Menú

Ai Weiwei. Zinema documental-zikloa

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia (2018ko maiatzak 11–irailak 23) erakusketa osatzeko, Guggenheim Bilbao Museoak Ai Weiwei (Pekin, 1957) artista, zinemagile eta pentsalariari eskainitako dokumental-zikloa emango du. Irudi disidente horrek egindako filmen hautaketa bat eskainiko du zikloak, erakusketak hartzen duen epealdia taxutu zuten errealitate politikoen testuingurua azaltze aldera.

Ekainak 1, ostirala
18:30 h. Human Flow (2017) 144 min.
Jatorrizko bertsioa gaztelerazko azpitituluekin. A&P New Films
Zuzendaria: Ai Weiwei

65 milioi pertsonak baino gehiagok haien etxeak utzi behar izan dituzte, gosetik, klima-aldaketatik eta gerratik ihesi; Bigarren Mundu Gerratik gizadiaren historian izandako migrazio-fluxurik handiena da. Masako exodo horren adierazpen bisual boteretsua da Human Flow, eta errefuxiatuen krisiaren izugarrikeriari eta horren giza inpaktu sakonari heltzen dio.
Kamera eskuan eta urtebeteko epean grabatu zuen Aik dokumental hau, historia pertsonal dramatikoen kate bati jarraika, mundu osoko 23 herrialdetan zehar; hala nola, Afganistan, Bangladesh, Frantzia, Grezia, Alemania, Irak, Israel, Italia, Kenya, Mexiko edo Turkia

Ekainak 2, larunbata
16:30 h. Disturbing The Peace (2009) 79 min.
Jatorrizko bertsioa gaztelerazko azpitituluekin. Ai Weiwei Studio
Zuzendaria: Ai Weiwei

Disturbing the Peace dokumentalak Tan Zuoren idazle eta aktibistaren aurka egindako juizioren aurreko egun eta gertakariak jasotzen ditu. 2009ko abuztuak 12an izan zen epaiketa Chengdu hirian, eta bertan, “Estatuko boterearekiko subertsioa” egotzi zioten Tan-i, 1989ko Tiananmengo Gertakarien inguruko idazkiengatik, eta Sichuan probintziako 2008ko lurrikaran eraitsi eta milaka ikasleren heriotza eragin zuten eskolen eraikuntza kaxkarraren atzeko ustelkeria ikertzeagatik.

Tan Zuorenen aldeko lekukotza emateko joan zen Ai Weiwei Chengdura. Alabaina, bera eta bere lantaldea gauaren erdian esnatu eta haien logelak miatu zituzten. Sarekada hartan, Ai jipoitu eta juiziora joatea eragotzi zioten. Airen laguntzailea ere atxiki, eta isilpean atxilotu zuten.

Dokumentalak Aik bere laguntzailearen nondik norakoak jakiteko saiakerak jasotzen ditu, segurtasun indarreko organo txinatarren burokrazian barrena.

18:30 h. So Sorry (2011) 54 min.
Jatorrizko bertsioa gaztelerazko azpitituluekin. Ai Weiwei Studio
Zuzendaria: Ai Weiwei

Ai Weiweiren Disturbing the Peace filmaren sekuela da So Sorry lana (artistak 2009an Munichen egindako erakusketatik dator izenburua), eta Ai eta Txinako gobernu komunistaren arteko tentsioaren goraldia agertzen du.
Airen estudioak modu aktiboan hartu zuen parte Herri-ikerketa delakoan; 2008an Sichuango lurrikararen biktima izan ziren ikasleen izenak argitara ateratzeko saiakera izan zen hura, eta ikerketan jardun ziren artean, Ai Weiwei eta bere estudioa zaintzapean egon ziren uneoro

Aik buruko min kronikoak pairatu zituen, eta azkenean, garuneko hemorragia zela-eta larritasun-ebakuntza egin behar izan zioten, Munichen zegoela. Halaber, Ai Chengdura itzuli zeneko unea jasotzen du dokumentalak, jasandako erasoarengatik justizia bila.

19:45 h. Straight (2015) 15 min.
Jatorrizko bertsioa gaztelerazko azpitituluekin. Ai Weiwei Studio
Zuzendaria: Ai Weiwei

2008ko Sichuango lurrikararen eta Ai Weiweiren Herri-ikerketa proiektuaren ostean, eraitsitako eskolen hondakinen artetik altzairuzko 150 txatar-tona erreskatatu eta hartu zituen Aik. Hagak zuzendu eta tamaina desberdineko multzoetan ipini zituen, elegia boteretsu bat sortzeko, paisaia minimalista bat ere badena.

Ekainak 3, igandea
16:30 h. Cuento de hadas (Fairytale), 2007, 152 min
Jatorrizko bertsioa gaztelerazko azpitituluekin. Ai Weiwei Studio
Zuzendaria: Ai Weiwei

Fairytale lanak Ai Weiweiren Maitagarri-ipuina (Fairytale) proiektua dokumentatzen du; Kassel hiriko (Alemania) Documenta 12 erakusketarako gauzatu zuen hori, 2007an. Ahalegin ikaragarria eginez, jatorri eta adin desberdinetako 1001 biztanle txinatar gonbidatu zituen Aik —horietako asko sekula Txinatik atera gabeak—, haien “maitagarri-ipuin” propioa bizi zezaten arte erakusketa handi batean.
Film honek artistaren ideiak eta proiektua gauzatzeko estudioak egindako prestaketa-lanak jasotzen ditu, baita Kasellen parte hartu zutenen eskaera, bidaia eta esperientziak ere.

19:30 h. Ordos 100, 2011, 61 min
Jatorrizko bertsioa gaztelerazko azpitituluekin. Ai Weiwei Studio
Zuzendaria: Ai Weiwei

Ordos 100 eraikuntza-proiektu bat da, Herzog & de Meuron arkitekto suitzarrak eta Ai Weiwei komisario dituena; horren baitan, 27 herrialdetako 100 arkitekto hautatu zituzten, bakoitzak 1000 metro karratuko etxe bat diseina zezan, Mongoliaren barnealdeko komunitate berri batentzat. 100 etxe horiek Ai Weiweik diseinatutako hirigintza-plan baten barruan integratu ziren.

2008ko urtarrilak 25ean, arkitektoak Ordosen bildu ziren, kokagunea lehen aldiz bisitatzeko. Dokumental honek Ordosera egindako hiru bisitaldiak islatzen ditu, urbanizazioa eta etxe bakoitzaren diseinua osatu ziren garaian. Gaur egunera arte, proiektu hau ez da gauzatu.

20:45 h. The Crab House, 2011, 61 min
Jatorrizko bertsioa gaztelerazko azpitituluekin. Ai Weiwei Studio
Zuzendaria: Ai Weiwei

2008. urtearen hasieran, Jiading barrutiko gobernuak, Shanghai probintzian, Ai Weiwei gonbidatu zuen Malu hirian estudio bat eraikitzera, kulturgintza sustatzeko tokiko administrazioak abian jarritako plan baten baitan. 2010eko abuzturako, amaituta zeuden Ai Weiwei Shanghai Studio-ren eraikuntza lanak.

2010eko urrian, Shanghaiko gobernuak ilegaltzat jo zuen Ai Weiwei Shanghai Studioren eraikuntza, eta eraitsi egin zuten. 2010eko azaroaren 7an, Ai Weiwei etxe barruko atzipenaldian zegoen artean, 1000 zibernauta baino gehiago joan ziren “River Crab Feast” zelakora, Shanghai Studion.

2011ko urtarrilak 11n, Shanghaiko udal-gobernuak bortxaz eraitsi zuen Ai Weiwei Studio egun bakarrean, aldez aurreko jakinarazpenik gabe.

Lekua: Entzungela

Sarrerak: 2 € Lagunak, eta 4 € gainerakoak

 

 

Desde el hasta el .

Argibide gehiago

Astelehenetik ostiralera, 09:00-14:00, 944 35 90 90 telefonoan

Erosi orain

 

EGIN ZAITEZ LAGUN

eta arte guztia eskura izango duzu

EGIN ZAITEZ LAGUN

Cerrar

Eman izena
eta Museoaren berri guztiak jasoko dituzu.

×