Geglosarioa
Geglosarioa

Erretikularea (1969–82)
Sabaitik eta hormetatik bertikalki eta horizontalki esekitako ingurune-instalazio monumentala da, metalezko alanbrez egina, gunean barrena zabaltzen diren lerro eta egitura geometrikoz osatutako konstelazio bat eratzen duena.

Turrustak (1970–74)
Aluminioz eta bestelako materialez eginda dauden bata besteari lotutako hagaxka finen pilaketak dira; askatasunez isurtzen dira lurrerantz, eta metal jariakorrezko ur-jauzien efektua eragiten dute horrela.

Erretikularea karratuak (ca. 1971–77)
Elkarri lotutako modulu karratuak eta metalezko sare karratuen geruzak behin eta berriro erabiltzea bereizgarri duen saila da. Egiturak turrustan erortzen eta modu organikoan izurtzen dira.

Enborrak (1974–81)
Egitura zilindriko bertikalak dira, elkarri lotutako triangeluz osatutako matrize-itxuran taxututa dauden altzairuzko alanbrez eginak. Sabaitik zintzilikatuta daude, eta espazio hutsa dute barnealdean.

Esferak (1976–77)
Metalezko hariz egindako eta elkarri lotutako erretikularea triangeluarretan oinarritutako konposizioa duten pieza esferikoak dira. Obra horiek azpimarratu egiten dute artistak geometriaren eta kosmosaren arteko harremanaren inguruan etengabe egin zuen ikerketa.

Paperik gabeko marrazkiak (1976–88)
Espazioan marraztearen ekintza gogorarazten duten erretikula-itxurako egitura tridimentsionalak dira. Alanbrezko eta bestelako materialezko lerro eta elementu formal gutxi batzuekin eginda daude, eta hormatik oso gertu instalatzen dira. Mota horretako lanek espazioa modulatzeko aukera mugagabeak eskaintzen zizkioten artistari.

Zomorroak (ca. 1987–91) eta Zomorrotxoak (1987–89)
Berrerabilitako materialekin eta obra zaharragoen elementu baztertuekin egindako piezak dira, eta Gegok hiru dimentsiotan sortutako azkenak izan ziren. Geometriaren, formaren eta erretikularen deformazioa eta erabateko kolapsoa irudikatzen dute artistaren ekoizpenaren baitan.

Ehundurak (1988–91)
Formatu txikiko konposizio abstraktuak dira, bere obren inprimaketetatik, aldizkari-orrietatik eta liburuxka komertzialetatik ateratako paperezko zerrendak gurutzatuz sortuak. Gegoren bi dimentsioko azken obrak izan ziren, eta ehutearen kontzeptuarekiko zeukan etengabeko lilura iradokitzen dute.


Iturria: Gego. Infinitua neurtzen, erak. kat. Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, 2023.

Gego Reticulárea muntatzen Museo de Bellas Artesen, Caracas, 1969
Argazkia: Juan Santana
© Fundación Gego