1976
Formalki eratu zen Vietnamgo Errepublika Sozialista Vietnamgo Gerraren ondoren (1955−75); Ipar Vietnam eta Hego Vietnam elkarren kontra jarri zituen gatazka belikoa izan zen hura, zeinean Estatu Batuek ere parte-hartze garrantzitsua izan baitzuten, komunismoaren zabalkundea eragozteko xedeaz.
Mao Zedong, Txinako Herri Errepublikaren sortzailea eta presidentea, eta funtsezko irudia Txinako komunismoaren historian, eritasunez hil zen irailaren 9an.
Azaroan, Lauen Banda izenekoaren kideak espetxeratu zituzten —Txinako Alderdi Komunistako goi mailako funtzionarioen taldea, Jiang Qing Maoren azken emazteak gidatua—, Iraultza Kulturalaren gehiegikeriarik latzenei bidea emateagatik. Gertaera horrekin aldi suntsitzaile bat amaitu zen, 1966−76.
1978
Txinako Alderdi Komunistaren Batzorde Nagusiak Deng Xiaoping hautatu zuen Txinako Herri Errepublikaren presidente berri izateko. Deng Xiaopingek “Erreforma eta irekitasun” programa bat jarri zuen abian, Txina modernizatzeko xedea zuten politika-neurri jakinekin: Estatuak ekonomiaren gainean zuen kontrola liberalizatu eta Mendebaldeko kulturaren aldera ireki zen, hamarkada askoan isolatuta egon ondoren.
1978aren amaiera alderaino, errealismo sozialistaren joerako obrak lantzen jarraitu zuten artistek. 1949an Herri Errepublika sortu zenetik sustatu zen sobietar eraginpeko arte errealista zen, balio komunistak goraipatzeko helburua zuena.
1979
Arte modernoaren adierazpideak defendatzen zituzten Pekingo artistek Arte Galeria Nazionaleko burdin hesietan zintzilikatu zituzten beren obrak Izarrak taldearen lehen erakusketan, Herri Errepublikaren 30. urteurrenari aurrea hartuta. Agintariek erakusketa itxiarazi zuten, epea baino lehenago, eta orduan artistak Udaletxeraino joan ziren, askatasun artistikoa eskatzen duten kartelekin. Aste batzuk geroago, Izarrak talderen bigarren erakusketa egin zen Beihai Park-en, Pekinen, babes ofizialarekin.
Orbainen pintura eta Izarrak taldea sortu ziren, garai hartako Txinako egoera eta azkenaldiko historia auzitan jartzen zuten bi mugimendu artistiko nagusi gisa.
Txinak eta Estatu Batuek harreman diplomatiko formalak finkatu zituzten, atzean utziz Gerra Hotzeko antagonismoko hamarkadak.
Abenduan, sobietar gudarosteek Afganistan inbaditu zuten Afganistango Herri Alderdi Demokratikoaren gobernu komunistari laguntzeko, matxinada gero eta handiago baten aurrean.
1980
Arteak herria eta iraultzaren zerbitzura egon behar duelako agindu maoistari erronka eginez, Meishu aldizkariak artikulu bat argitaratu zuen, “autoadierazpenaren aldeko artea” sustatzen zuen Izarrak proiektuko kide baten eskutik.
Biztanleria 900 milioi lagunera iritsi zenean, Gobernu txinatarrak ofizialki ezarri zuen herrialde osoan haur bakarraren politika.
Afganistango inbasio sobietarrari erantzunez, Estatu Batuek bahimendu bat jarri zuten Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunera iristen ziren zereal-esportazioen gainean.
Iran-Irak Gerran (1980–88), Txinak babes militarra eman zion Iraki.
1982
Israelek Libano inbaditu zuen, Asia mendebaldeko herrialde horretako hegoaldetik Palestinako Askapenerako Erakundea kanporatzeko xedeaz. Txinaren eta Palestinaren arteko loturak oso estuak ziren Mao Zedong presidentearen garaiaz geroztik, hainbesteraino non Txinak 1988an ofizialki aintzatetsi baitzuen Palestinako Estatua.
Txinako Alderdi Komunistak, Mendebaldeko balioak erauzteko xedeaz, kutsadura espiritualaren kontrako kanpaina bat jarri zuen abian 1984 arte, balio haiek herriak komunismoarekin zuen konpromisoari kalte egiten ziotelakoan: askatasuna, autoadierazpena eta independentzia artistikoa.
1984
Txinak espaziora igorri zuen bere lehen komunikazio-satelitea; era horretan, argi azaldu zuen programa espazial txinatarraren aurrerapen handia.
Kutsadura espiritualaren kontrako kanpainaren garaian antolatuta, Arte Ederren Seigarren Erakusketa Nazionala inauguratu zen, herrialdeko hainbat hiritan aldi berean. Edukia kontserbatzailea zen, eta hori ez zitzaien artistei gustatu, batez ere belaunaldi gazteenekoei.
1985
Artista-talde eta erakusketa ez ofizial ugari loratu zen, geroago 85eko Uhin Berria deituko zitzaion mugimenduaren baitan. Termino horrek herrialde osoko artistak izendatzen zituen, era askotako agerraldi artistikoak lantzen zihardutenak, hizkera berrien bila: performanceak, bilerak, hitzaldiak, solasaldiak, aldizkariak eta happeningak.
1986
Txernobylgo zentral nuklearrean (SESB) izandako leherketa batek hodei erradioaktibo bat askatu zuen, Errusiaren gainean hedatu eta Europara heldu zena.
Hogeita hamar bat arte-kritikarik osaturiko elkarte bat eratu zen, Arte moderno txinatarraren ikerketa-batzordea izenekoa. Herrialde osoko abangoardiako artearen erakusketa bat antolatzea zen Batzordearen helburuetako bat, eta 1989an inauguratu zen hori azkenean.
Ikasleek manifestazioak egin zituzten Txinako hiri askotan, Gobernuaren politiken eta praktika demokratikoen faltaren aurrean protesta egiteko. Agintariek berehala erantzun zuten, Liberalizazio Antiburgesaren Kanpaina izenekoarekin, eta hark abangoardiako jarduera artistiko asko eragotzi zituen 1988aren erdialdera arte.
1987
Mendebaldeko estiloko janari lasterreko kateak heldu ziren Txinara, urte honetan zabaldu baitzen Kentucky Fried Chicken (KFC) kateko lehen jatetxea. Ondoren McDonald’s heldu zen, 1991n.
Deng Xiaoping presidente txinatarraren urratsei jarraituz, Sobietar Batasunaren presidente Mikhail Gorbatxovek berregituratze politikoko eta ekonomikoko neurrien programa bat jarri zuen abian, Perestroika izenekoa (errusieraz, berregituratzea).
1989
Martxoan, Txinaren kontrako matxinadaren 40. urteurrena zela-eta, hamarkada askoan Tibeten izandako txinaren kontrako manifestaziorik handiena egin zen; errepresio-neurri gogorrak eta Dalai Lamaren erbesteratzea ekarri zituen manifestazioak ondorio gisa. Urte horretan bertan, Bakearen Nobel Saria eman zioten Tibeteko buruzagi politikoa eta espirituala den Dalai Lamari.
Otsailaren 4an, Pekingo Arte Galeria Nazionalean China/Avant-Garde izeneko erakusketa inauguratu zen, arte esperimentaleko erakusketa handia. Kritikari-batzorde batek antolatua zen, 186 artistaren obrekin. Gertaera horrek markatu zuen bai 1980ko hamarkadako mugimendu artistikoaren gailurra, bai mugimendu horren amaiera ere. Xiao Lu artistak bere instalazio propioaren kontra tiro egin ondoren, erakustaldia aldi baterako itxi zuten.
Magiciens de la terre erakusketak, Centre Pompidouk antolatua Jean-Hubert Martin komisarioaren eskutik, iraultza bat eragin zuen nazioarteko agertoki artistikoan: Mendebaldeko 50 artista Mendebaldekoak ez ziren herrialdeko 50 artistaren ondoan aurkeztu zituen arte garaikidearen azterketa globalean, azken horien artean Txinako hiru (Huang Yong Ping, Yang Jiechang eta Gu Dexin).
Azaroan Berlingo Harresia erori zen; horrek Gerra Hotzaren amaiera ekarri zuen, bai eta Ekialdeko bloke komunistaren eta Mendebaldeko merkatu libreko bloke demokrataren arteko zatiketa bukatzea ere.
Ekainaren 4an agintariek bortizkeriaz eragotzi zituzten Tiananmengo plazako protestak; ikasleek eta intelektualek gidaturik, plazan eta plazaren inguruetan apirilaz gero izandako demokraziaren aldeko manifestazioak ziren horiek. Milaka lagun hil ziren.
Tim Berners-Lee zientzialari britainiarrak World Wide Web asmatu zuen Ikerketa Nuklearreko Europar Erakundean (CERN). Mundu osotik zetorren informaziora berehalako sarbidea izateak denboraren eta espazioaren giza esperientzia irauli, eta ordena neoliberalaren eta haren balioen aurrerabidea bultzatu zuen mugarik gabeko mundu batean.
Laurogeiko hamarkadan, bereziki Tiananmengo gertaeren ondoriozko errepresio-neurriak zirela-eta, artista garaikide batzuek Txinatik alde egin zuten, atzerrian bizi eta lanean aritzeko (hala adibidez, Ai Weiwei Estatu Batuetan; Chen Zhen Frantzian; Cai Guo-Qiang Japonian). Haien obrak askatasunez mugitzen ziren Ekialdeko eta Mendebaldeko iturri artistikoen artean, eta era horretan egile horiek ere “arte garaikide globala” deitu den fenomenoa bultzatu zuten.
1990
Ofizialki zabaldu zen Shanghain Txina kontinentaleko Balio Burtsa, Herri Errepublikaren sorreraz gero (1949) lehena.
Irakek Kuwait inbaditu zuen, petrolio ugari duen herrialdea, eta horrek Golkoko Gerra piztu zuen (1990–91). Txinak neutraltasunari eutsi zion, nazioarteko indarrak Estatu Batuen gidaritzapean batu zituen eta Erdialdeko Ekialdean sekulako eragin ekonomiko, sozial eta politikoa izango zuen gatazka militar horretan.
Les Domaines de l’art erakunde frantsesak antolatu eta Pourrières herrian aurkezturiko Chine: demain pour hier erakustaldia abangoardiako arte txinarrari Europan eskainitako lehen erakusketa bihurtu zen.
1991
Artistek eta kritikariek, abangoardiako praktikekin zuten konpromisoa sendotzeko xedeaz, ezkutuko erakusketak eta interbentzio laburrak egin zituzten espazio publikoetan, Tiananmengo gertaeren ondoren garatu zen kontrol guztiz zorrotzagatik ere (Elefante Isats Handia Lantaldea), eta sinposioak antolatu zituzten arte garaikide txinatarrak hartu behar zuen bideaz jarduteko (Sorkuntza Artistikoa Aldi Berrian/Artistic Creation in the New Period).
Abenduan, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB), munduko lehen Estatu komunista izandakoa, eta Mao Zedongek Txinan jarraituriko garapen-eredua, desegin egin zen.
1992
Hegoaldeko Itzuli famatuarekin, Txinako irekitasun ekonomiko handieneko eskualdean zehar, han baitaude Shanghai eta Guangdong, Deng Xiaoping presidenteak berretsi egin zuen Gobernuak 1980ko hamarkadan abian jarritako “erreforma eta irekitasun” neurriak sakontzeko zuen konpromisoa.
Kasselgo IX Documentarekin batera antolatutako Encountering the Others erakusketak zenbait artista txinatarren lanak erakutsi zituen.
1993
Estatu Batuek eta Errusiak Arma Estrategikoak Murrizteko Bigarren Hitzarmena (START II) izenpetu zuten, 1991n izenpeturiko START I akordioaren osagarria; bi hitzarmen horien arabera, arma nuklearren kopurua murriztu zen. Txinak saio nuklear handi bat egin zuen urrian, nahiz eta indarrean izan Estatu Batuek gidaturiko nazioarteko kanpaina bat, era horretako saioak debekatzera bideratua.
Artista talde batek, bizileku merkeen bila, Pekingo ekialdeko aldirietako langile-auzo batean hartu zuen egoitza. Pekingo East Village izenaz ezaguna, hainbat performanceekintzaren egoitza bihurtu zen ingurua, eta Gilbert and George artista britainiarren bisita jaso zuen, haien obra erakusgai baitzegoen Arte Galeria Nazionaleko erakusketa batean.
Erakusketa asko egin ziren, abangoardiako mugimendu txinatarra nazioarteko agertoki artistikoetan bultzatu zutenak: China Avant-Garde: Counter-Currents in Art and Culture; China’s New Art, Post-1989; Veneziako 45. Bienala; eta Asia Pazifiko Arte Garaikideko Trienala.
Ezezkoa eman zioten 2000ko Olinpiar Jokoen egoitza izateko Txinaren hautagaitzari, eta autokritikako eta introspekzioko mugimendu nazional bat zabaldu zen Txina osoan.
Komunismoaren eta metodo kapitalisten balioen arteko borroka islatzen zutenez, Pop Politikoa eta Errealismo Zinikoa bihurtu ziren Txinatik kanpo arretarik handiena erakarri zuten bi arte-joera txinatarrak.
Hiru Arroiletako presaren eraikuntza hasi zen. Mundu osoko proiektu hidroelektrikorik handiena zen, eta hainbat arazo ekonomiko, geologiko eta ingurumeneko eragin zituen 2000ko hamarkadan, hala nola lur-lerratzeen gehikuntza edota klima-aldaketa eskualde horretan guztian.
1994
1994an heldu zen Internet Txinara, eta agintariek zentsura- eta zaintza-sistema zorrotz bat ipini zuten, gaur egun indarrean jarraitzen duena, Txinako Suhesi Handia izenarekin.
Ai Weiwei, Zeng Xiaojun eta Xu Bing artistek eta Feng Boyi arte-kritikariak Liburu estalki beltza ezkutuan argitaratu eta zabaldu zuten. Artista txinatarren proposamenak eta nazioarteko berritasunak aurkezten ziren liburuan. Beste bi edizio agertu ziren gero, Liburu estalki zuria (1995) eta Liburu estalki grisa (1997).
1995
Abuztuan, Emakumearen Laugarren Mundu Konferentziaren egoitza bihurtu zen Pekin; emakumearen berdintasunari buruzko auziak eztabaidatu ziren foro horretan. Txina mundura itzultzeko mugarri bat gertatu zen Konferentzia, herrialdea bakartuta baitzegoen Tiananmengo gertaeren ondoren pairatu zituen neurri zorrotzen ondorioz.
Txinako Herri Errepublikak Taiwan inguratzen duten uretan misilekin egiten zituen saioek Taiwango itsasarteko hirugarren krisia eragin, eta arriskuan jarri zuten Txinaren eta Estatu Batuen arteko harremanen egonkortasuna.
Veneziako 46. Bienalaren testuinguruan antolaturiko Asiana: Contemporary Art from the Far East erakustaldiak Txina, Japonia eta Koreatik zetozen obrak jarri zituen ikusgai. Achille Bonito Oliva eta Gino Di Maggio komisarioen gidaritzapean, erakusketa horrek ostera ere berretsi zuen nolako garrantzia ari zen hartzen abangoardia txinatarra nazioarteko agertoki artistikoan.
1996
Image and Phenomena, Txinako Arte Ederretako Akademian ospatua, Hangzhoun, Txinan bideoarteari eskainitako lehen erakusketa da.
1997
Otsailean Deng Xiaoping hil zen, Txinako ekonomia mundura zabaldu zuen presidentea.
Uztailaren 1ean, Hong Kong Txinari itzuli zion Britainia Handiak, hainbat hamarkadaz haien mende egon ondoren. Era horretan, 150 urtetik gorako kolonialismo-aldia bukatu zen.
1998
Nazioarteko zenbait erakundetara eraman zuten Inside Out: New Chinese Art erakusketa, Asia Society Galleries eta New Yorkeko P.S.1 Contemporary Art Center-en aldi berean ospatu zena. Hartan parte hartu zuten Txina kontinentaleko, Taiwango eta Hong Kongeko 80 artistak baino gehiagok, baita atzerrian bizi ziren artista deserrituek ere.
1999
Milurteko aldaketan, pentsatzen zen “2000 efektua” edo “milurtekoaren akatsa” zelakoak ekonomia globala geldiaraziko zuela eta mundua kaosean murgilduta geratuko zela, biltegiratze digitaleko sistemetan urteak azken bi digituekin irudikatzeko usadioa zela-eta.
Cai Guo-Qiang-ek irabazi zuen Veneziako 48. Bienaleko Urrezko Lehoia, errealismo sozialista txinatarraren Zergak biltzeko patioa izeneko obra monumentalaren birsorkuntza partzial batekin. Haren Veneziako zergak biltzeko patioa (Venice’s Rent Collection Courtyard) obrak orobat ekarri zion egileari auzitegi txinatarren auzi-eskea; plagioa egin eta copyright-aren legeak urratzeagatik salatu zuten, baina azkenean ez zen auzi-eskea aintzat hartu.
2000
Loft New Media Art Space aretoak ateak zabaldu zituen Pekinen. Arte-bitarteko berriei Txinan eskainitako lehen espazioa zen.
Indarkeriaz lehertzen da bigarren Intifada (2000–05), XX. mendearen erdialdean hasi zen israeldarren eta palestinarren arteko gatazka etengabea. Txina, nahiz eta lotura estua izan Palestinarekin, Israel-Palestina gatazka amaitezinaren konponbidean paper aktiboa edukitzen saiatu zen.
Shanghaiko hirugarren Bienala, hiri horretako Arte Museoan antolatua, komisarioak Hou Hanru eta Toshio Shimizu zirelarik besteak beste, Txinan ospatu zen arte garaikideko lehen nazioarteko erakusketa handia bihurtu zen.
Claire Hsu-k eta Johnson Chang-ek elkarrekin fundatu zuten Asia Art Archive Hong Kongen, Asiako artista garaikideen jarduera dokumentatzeko xedeaz materialak biltzen ziharduen lehen erakundea.
2001
Abenduan Merkataritza Mundu Erakundean sartu zen Txina, eta beste irekitasun-aldi bat zabaldu zen.
Living in Time: 29 Contemporary Artists from China erakusketa, Berlingo Hamburger Bahnhof Contemporary Art Museum-en ospatu zena, arte garaikidearen aldeko jarrera ofizialaren abiapuntua gertatu zen.
Post-Sense Sensibility: Alien Bodies and Delusion erakusketa egin eta bi urte geroago —ikusgai jarri ziren hartan gizakien eta animalien gorputzen parteak, baita hilotzak ere—, Kultura Ministerioak debekatu egin zituen bortizkeria, odol-isurtzeak edo lizunkeriak agertzen zituzten adierazpide artistiko guztiak.
Irailaren 11ko atentatuen ondoren, Estatu Batuak, Europa, Txina eta Errusia talibanen, Al Qaedaren eta, geroago, Estatu Islamiarreko (ISIS) talde militanteen kontra borrokatu ziren.
2002
Guangzhouko Arte Garaikidearen lehen Trienalak, Reinterpretation: A Decade of Experimental Chinese Art (1990–2000) izenburuarekin, 1990eko hamarkadako arte esperimental txinatarraren berrikusketa historiko eta akademiko sakona aurkeztu zuen Guangdongeko Arte Museoan. Hiriko Arte Museoan ospatu zen Shanghaiko laugarren Bienalak Txinako hiri handiek azken bi erreforma-hamarkadetan bizi izan zuten aldaketa urbanistiko errotikakoa eta konplexua aztertzen zuen, baita horrek kulturan eta jendearen bizimoduan izan duen eragina ere..
2003
George W. Bush Estatu Batuetako presidenteak, garai hartako Espainiako Gobernuaren presidentearen eta Lehen Ministro britainiarraren babesarekin, Irak inbaditu zuen, Saddam Hussein armagabetzeko asmoz. Ondoren egin ziren ikerketek frogatu zuten Iraken ez zela suntsiketa masiboko armarik.
Centre Pompidou-k Alors, la Chine? Aurkeztu zuen; Fan Di’an Txinako Arte Museo Nazionaleko zuzendaria zen komisarioa, eta Txinako Gobernuarekin elkarlanean antolatu zen. Txinatar kultura garaikideak atzerrian egindako lehen aurkezpen ofiziala zen.
Aurrez ikusia zegoen bost artistak ordezkatuko zutela Txina Veneziako 50. Bienalean, hartan egongo zen lehen pabilioi nazional txinatarrean. Baina SARS izurria zela-eta —Txinatik abiatuta berehala mundu osora hedatu zen pneumonia atipikoa, arnas-sindrome larria dakarrena—, pabilioia itxi egin behar izan zen.
2005
Txinak bere lehen pabilioi nazionala eduki zuen Veneziako 51. Bienalean, kokagunea aldi batekoa bazen ere. Virgin Garden: Emersion erakusketa aurkeztu zen hartan, Cai Guo-Qiang komisario zela.
2006
Txinak Veneziako 10. Arkitektura Bienalean parte hartu zuen bere pabilioi nazional propioarekin: Fan Di’an komisario zuen erakusketa hark Txinaren urbanizazio guztiz lasterrak arkitekturan izandako eragina azaltzen zuen.
2007
Txinaren hazkunde ikaragarriak munduko bigarren esportatzailea bihurtu zuen herrialde komunista, Alemaniaren ondoren eta Estatu Batuen aurretik.
’85 New Wave: The Birth of Chinese Contemporary Art erakusketa inauguratu zen Ullens Center for Contemporary Art-en, Pekingo Arte Barrutiaren 798. zenbakian dagoen espazioan. Garai bateko fabrika militarren eremua da barrutia, 2000. hamarkadaren hasieran arte-auzo bihurtua.
2008
Maiatzaren 12an, 87.000 lagun baino gehiago hil ziren Beichuan-go lurrikaran (Sichuan probintzia); haien artean, milaka eskola-ume. Haien heriotza eskolen eraikuntzaren kalitate guztiz txarraren eta inguratzen zituen sistema ustelaren ondoriozkoa izan zela esan daiteke. Ai Weiwei artistak, beste aktibista batzuekin batera, herritarrak antolatu zituen hildako ikasleen izenak eta datuak jaso zitzaten, eta Interneten argitaratu zituen gero aurkikuntzak. Proiektu horrek Txinako artista disidente famatuena bihurtu zuen Ai.
Cai Guo-Qiang artista izendatu zuten Pekingo 2008ko Udako Olinpiar Jokoetako inaugurazio- eta itxiera-zeremonien zuzendaria, eta hura izan zen mundu osoko milioika eta milioika lagunek ikusi zituzten su artifizialen eta pirotekniaren erakustaldi izugarriaren arduraduna. “Mundu bat, amets bat” bazen ere Olinpiar Jokoen eslogana, ospakizunaren ondoren erregimen autoritarioa izaten jarraitzen du Txinak, eta artista batzuek erregimenari erronka egiten jarraitzen dute.
Abuztuaren 8an Pekingo Udako Olinpiar Jokoak inauguratu ziren, eta Txinaren posizioa seinalatu zuten agertoki globaleko potentzia garrantzitsu gisa.
Pekingo Olinpiar Jokoak ospatu eta handik gutxira, mundu osoko ekonomiak hamarkada askoan jasandako krisi global okerrenari aurre egin behar izan zion.
Txinaren hazkunde ekonomikoak aurrera jarraitu zuen abiada lasterrean, eta, Japoniari aurrea hartuta, 2010ean munduko bigarren ekonomia bihurtu zen.
Cai Guo-Qiang-ek Veneziako zergak biltzeko patioa obraren bi bertsio berri sortu zituen, New Yorkeko zergak biltzeko patioa eta Bilboko zergak biltzeko patioa izenekoak, 2008an eta 2009an eginak, Solomon R. Guggenheim Museumeko eta Guggenheim Bilbao Museoko erakusketa monografikoetarako, hurrenez hurren.
Abenduan, ehunka intelektualek eta giza eskubideen aldeko aktibistek Charter 08 izenpetu zuten, konstituzio-erreforma demokratikoen eskaera bat, giza eskubideen aldekoa. Handik gutxira, mugimenduaren buruzagia espetxeratu zuten, Liu Xiaobo poeta. 2010ean, Bakearen Nobel Saria ematen zioten Liu-ri.