Guggenheim
20377

1970etik aurrera, artearen aukerak zabaltzeko eta gorputzari protagonismo handiagoa emateko nahiak areagotu egin zuen Clarkek psikoanalisiarekiko zuen interesa. Metodo terapeutiko bat garatu zuen erlazio-objektuen bidez. Metodo hori ingurune kontrolatuetan eta denbora-tarte zehatzetan Clarken beraren esanei jarraituz garatu beharreko ekintzetan zetzan: artistak proposamenak egiten zituen pertsona talde batek gauza zitzan, eta horietan espazio fisikoaren, objektuarekiko interakzioaren eta besteekiko harremanaren esperientzia nabarmentzen zuen.

Lygia Clark performancetik haratago joan zen, eta alderdi sentsorialaren ideia erabili zuen inkontzienteari lotutako zenbait ezagutza ez-objektuaren bidez azaleratzeko. Haren legatua gorputzaren inguruan lan egin duten beste artista latinoamerikar batzuengana iritsi da. Ernesto Netok, adibidez, obra eta giro multisentsorialak sortzen ditu, eta espazio bizi horiek beren gorputzen, zentzumenen eta adimenaren bidez esperimentatzeko gonbidapena luzatzen die ikusleei. Anna María Maiolino artistak, brasildarra bera ere, diziplina anitzeko obrak egiten ditu gorputzaren, keinuen eta psikologiaren inguruan ardaztuta, eta batzuetan zama politiko handiarekin. Ana Mendieta kubatarrak, aldiz, bere anatomia erabili zuen bere performance ia erritualen elementu nagusi gisa, emakumearen gorputza eta natura bateratze aldera.

BBK-k babesten duen Didaktika proiektuaren barruan, gune didaktikoak, Ba al zenekien…? deituriko online edukiak eta jarduera bereziak diseinatzen ditu Museoak erakusketen osagarri dira, bertako obrak ikusten eta ulertzen laguntzeko tresnak eta baliabideak eskainiz.