Menú

Art After Dark-en X. urteurrena Booka Shade "LIVE", Alex Niggemann eta DJV Sound-en eskutik, gau ezin bereziagoan

Guggenheim Bilbao Museoak hiriko musika-ekitaldirik sendoenetako baten hamargarren urteurrena ospatuko du. 2008ko urriak 30ean formatu hau inauguratu zenetik eta gaur egun arte, Art After Darkek 100.000 pertsona inguru ekarri ditu Museora, nazioarteko DJ garrantzitsuek eskainitako 300 emanaldi baina gehiagoan.

Oraingo honetan, bertaratzen direnek honako erakusketez gozatzeko aukera izango dute: Alberto Giacometti. Atzera begirakoa, asko zain eduki dituen erakusketa eta urriak 19 bertan inauguratuko dena; eta Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua eta Joana Vasconcelos. Zure ispilua naiz arrakastatsuak. Erakusketekin batera izango da zuzeneko musika elektronikoa, hauen eskutik: Booka Shade bikote moldaerraza, Coachella, Glastonbury, Rock Werchter edo Red Rocks bezalako festibaletako kartel-burua; Alex Niggemann, eragin klasiko eta gaur-gaurko onenak nahasteagatik ezaguna den ekoizle eta DJa; eta DJV Sound aitzindari bilbotarra.

Ospakizuna dela-eta, Pre-party ekitaldia izango da Bistró Guggenheim Bilbao jatetxean; bertan, sukaldeak ateak zabalduko ditu pintxoekin, showcooking erakustaldiarekin eta zuzeneko musikarekin, azken hori Daniel B eta Javi Autoren eskutik. Plaza mugatuak edukiko ditu: 100 pertsona sartuko dira, erreserba ordenaren arabera.

Kartela:

Pre-party 20:oo–22:00

Horren barruan sartzen dira afari koktela, edarien barra librea (ardoak, freskagarriak eta garagardoa), Art After Dark-erako sarrera eta kontsumizio bat.

Minimal Wave, Synth Wave eta musika elektroniko iluneko soinuetan espezializatuta dago Daniel B; Javi Auto, berriz, musika elektronikoaren aitzindaria izan da Bilbon 1990eko hamarkadatik, eta Art After Darken zuzendari artistikoa da.

Art After Dark 22:00–01:00

Museoko Atrioko ikuskizuna 22:00etan hasiko da DJV Sound-en emanaldiarekin. DJak NoDaTa sortu zuen 1998an, Javi Francorekin batera; Bilboko areto nagusietan musika promozionatzen duen kolektiboa da hori, eta hainbat artistaren emanaldiak ekarri dizkio hiriko publikoari: besteak beste, John Acquaviva, Ian Pooley, Märtini Brös, Tiefchswarz, Chris Duckenfield edo Sideral. DJV Sound Sónar (Bartzelona), Sun Dance (Tallin, Estonia) edo FIB (Benicàssim) bezalako festibaletan jardun da. 2005etik Bilboko Fever aretoa zuzentzen du, eta hiriko bizitza soziokulturala eraldatzen du bertatik, Europa eta munduan zehar musika jartzeaz gain.

23:00etan Alex Niggemann ekoizle eta zigilu-buruaren txanda izango da. Berlindarrak house eta tekno generoak bateratzen ditu bere ahots propioa bilatzeko. Musika elektronikoaren alderdi malenkoniatsuenarekiko duen sormen eta sentsibilitate geldiezinak gidaturik iritsi zen bere lehen zigilua hastera: Soulfooled (2010). 2013ko apirilean AEON hasi zuen, house eta tekno klasikoaren izpiritu berritua jasotzen duen proposamena.

Energiaz beteta dago, musika aniztasuna gustuko du eta talentu eztabaidaezina dauka. Formazio klasikoa jaso duen pianista da Niggeman, eta 2006an kritikak bere lanak txalotu ostean egin zen mundu osoan ezaguna.

Influentzia klasikoak eta gaur-gaurkoak nahasteko duen abileziak, eta ohiko generoetatik aldenduta soinu berriak topatzeko duen gaitasunak begitaziodun musikari bat irudikatzen dute. Alex Niggemannek bere bide propioa egiten darrai, grina eta heldutasun artistikoa baliatuta eta musika-modetatik at; hala, elektronikaren panoraman duen lekua bermatu du, identitate propioa duen DJ eta ekoizle inkonformista gisa.

Booka Shade bikote alemanak itxiko du gaua. Frankfurten hasi zen, orain oso entzutetsua den Get Physical Music dantza-zigiluarekin (M.A.N.D.Y., Thomas 'DJ T.' Koch eta Peter Hayo-rekin batera). 2005ean 'Mandarine EP' eta 'Body Language' aurkeztu zituen, eta nazioarteko arrakasta bilakatu ziren; 'In White Rooms' eta 'Night Falls' abestiekin, berriz, bikotea ezaugarritzen duten erokeriaz bete zituen dantzalekuak.

Sónar festibalean 2005ean izandako emanaldi arrakastatsuaren ostean, Booka Shadek oihartzun handia izan du bere zuzeneko berritzaileengatik (2010eko bost emanaldi onenei ematen zaien sarietako bat eskuratu zuen), eta kartel-buru izan da Coachella, Glastonbury, Rock Werchter edo Red Rocks festibaletan. Elektronika-zaleak limurtzeaz gain, beste generoetako festibaletan ere txalotu dute bikotea, hala nola Jazz de Montreux edo Lollapalooza-n, eta Depeche Mode, Moby, Hot Chip , Kings of Leon, Woodkid, The Knife edo Lang Lang pianistaren mailako artistekin aritu da elkarlanean; azken horrekin emanaldi berezia eskaini zuen Berlinen.

Pete Tong esatariak aurkeztu zuen Booka Shade lehen aldiz BBC Radio 1 irrati-kateko Hall of Fame saioan. Bikoteak album bat nahastu zuen harentzat (All Gone Ibiza), eta Radio 1 irrati-katearen 40. urteurrenean aritu zen Annie Nightingale-ekin batera, baita '20 Years Essential Mix' jaialdian ere.

Estudioko bosgarren lanarekin (Eve, 2015), Booka Shade-k klubetako musikaren azken mugarri tradizionala ezarri zuen, eta urte horretan bertan Movements 10 aurkeztu zuen, haren 10 urteko ibilbidearen laburpena. Guzti horrekin, musika elektronikoaren izpiritu eta konfigurazioaren ordezkari bilakatu da Booka Shade, genero hori gaur egun ulertzen dugun moduan.

2017an, Galvany Street kaleratu zuen bikoteak, Archive taldeko abeslari ohi Craig Walker-ekin elkarlanean, eta lan horrek hasiera berri bat zehazten du musika-eszenaren historian.

 

PREZIOAK:

Art After Dark: 15 € publiko orokorra; 11 € Museoaren Lagunak

Pre-Party + Art After Dark: 45€ publiko orokorra; 33 € Museoaren Lagunak

 

.

Dagoeneko salgai leihatilatan eta webgunean. Ikusle kopuru mugatua. 18 urtetik gorakoentzat. Nortasun-agiria eskatuko da: NAN zein pasaportea.

Museorako sarrerak ez du baimentzen Fever-era dohainik sartzea

Erosi orain

EGIN ZAITEZ LAGUN

eta arte guztia eskura izango duzu

EGIN ZAITEZ LAGUN

Cerrar

Eman izena
eta Museoaren berri guztiak jasoko dituzu.

×