105 Aretoa
Ezohiko materialak…
Jannis Kounellis (1936–2017) Arte Poverarekin lotutako artista da, eta, haren ustez, termino horrek funtsean berehala eskuratzeko materialen eta hondar-materialen erabilerari egiten dio erreferentzia; hain zuzen ere, artistak hondakindegietan, basoetan edo edukiontzi industrialetan aurki ditzakete material horiek. Ikatza, arpillera edo altzairuzko habeak bezalako materialek arte tradizionalarekin loturarik ez izateak harekiko haustura eta aldi berean inguruko munduarekiko berehalakotasuna adierazten du.
Germano Celant arte historialariak sortu zuen terminoa 1960ko hamarkadako bigarren erdialdean, eta Arte Povera (hitzez hitz, arte pobrea) kaleko antzerkiarekin eta elitearen aurka protestatzeko gainerako moduekin lotzen zen. Horiek artelanaren eta luxuzko munduaren arteko konexioa baztertzen zuten.
…pisu handikoak
Material ezberdinen pisuak interes handia du Kounellisentzat, horiek espazioarekin duten harremana eta hori aldatzeko gaitasuna medio.
Titulurik gabea obra (1988) altzairuzko 20 panelek osatzen dute eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumakoa da. Habe batzuen bidez, ikatzez betetako arpillerazko sei zaku lotzen zaizkie panelei. Piezaren pisu osoa —unitate-kopuru aldakorrarekin erakuts daitekeena— 7.520 kilotara irits daiteke. Unitate bakoitzak 376 kilo pisatzen dituenez, aretoko hormetan errefortzuak egin behar dira pisuari eusteko.