Historia
Historia

1970. urtean, Learning Through Art hezkuntza-programa abiarazi zen New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en. Proiektu hori Natalie K. Lieberman babesleari esker garatu zen; izan ere, bere hirian arte-hezkuntza Ikastetxe publikoetatik desagertzen ikusi zuen hark. Pasa diren ia 50 urte hauetan, New Yorkeko eskoletako 100.000 ikasletik gora igaro dira programa estatubatuarretik.

Artea Ikasbide jardueraren erakusketa Guggenheim Bilbao museoan 1998. urtean antolatu zen estreinako aldiz. Hezkuntza-programa honek balio handia zuela erabat sinetsita, azken emaitza Museoan erakutsi nahi izan genuen. Hogei urte hauetan, esperientzia zoragarriak metatu ditugu, elkarrekintza aberatsak bizi ditugu, bide asko egin ditugu, galdera ugari planteatu dira eta baita hamaika erantzun ere, ezustekoek beti prozesuan parte hartu dute eta inaugurazio dibertigarriak antolatu dira, Museoa musikaz eta irribarrez bete izan dutenak. Nabarmendu behar da bide eta horizonte berriak esploratzeko abentura honi ekin nahi izan dioten irakasle anitzen lan gogorra, euren geletako ateak ireki baitizkiete gure artistei.