Guggenheim
Jenny Holzer | Obras | Guggenheim Bilbao Museoa
Jenny Holzer | Obras | Guggenheim Bilbao Museoa
Jenny Holzer
Bilborako instalazioa (Installation for Bilbao), 1997/2017

Bi aurpegiko bederatzi zutabe, LED argi gorri eta urdinekin
Kokapen zehatzeko neurriak
Testua: Arno (1996)
© 2019 Jenny Holzer, member Artists Rights Society (ARS), NY/ VEGAP
Guggenheim Bilbao Museoa
Argazkia: Erika Barahona Ede

Pareja Arno | Obras | Guggenheim Bilbao Museoa
Jenny Holzer
Arno bikotea (Arno Pair), 2010

Marmol zurizko banku makotuak
275,3 x 76,2 x 45,7 cm bakoitzak
Testua: Arno, 1996
© 2019 Jenny Holzer, member Artists Rights Society (ARS), NY/ VEGAP
Guggenheim Bilbao Museoa
Artistak dohaintzan emana
Argazkia: Erika Barahona Ede

Sarrera

“Errotulu elektronikoen abantaila handi bat edukia mugiarazteko duten ahalmena da. Oso gustuko dut, mugimendua ahozko hitzaren oso antzekoa baita: esaldi batzuetan jar dezakezu enfasia; aurrera egin dezakezu, eta etenaldia egin; ahots-inflexioaren baliokide zinetikoa da. Benetako abantaila da programatzeko ahalmen hori izatea. Testuak idazterakoan, ozen ahoskatzen ditut hitzak, edo testuak idatzi ondoren hitzak esaten ditut, haiek probatzeko. Testua mugimenduan jartzeko aukera prozesu horren luzapen bat da”. — Jenny Holzer

Berrogei urtetik gorako ibilbidean, Jenny Holzerrek (Ohio, AEB, 1950) espazio publikoetan eta nazioarteko erakusketetan aurkeztu ditu bere ideia, argudio eta nahigabe garratzak. Idatzizko hitza erabiltzen du, elastikoetan, metalezko xafletan edo LED argidun idazkunetan, eta alderdi publikoa funtsezkoa da haren lanaren intentzionalitatean. Holzerren praktikak ezjakintasunari eta indarkeriari egin die aurre umorez, maitasunez eta ausardiaz; haren hastapenetan, 1970eko hamarkadan, New Yorkeko kaleetan itsatsi zituen karteletatik, duela gutxi paisaia eta eraikinetan egindako proiekzioetaraino.

Haren ibilbideko faseetako bakoitzean, Holzerren arteak elkarrizketa bat sortu du egungo gaien inguruan: gatazka politikoak edo belikoak, justizia soziala, genero-berdintasuna, etab. Haren ikuspegi feminista oraindik ere inspirazio-iturri da giza eskubideen aldeko gaur egungo borrokan, eta haren testuak inspirazio-iturri dira aktibista eta jarraitzaileen beste belaunaldi batentzat. Gaur egun, Holzerren arteak ikusleari zuzenduta jarraitzen du, eta eztabaidarako eremu bat sortzen.

1980ko hamarkadatik, Holzerrek azken teknologia erabili du guztiz berria den eskala batean, eta hizkuntza eraldatu du argiaren, kolorearen eta mugimenduaren bidez. Bere LED-instalazioekin —Bilborako instalazioa (Installation for Bilbao, 1997) barne, Guggenheim Bilbao Museoko 101 aretoan dagoena—, artistak erakusketa-gunera eraman zituen kaleko hitzak. Eta, geroago, eraikin eta toki enblematikoetan egindako aire zabaleko proiekzioei esker, Holzerrek hirigunera itzuli zituen testuak. Artistak idazkun elektronikoak eta proiekzioak erabili zituen hizkuntzaren ahalmenaren bidez espazioei bizia emateko bitarteko gisa.

Bilborako instalazioa (1997) obra iraunkor bat da, kokapen zehatzekoa, eta Guggenheim Bilbao Museoko 101 aretoaren konfigurazio irregularrarekin elkarrizketan sortu zen. Obrak bederatzi argi-zutabe elektroniko ditu, hamabi metroko altuerakoak. Haietan agertzen diren hitzak Holzerrek idatzi zuen Arno (1996) testutik hartutakoak dira; testu hori maite dugun norbaiten bizitzari eta heriotzari buruzkoa da. Artistak une hartan HIESaren epidemiak eragin zuen galera handiari erantzuteko jarri zuen martxan serie hau. 2017tik, obra honek osagarria du, Arno bikotea (Arno Pair, 2010), Carrarako marmol zurizko bi banku; euskarazko esaldiak grabatu zizkien artistak eta Museoari eman zizkion dohaintzan.

Bi obra horiek, Bilborako instalazioa eta Arno bikotea, eskala handiko tragedia bati eta dolu handi bati buruzkoak dira. Bankuetan idatzitako mezuek eta LED argien zutabeetan agertzen direnek (esaterako, “ZURE IZENA ESAN DUT”, “ZURE USAINA HARTU DUT NIRE ARROPETAN” eta “ZURE ARROPAK GORDE DITUT”) gai unibertsalak aipatzen dituzte: intimitatea, heriotza, dolua eta galera.

 

Galderak

Hasi Bilborako instalazioa obra esperimentatzen. Jarri haren aurrean. Ingura ezazu, begira iezaiozu kanpotik, irakurri testua eta jarri arreta argian eta isletan.

Zer iradokitzen dizu? Zer ikusten duzu haren aurrean zutik zaudela? Nola sentitzen zara? Zure ustez, zergatik sortzen ditu pieza honek erantzun horiek? Zerbait gogorarazten dizu? Zure ustez, zeri buruzkoa da?

Orain, sar zaitez aretoan. Nola sentitzen zara? Beste aldean zeundela sentitu duzun bera sentitzen duzu hemen? Non zaude erosoago? Zergatik?

Bilborako instalazioa kokapen zehatzeko artelan bat da: hura hartzen duen espazioan baina ezin da existitu, hartarako sortu baitzen. Arte modu honek oso kontuan hartzen ditu erakusketa-gunea eta obraren testuinguru zehatza; bi alderdi horiek funtsezkoak dira baliabide hori erabiltzen duten artistentzat. Zure ustez, zer eginkizun du 101 aretoak Holzerren instalazioan? Zure iritziz, nola aldatuko litzateke zure pertzepzioa instalazioa beste toki batean egongo balitz? Zure aburuz, zergatik nahi du artistak gu obraren barruan eta inguruan mugitzea? Obrari esker ikuslea eraikinera gehiago hurbiltzea nahi zuen Holzerrek. Zure ustez, lortu zuen? Arrazoitu erantzuna.

Zure iritziz, nola egin zuen artistak obra? Ikusi dituzu material horiek beste lekuren batean? Non? Nola definituko zenituzke? Zure ustez, zergatik interesatzen zaizkio artistari LED argidun idazkun elektronikoak lanerako material gisa? Zer iradokitzen dizute argien kolore desberdinek?

Jarduerak
Idatzi Holzerren obran oinarritutako poema bat

Lehenik, irakurri Bilborako instalazioa obran agertzen den Arno testua:

SARTU NAIZ
IKUSI ZAITUT
BEGIRATU DIZUT
AZTERTU ZAITUT
ZURE ZAIN NAGO
KILI-KILI EGIN DIZUT
XAXATU ZAITUT
MIATU ZAITUT
ARNASTU ZAITUT
HITZ EGIN DUT
IRRIBARRE EGIN DUT
ZURE ILEA UKITU DUT
ZEU ZARA
ZEU ZARA HAU EGIN DIDANA
NEUREA ZAITUT

ERAKUTSI DIZUT
SENTITZEN ZAITUT
GALDETU DIZUT
EZ DUT GALDETU
EZ NAGO ZAIN
EZ DIZUT GALDETUKO
EZIN DIZUT ESAN
GEZURRA ESAN DUT

NEGAR BATEAN NAGO
ODOLA ZEGOEN
INORK EZ ZIDAN ESAN
INORK EZ ZEKIEN
GURE AMAK BADAKI

ZURE IZENA AHAZTU ZAIT
EZ DUT PENTSATZEN
NIRE BURUA LURPERATU DUT
ZURE BURUA LURPERATU DUT
ZEU LURPERATU ZAITUT

NIRE SUKARRA
NIRE AZALA
EZIN DUT ARNASARIK HARTU
EZIN DUT JAN
EZIN NAIZ IBILI
DENBORA GALTZEN ARI NAIZ
ATZERA EGITEN ARI NAIZ
EZIN DUT JASAN

NEGAR EGIN DUT
GARRASI EGIN DUT
AUSIKI EGIN DUT
ZURE EZPAINA AUSIKI DUT
ZURE ARNASA ARNASTU DUT
TAUPADAK EMAN DITUT
OTOITZ EGIN DUT
OZENKI EGIN DUT OTOITZ
ZURE USAINA HARTU DUT

NIRE AZALEAN
HITZA ESAN DUT
ZURE IZENA ESAN DUT
ESTALI EGIN ZAITUT
BABESTU EGIN ZAITUT
ZUGANDIK IHES EGIN DUT
ZURE ONDOAN EGIN DUT LO
ZURE USAINA HARTU DUT
NIRE ARROPETAN
ZURE ARROPAK GORDE DITUT

– Aukeratu Jenny Holzerren obran iradokitzaileenak iruditzen zaizkizun zazpi esaldiak eta erabil itzazu testu labur bat edo poema bat idazteko.

– Pentsatu zergatik aukeratu dituzun esaldi horiek.

– Ikasgelan, Holzerren esaldien zerrenda eskuan duzula, markatu zeintzuk hautatu dituzten gainerako ikasleek.

– Zenbat ikaskidek aukeratu dituzte berberak?

– Zure ustez, zergatik?

– Esaldi horiek ondo islatzen dute Holzerren obra?

– Irakurri testua gainerako ikasleen aurrean. Zurearen moduko sentsazio bat dute?

Sortu kokapen zehatzeko zeure instalazioa eta LED argidun testuak

Kokapen zehatzeko obrak toki jakin baterako sortutako artelanak dira; beraz, ezin dira lekuz aldatu, ezta beste toki batean erakutsi ere. Instalazioak erakusketa-gunearen esperientzia dakar; hori funtsezkoa izan ohi da maiz, artistak obra honekin lortu nahi duen helburua lortzeko.

Prozesuari hasiera emateko, pentsatu non erakutsi nahiko zenukeen instalazioa. Paper laukiduna, kokapenaren argazkiak edo/eta poliestireno hedatuz egindako hiru dimentsioko eredu bat erabilita, prestatu obrarako planoak. LED argidun zenbat idazkun izango zenituzke? Non jarriko zenituzke? Funtsezko zer ideia ezagutarazi nahi zenuke? Ziurtatu kontuan hartzen duzula ez bakarrik arkitektura, baizik eta baita tokiaren funtzioa eta haren historia ere. Instalazioa diseinatu ondoren, hasi testuan pentsatzen.

Holzerrek errotulurako testua sortzeko erabili zuen metodoari jarraiki, pentsatu nola sentiarazten zaituen hautatu duzun espazioak. Pozik edo triste sentitzen zara bertan? Nola adieraz ditzakezu sentimendu horiek hitzez? Idatzi zure pentsamenduak islatzen dituzten zenbait esaldi. Sortu duzun testua erabilita, eta Jenny Holzerren obran oinarrituta, sortu zeure instalazioa.

Gailu mugikorretarako aplikazio batekin (adibidez, Banner Free), sortu LED moduko efektuak. Testua prest duzunean, ireki aplikazioa, eta hautatu letra mota eta kolorea, zer sentimendu adierazi nahi dituzun.

Aurkeztu proiektua ikasgelan. Nahi izanez gero, erakutsi obra diseinatzeko egin duzun marrazkia soilik, edo sortu hiru dimentsioko elementu bat kartulina eta pintura erabilita.

Hiztegia

Arte publikoa: edozein teknika erabilita egindako artea, espazio publikoan erakusteko asmoz sortutakoa, normalean aire zabalean eta mundu guztiak ikusteko moduan.

Artista kontzeptualak: artelan baten kontzeptua edo ideia estetika tradizionalaren eta alderdi tekniko eta materialen gainetik dagoela uste duten sortzaileak.

Instalazioa: hiru dimentsioko obrak definitzen dituen genero artistikoa; normalean, kokapen zehatzekoak izaten dira, espazio baten pertzepzioa eraldatzeko sortuak. Batzuetan, ikusleak obrekin elkarrekintzan aritu daitezke, edo haietan barrena mugitu.

Kokapen zehatzeko artelana: toki zehatz baterako sortutako obra. Artistak tokia eta haren testuingurua hartzen ditu kontuan artelana prestatu eta sortzerakoan.

Estekak

https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/lanak/bilborako-instalazioa/
https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/lanak/arno-bikotea/
https://www.tate.org.uk/whats-on/tate-modern/exhibition/artist-rooms-jenny-holzer
https://projects.jennyholzer.com/
https://www.macba.cat/es/jenny-holzer