1959. Abenduaren 5ean jaio zen Hirosakin, Aomori prefekturan.
1964–66. Gurasoek lan egiten zutenez, Nara “giltzadun haurra” deritzon horietako bat izan zen, hau da, ikastetxetik bueltan ordu luzeak ematen zituen etxean bakarrik. Edozein paper zatiren atzealdean marraztea eta komikiak sortzea gustatzen zitzaion. Animaliaz inguraturik hazi zen.
1970. Narak galena-irrati bat egin zuen —garai hartan oso ohikoa zen transistore mota bat—, eta gaueko irrati-emankizunak entzuten hasi zen. Liluratuta geratu zen Estatu Batuetako rock eta folk musikarekin, Vietnamgo gerra betean indarkeriaren kontrako mezuak zabaltzen zituzten doinu eta hitz iradokitzaile haiekin.
1976. Narak pieza bat sortu zuen bere institutuak Nebuta Jaialdirako egin ohi zuen ekarpenerako. Lanean, Katsushika Hokusai artistaren Suikoden grabatu-liburuko kortesana bat ageri zen, eta erretratu haren bikaintasunak zeresan handia piztu zuen institutuan.
1979. Musashino Arte Unibertsitateko Arte eta Diseinu Fakultatean matrikulatu zen.
1981. Diru-estutasunak zirela eta, Musashino Arte Unibertsitatea utzi eta Aichi Prefekturako Arteen Unibertsitateko Olio-pintura sailean matrikulatu zen, matrikulazio-tasak merkeagoak baitziren bertan. Nara konbentzio akademikoetatik askatu zen, eta Japoniako New Painting mugimendua hartu zuen inspirazio-iturri. Olio-pinturara mugatu gabe, hainbat bitarteko lantzen hasi zen —marrazkia, collagea eta abar— bere adierazpide propioa garatzeko.
1985. Aichi prefekturako Arteen Unibertsitatean graduatu eta hantxe jarraitu zuen master bat ikasten.
Nara bere etxe aurrean, 1964
© Yoshitomo Nara, eskaintza Yoshitomo Nara Foundation