika, Mexiko eta Boliviako lautadak dira bere obrak gauzatzeko bisitatu dituen tokietako batzuk.

1967an, 22 urte baino ez zeuzkala, bere lehen ibilaldia egin zuen Wiltshire konderriko (Ingalaterra) belardi batean zehar, bere pausuak behin eta berriz errepikatu artean belarra zanpatuz, bidexka lerrozuzen bat osatu arte, lur-eremuan ondo definitutako lerro bat sortzeko asmoarekin. Ibilaldi luzearen ondoren, bere pausuek markatutako paisaiaren argazki bat atera eta joan egin zen; hala, bere presentziaren testigantza utzi zuen bertan. Ibilaldia eta ibilalditik sortutako dokumentazioa artelan bilakatzea zen bere asmoa. Ibilian marrazturiko lerroa (A Line Made by Walking, 1967) lanak bizitza-bidaia bat ireki zion artistari —nahiz eta bere asmoa naturako arrastoekin esperimentatzea baino ez zen—; ibiltzea bezalako ekintza hain oinarrizko eta eguneroko bat arte-erreminta bilakatzera eraman du bizitza-bidaia horrek[2]. Ekintza hori izan zen ibilbide baten hasiera markatu zuena, artista mundu osoko paisaiak esploratu eta horietan esku-hartzera eraman duena, lurrak aldatuz, naturan bertan materialak tokiz aldatuz edo material horiek museoetako aretoetaraino eramateko ateraz.

Longen ibilaldiak ez dira ez arbitrarioak ez kasualak, bidean zehar lan desberdinak ezartzen dizkiolako artistak bere buruari: adibidez, lerro erabat zuzenean ibiltzea distantzia jakin bat, ibai baten ibilgua jarraitzea iristen deneraino, edo harriak jasotzea, gero noizean behin bidean erortzen uzten joateko. Gainera, bere ibilaldietan, sakonki ikertzen ditu Long-ek tokiak, naturak eskaintzen dizkion elementuak kontuan hartuta, natura irudien bitartez erregistratuz, eta espazio ireki horietako historiaz jantziz eta horiek betetzen dituzten energiak jasoz.

Toki bakoitzeko naturarekiko, florarekiko eta faunarekiko errespetu handiak gidatuta, Longek ez du sekula aldaketa esanguratsurik egiten paisaietan: arinki markatzen du lurra, jada existitzen diren elementu naturaletako batzuk aldatu edo nabarmentzen ditu, harriak altxatuz, egurrak erabiliz edo trazu sinpleak eginez. Hala, eskultura xumeak sortzen ditu toki bakoitzeko materialekin, eta bere presentziaren testigantza uzten du. Testigantza horrek galkorra behar du izan Longen ustetan, eta, hori dela eta, aire zabalean uzten ditu bere obrak, haizeak, euriak edo mareek pixkanaka desegin ditzaten. Horrela, gizon-emakumeek naturarekiko duten domeinua ukatzen saiatzen da artista. Eskultura organiko horiei ateratako argazkiak dira existitu izan direnaren zantzu bakarra, erosioak bere lana egin ondoren[3].

Halere, Richard Longen obrak ez dagozkio beti arte iragankorrari eta ez dira beti aire zabalean egindakoak. Batzuetan, bere ibilaldi luzeen ondoren, museoetan edo arte-aretoetan erakusten dituen eskultura eta marrazki bilakatzen ditu artistak naturarekin izandako esperientzia pertsonalak. Obra horietan lokatza, arrokak, arbela, lumak, pinu-orratzak, makilak eta beste landa-material batzuk baliatzen ditu, ibili dituen bideen metafora bilakatzen direnak. Espiralak, zirkuluak eta lerroak ikusgai dauden espazioen hormetatik haratago luzatzen dira askotan, artistak egin dituen distantzia errealak marraztuz eta irudikatuz. 2000. urtean Guggenheim Bilbao Museoarentzat sortutako Bilboko Zirkulua (Bilbao Circle) lanean, artistak berak egindako bidaldia berritu dezake ikusleak, eskultura inguratzean.

Delabole-ko harrobitik ateratako arbel-piezek osatzen dute Bilboko Zirkulua; Kornualleseko herria da Delabole, eta Ingalaterra osoan funtzionamenduan segitzen duen arbel-harrobi zaharrena izateagatik da ezaguna. Harria da gizon-emakumeek erremintak egiteko erabilitako lehen materialetako bat, eta hori dela eta da, preseski, artistaren material kuttunenetako bat. Bilboko Zirkulua, Longek material berberarekin egindako beste obra batzuekin batera, arbel-zati txikiekin dago eraikia, ahal den neurrian bere izaera naturala mantentzeko. Hala, artistaren erabakiz egin zen zirkulu-forma, baina mantendu egiten dira arbel-pieza bakoitzaren forma naturala eta ezaugarriak. Goitik ikusiz gero, ereindako lurretan hautematen diren zirkulu-konfigurazioak ekar ditzake obrak gogora, edo Stonehenge-koak bezalako historiaurreko formazioak. Gizakiak lurrarekiko zeukan harreman izpiritualagoak ezaugarritutako garaiak dakartzate gogora Longen obra guztiek[4].

Galderak

Behatu arretaz obra: Zer ikusten duzue? Zein hitz erabiliko zenukete hura deskribatzeko? Komentatu bere forma, materiala eta espazioarekin duen harremana. Zein forma geometriko ikus dezakezue bertan? Zerk deitzen dizue arreta?

Long leku espezifikoetara joaten da, bere lanetarako materialak batzeko asmoz. Zergatik uste duzue egiten duela hori? Bilboko Zirkulua Delabole-ko arbelaz egina dago. Ikertu material horren ezaugarriak zeintzuk diren. Zergatik uste duzue hautatu zuela material hori? Zer ekartzen dizue gogora? Zein sentsazio izango zenukete, aukera izanez gero, eskultura ukitzeko aukera bazenute?

Zirkuluak 13 metrotako diametroa dauka. Neurtu zuen ikasgelako edo patioko zoruko espazioa dimentsioak hauteman ahal izateko, konparaketa bat eginez. Nola uste duzue eragiten diela gauzen tamainak haiek hautemateko dugun moduari? Beraz, zein eragin dauka obra baten tamainak obrari begiratzeko gure moduan? Imajinatu Bilboko Zirkulua eskala askoz txikiagoan: nola aldatuko litzateke zuen pertzepzioa? Zergatik uste duzue erabaki duela Longek eskala hori erabiltzea? Bilboko Zirkulua eskultura inguratuz gero, artistaren bidaldia berriz bizitu dezake ikusleak. Ibili obraren inguruan, zer sentitzen duzue?

Zirkulu-forma artistaren erabakiz egin zen, baina arbel-pieza bakoitzaren forma naturala eta ezaugarriak mantenduz. Hau da, bere obrak landu edo zizelkatu beharrean, naturan aurkitzen dituen materialekin gauzatzen ditu Longek, eta ez ditu material horiek aldatzen. Zer iruditzen zaizue artistak propio hartutako erabakia, obrak esklusiboki naturatik zuzenean ateratako materialekin eta moldatu gabe egitearena? Zein abantaila eta desabantaila uste duzue dauzkala artistaren lan egiteko moduak? Zergatik hautatu ote du hala egitea?

Land Art deitutako korrontearen artista esanguratsuenetako bat da Long. Ez du inoiz aldaketa esanguratsurik egiten lan egiten duen paisaietan; natura aldi batez aldatzeko saiakera da egiten duena, bere presentziaren testigantza iragankorra utziz. Zer uste duzue lan egiteko modu honetaz?  Zergatik uste duzue hautatzen duela artista askok paisaia bere lanak sortzeko arte-erreminta gisa? Zeintzuk dira arte-baliabide hau hautatu izanaren abantaila eta desabantailak?

Jarduerak

Eskultura kanpoaldean, material naturalak erabilita

Richard Longen obra gehienak ibilaldi luzeen ondoren sortu ziren. Naturarekin izandako bere esperientzia pertsonalak dira lokatzarekin, arrokekin, arbelarekin, lumekin, pinu-orratzekin, makilekin eta beste landa-material batzuekin egindako eskultura eta marrazkien inspirazio-iturria.  Eska iezaiozue pertsona heldu bati zuekin ibilaldi bat egitera joatea, bereziki erakargarria suertatzen zaizuen toki bat aurkitzeko helburuarekin, natura-ingurune batean ahal izanez gero (basoa, parkea, bidexka bat, etab.). Behin bertan, bildu material naturalak eta osatu eskultura txiki bat. Longen piezetako asko bezala, obra naturarekin integratzen utz dezakezue.  Atera argazki bat eta partekatu esperientzia ikasgelan.

Topatu obra instalatzeko beste leku bat

Richard Longen obretako asko kanpoaldean kokatzeko izan dira sortuak. Imajinatu Bilboko Zirkulua bizi zareten herri edo hirira eraman dutela. Zein uste duzue dela obra kokatzeko lekurik egokiena? Zergatik? Konparatu hautatu duzuen lekua gainerako ikaskideek proposatutakoarekin.

Segidan, atera argazkiak eskultura instalatzeko egokitzat jotzen dituzuen zenbait espazio publikori . Pasa argazkiak ordenagailu batera eta inportatu edizio-programa batera, Microsoft Paint edo Adobe Photoshop-era esaterako. Ediziorako programetako batekin ere ari zaitezkete, obrako irudiak moztuz eta espazio desberdinetan probak eginez, egokiena aurkitu arte.  Esteka hau balia dezakezue Longen irudiak deskargatzeko.

Hausnartu ikasgelan: Nola aldatu ahal izan da obra beste testuinguru batean egonda? Zer da zure ikaskideen obretatik arreta eman dizuna?

Egin Richard Longen obra bat zure ikaskideekin

Behatu arretaz bideoa, Guggenheim Bilbao Museoaren XX. Urteurrenaren motiboz egina. 5 edo 6 kideko taldetan, bilatu Interneten Richard Longek bere ibilbidean zehar sorturiko obra desberdinak. Hautatu gustukoen duzuen obra eta egin zuen gorputzekin. Behar izanez gero, modu berezi batean jantz zaitezkete, obrak eskatu ahala. Zuen gorputzak erabilita obra osatu ondoren, hausnartu nola hautematen duzuen obra orain. Obraren esperimentaziotik abiatuta aldatu al da hari buruz duzuen ikuskera? Argazkiak ateratzeko eska diezaiokezue norbaiti, eta ikasgelan erakuts ditzakezue, artistaren obrarekin batera.

HIZTEGIA

Land Art: artista batek naturako leku jakin batean egiten duen esku-hartzean datzan arte-praktika; hala, inguruarekin integratzen den lan bat sortu eta topografiarekin duen harremana aztertzen du.

Arte iragankorra: denbora-tarte labur batez baino existitzen ez diren obren sorkuntzari esaten zaio, gero desagertu edo suntsitu egingo direnak.

ESTEKAK

https://www.guggenheim-bilbao.eus/obras/circulo-de-bilbao-bilbao-circle/
http://blog.caroinc.net/entevista-a-richard-long/
http://especial.elcorreo.com/2017/20-aniversario-guggenheim-bilbao/artciones-20long.html
http://www.richardlong.org/
https://elpais.com/elpais/2016/03/18/icon/1458294092_537417.html
https://www.guggenheim.org/artwork/artist/richard-long
https://www.guggenheim-bilbao.eus/artistas/richard-long/bio/
https://www.guggenheim-bilbao.eus/obras/circulo-de-bilbao-bilbao-circle/

Oharrak

[1] http://blog.caroinc.net/entevista-a-richard-long/
[2] http://blog.caroinc.net/entevista-a-richard-long/
[3] https://www.guggenheim-bilbao.eus/obras/circulo-de-bilbao-bilbao-circle/
[4] https://www.guggenheim-bilbao.eus/obras/circulo-de-bilbao-bilbao-circle/