29 iraila 2023
Ingurumen-jasangarritasuneko estrategiei buruzko nazioarteko sinposio bat hartuko du Guggenheim Bilbao Museoak
Datorren urriaren 3an Guggenheim Bilbao Museoak nazioarteko museo eta fundazioetako liderrak bilduko ditu, ingurumen-jasangarritasuneko estrategiak aurkezteko, jardunbide egokiak partekatzeko, eta parte-hartzaileei erantzunak eta soluzioak emateko, jasangarritasunerako beren bideari ekin diezaioten.
Klima-krisiak eragindako premiaren aurrean World Art Foundationsek (WAF) Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan antolatutako sinposio hau amaitzeko, Olafur Eliasson nazioarteko artista ospetsuak hitzaldi bat emango du, arteak klimaren aldeko ekintza nola inspiratu dezakeen azaltzeko.
Hong Kongeko M+ museoko zuzendari Suhanya Raffel, New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museoko ingurumen-jasangarritasuneko zuzendariorde Whitney McGuire, TBA21 Thyssen-Bornemisza Art Contemporary fundazioko zuzendarikide Rosa Ferré, Guggenheim Bilbao Museoko zuzendari nagusi Juan Ignacio Vidarte, eta Guggenheim Bilbao Museoko erakusketa eta kontserbazioko zuzendari tekniko Daniel Vega izango dira, besteak beste, jardunaldi honetan parte hartuko duten liderrak.
Sinposioak ikuspegi praktiko bat izango du, eta hainbat saio eskainiko ditu. Saio horietan, besteak beste, honako gai hauek jorratuko dira: erakundeetan “talde berdeak” sortzea; ingurumen-jasangarritasunean ekintza-plan errealistak ezartzeko beharra; karbono-aztarnaren neurketa; finantzaketa-aukerak; eraikinetako energia-jasangarritasuna hobetzeko estrategiak; klima-kontrolari buruzko gomendioak; bisitariei esperientzia ekologikoago bat eskaintzeko proposamenak; erakusketak ingurumen-helburuen arabera kudeatzea; eta enbalajeetarako eta artelanen garraiorako soluzio jasangarrienak erabiltzea.
Gainera, Guggenheim Bilbao Museoko profesionalek duela gutxi bertan abian jarri diren ingurumen-jasangarritasuneko ekimenen berri emango diete parte-hartzaileei zehatz-mehatz.
Sinposioa amaitzeko, Olafur Eliassonek hitzaldi bat emango du, “Artea klimaren aldeko ekintzaren inspirazio”. 2020an Olafur Eliasson: bizitza errealean erakusketa hartu zuen Museoak, eta gure ingurunea nola hautematen dugun kuestionatu eta gaurkotasuneko gaiez hausnartzen zuen bertan artistak, besteak beste klima-krisiaz. Museoen ingurunetik kanpo arteak munduan eragin handia izan dezakeela sinetsita, Eliassonek urteak daramatza hainbat ekintza artistikotan parte hartzen, klima-aldaketari buruz kontzientziatzeko helburuarekin.
Word Art Foundations
Word Art Foundations (WAF) 2014an sortu zen museoen eta fundazio artistikoen arteko sinergiak sortzea helburu, aukera izan dezaten ideiak partekatzeko, arazoak konpontzen elkarrekin lan egiteko, eta nazioarteko komunitate artistikoarekin harremanak ezartzeko.
Ingurumen-jasangarritasuna Guggenheim Bilbao Museoaren 2021-2025 Plan Estrategikoaren konpromiso nagusietako bat da, 2030ean neutraltasun klimatikoa lortze aldera. Hala, nazioarteko sinposio hau Museoak garapen jasangarriaren alde egindako apustuaren barruan kokatzen da; izan ere, bere programa publikoetan eta erakusketa- eta hezkuntza-programazioan, gune bat eskaintzen du ingurumenaz hausnartzeko eta sentsibilizazio ekologikoa bultzatzeko.
Bidali mezu bat xehetasun guztiekin helbide honetara: media@guggenheim-bilbao.eus
Mezuan informazio hau jarriko da: grabazio-mota, eguna, ordua eta iraupena, zein den grabazioaren helburua (eraikina, erakusketak), elkarrizketa behar duen edo bestelako informazio interesgarria.
Behin eskaera onartuta, Museoak taldea osatzen duten kide guztiei buruzko datuak jasoko ditu, filmazioa egin aurretik.
Ikus-entzunezko produkzioetan Museoaren irudia erabiltzeak tarifa bat izan dezake. Eskaera bakoitza Irudi Batzordeak aztertuko du. Eskaera baten berrikuspena 3 egun baliodunetik 2 astera arte luza daiteke. Saioak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen dugu.
Irudiak lortzeko, sar zaitez hemen eta deskargatu materiala. Premiazko eskaeretarako, posta elektronikoaren bidez edo telefonoz jar zaitezke harremanetan.
Irudiak beren egilearen izenarekin erreproduzitu behar dira, distortsionatu, mutilatu edo aldatu gabe. Irudi horiei beste erabileraren bat eman behar bazaie, Museoaren berariazko baimen idatzia beharko da.
Informazio guztia web orrialdeko Prentsa sailean eskura daiteke, erakusketen atalean.
Prentsa-txartela aurkeztu behar baduzu Museoko leihatiletan, sarrera doan eskuratuko duzu. Kontuan izan kazetariei Museoa doan bisitatzeko aukera ematen zaiela, museoaren jarduerei, ekitaldiei eta erakusketei publizitatea ematearen truke.
Bidali mezu bat hedabideari eta kazetariari buruzko informazio osoarekin media@guggenheim-bilbao.eus helbidera.