2011. Martxoaren 11n lurrikara batek Japoniako ekialdea astindu eta tsunami bat eragin zuen, eta, horren ondorioz, istripua gertatu zen Fukushima Daiichi zentral nuklearrean. Orduz geroztik, emozionalki hain aztoragarriak izandako gertakari haiek sekulako eragina izan zuten Nararen artista-bizitzan, aurrez aurre jarri baitzizkioten naturaren indarkeria eta pertsonen oinazea eta sufrimendua. Nararen Nuklearrik ez (No Nukes, 1998) lanaren irudia erabiltzen hasi ziren —artistaren beraren baimenarekin— Japonian energia nuklearraren kontra antolatu zituzten manifestazioetako pankartetan; irudi hura lehenago ere erabili izan zuten Bangkokeko (Tailandia) nuklearren kontrako protestetan.
2012. Apirilean, Aichitik bere estudiora itzulia zela, pintzelei heldu zien berriz ere, eta azken gertakarien oroigarri ziren koadroak margotzeari ekin zion, hala nola Udaberri andereñoa (Miss Spring). Lan hura nuklearren aurkako mugimenduaren ikur bihurtu zen, eta desnuklearizazioaren aldeko manifestazioetan eta NO NUKES 2012 musika-jaialdian erabili zuten.
2013. Narak Damage Control: Art and Destruction since 1950 talde-erakusketan parte hartu zuen. Erakustaldi hura Hirshhorn Museum and Sculpture Garden-en (Washington D. C.) antolatu zuten hondamendiaren ideia eta aro atomikoan arteak duen eginkizuna ardatz hartuta.
2019. Martxoan, Japan Platform (JPF) izeneko irabazi-asmorik gabeko erakunde japoniarrak hala eskaturik, Narak siriarren errefuxiatu-esparruak bisitatu zituen Jordanian.
Abuztuan, Yoshitomo Nara Fundazioa sortu zuten artistaren obra eta bestelako sorkuntza-lanak gordetzeko, ikusgai jartzeko eta sustatzeko.
2020. Koronabirusak munduan eragindako pandemia zela eta, Nararen erakusketa guztiak birprogramatu egin zituzten. Los Angeles County Museum of Art-en eskaini behar zioten Yoshitomo Nara erakusketaren, hau da, artistak nazioartean izan behar zuen lehen atzerabegirako handiaren inaugurazioa hurrengo urtera atzeratu zuten.
2023. Perth hiriko Art Gallery of Western Australia erakustaretoan, Narak Japoniako Ekialdeko Lurrikara Handiaren ondotik sortutako hiru dimentsioko lanei eskainitako banakako erakusketa bat jarri zuten ikusgai: Reach Out to the Moon, Even if We Can’t.
Vienako Albertina Museum-en All My little Words antolatu zuten, Nararen marrazkietan oinarritutako erakusketa bat.
The Beginning Place da artistari Aomoriko Arte Museoan eskaini dioten bigarren erakusketa monografikoaren izenburua.
2024. Guggenheim Bilbao Museoak Nararen orain arteko azken banakako erakusketa aurkeztu du.
2012ko ekainaren 29a, Zentral nuklearraren berraktibatzeren aurkako manifestazioa lehen ministroaren bulegoaren aurrean
© Yoshitomo Nara, eskaintza Yoshitomo Nara Foundation
Argazkia: Noriko Miyamura