Elvis Presley, “Rock and Roll-aren Errege” gisa ezagutzen dena, Estatu Batuetako aktore eta musika-ikono izan zen, eta historian gehien saldu duen musika-bakarlaria izaten jarraitzen du. 1960ko hamarkadan, Andy Warhol pop artistak Elvisen grabatu serigrafiatu batzuk tamaina naturalean egin zituen bere jarrera ezaguna erakutsiz. Hala ikus dezakegu bere Elvis bikoitza (Double Elvis) (1963) izeneko lanean, Elvis beraren Suzko izarra (1960) filmaren ondoren sortu zuena.
Hulk Elvis I (2007) pinturan, Koonsek komikiko Hulk pertsonaia erretratatzen du. Pertsonaia Marvel-en komiki-liburuetan agertu zen lehen aldiz 1962an. Artelan honen izenburuan Warholen serie ezagunari erreferentzia eginez eta Hulk Elvisen posizio berean ipiniz, Koonsek kultura herrikoian pertsona ospetsuaren ideia gogoratzen du. Gizon arrunt bat heroi bihurtzen da. Koonsek honela dio: “Hulk Elvis serieak erraietako gaia landu nahi du, baina, aldi berean, jendearekin konektatu nahi du artearen historiaren erreferentziak erabiliz. Artearen historiak pertsonak gizatasunarekin lotzen ditu, geure historiaren alderdi sakonarekin. Zentzu bat ematen dio ez bakarrik gure iraganari, baita gure etorkizunari ere”.