
Didaktika ekimenaren baitan, Museoak erakusketen osagarri diren hezkuntza-guneak, eduki digitalak eta programa bereziak diseinatzen ditu bisitariei ikusgai dauden lanez gehiago gozatzen laguntzeko tresnak eta baliabideak eskaintzeko xedearekin.
Budapesteko paper gaineko maisulanak erakusketaren Didaktikak zenbait grabatu-teknika hartzen ditu ardatz —akuafortea, gubila, xilografia eta litografia—, eta horietako bakoitzean aritutako artista esanguratsuen lanen bitartez jorratzen ditu. Grabatua baliabide artistiko autonomoa eta liluragarria da, arau eta ezaugarri bereziak dituen adierazpidea, eta, hamaika prozesuren bidez, ezin konta ahala aukera eskaintzen ditu.
Gune honetako ikus-entzunezkoek, gainera, prozedura horietan guztietan baliatzen diren metodoak erakusten dituzte, eta orobat azaltzen dute erakusketako hainbat artistak, nola diren Albrecht Dürer (1471–1528), Edvard Munch (1863–1944), Käthe Kollwitz (1867–1945) eta Franz Gertsch (1930–2022), zer-nolako esperimentazioak egin zituzten grabatugintzan eta zer ekarpen egin zioten arlo horri.
Budapesteko Arte Ederren Museoaren funtsak egituratzen dituzten bilduma handiek 9.000 marrazki eta 100.000 estanpa inguru gordetzen dituzte, eta artearen 700 urteko historiaren erakusle dira, XXI. mende honetara arte. Erakundeari eta erakusketa honi buruz gehiago jakin nahi izanez gero, katalogoa irakurtzeko aukera ere baduzu gune honetan.