Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak
2025.11.07 - 2026.10.31
Erakusketa berri honekin, Guggenheim Bilbao Museoak bere funtsei gehitutako artelanak aurkezten ditu: duela gutxi eskuratutakoak, D.Daskalopoulos Collection-en eta Al Held Fundazioaren dohaintzak, eta Inge Rodenstock Bildumako berrogeita hamar bat pieza, epe luzera gordailuan hartuak. Sartu berri diren artelanok xx. mendearen bigarren erdiko artearen funtsezko mugimenduen eta figuren ordezkaritza sendotzen dute —besteak beste, Jean-Michel Basquiat, Yves Klein, Jeff Koons, Antoni Tàpies, Cy Twombly eta Andy Warhol artisten lanekin— eta Bildumaren ildo narratiboak zabaltzen dituzte hainbat estilo eta izen sartuta —tartean Hanne Darboven, Al Held, Damien Hirst, Martin Kippenberger eta Robert Ryman—. Hortaz, artelan-sorta honekin aparteko ekarpena egiten zaio erakundeari, artisten, mugimenduen eta garaien arteko lotura bereziak nabarmentzea ahalbidetzen diolako.
Artista banari eskainitako 301 eta 304 aretoak izan ezik —Yayoi Kusamari eta El Anatsuiri, hurrenez hurren—, espazio guztiak taldeko aurkezpen independente gisa taxutu dira, Bildumako piezen artean era askotako irakurketei eta elkarrizketa berriei bide emateko asmoz. Estrategia horrek indartu egiten du Museoak hartua duen konpromisoa arte garaikidearen aberastasuna eta konplexutasuna islatzen bai eta 1950eko hamarkadatik gaurdainoko artearen historia ikertzen eta zabaltzen lagunduko duen kontakizun dinamiko eta plural bat sortzeko.
Erakusketa hau Frank Gehryk planteatutako eraikinaren jatorrizko diseinua errespetatuz egin da, konfigurazio arkitektonikoa esperientzia artistikoaren parte aktibo eta funtsezkoa izan dadin.
Komisarioa: Marta Blàvia
Andy Warhol
Ehun eta berrogeita hamar Marilyn koloretsu (One Hundred and Fifty Multicolored Marilyns), 1979
Akrilikoa eta serigrafia-tinta mihise gainean
201 x 1,055 x 6 cm
Guggenheim Bilbao Museoa
Erakusketa

Yayoi Kusama
Infinituaren isla-gela – Gizakientzako zorion-guraria, unibertsoaz harainditik igorria (Infinity Mirrored Room – A Wish for Human Happiness Calling from Beyond the Universe), 2020
Beira ispiluduna, zura, LED argi-sistema, metala eta panel akrilikoa
293,7 × 417 × 417 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Jenny Holzer
GERRA BAT EGON ZEN (THERE WAS A WAR), 2019
Lau aldeko RGB LEDezko errotulu bertikala
Testua: Human Rights Watch eta Save the Children erakundeek jasotako herritar eta errefuxiatu siriarren lekukotzak
228,6 x 14 x 14 cm
Guggenheim Bilbao Museoa
Mona Hatoum
Gure etxea (Home), 1999
Zura, altzairu galbanizatua, altzairu herdoilgaitza, kable elektrikoak, krokodilo-matxarda, bonbillak, ordenagailu bidezko erregulagailua, anplifikadorea eta bozgorailuak
76,2 x 198,1 x 73,7 cm (mahaia)
Guztizko neurri aldakorrak
Edizioa: 3 aletik 1. eta 1AP
Guggenheim Bilbao Museoa















