Maisu handiak oinarri
Maisu handiak oinarri

Honako atal hau Frans Hals, Francisco de Goya edo Édouard Manet bezalako maisu ezagunen pinturak abiapuntu hartuta Martha Jungwirthek egin dituen sailik berrienetako batzuei buruzkoa da. Izan ere, Jungwirthen zenbait obraren pintzelkadak eta paleta aztertuta, agerian geratzen da badagoela antzekotasunik artista haien lanarekiko, bereziki keinu piktorikoari eta erabilitako koloreei dagokienean.

FRANS HALS OINARRI

Frans Halsek (ca. 1582–1666) gaitasun aparta zuen aurpegiera iheskorrak pintzelkada solteen bidez jasotzeko, eta Holandako Urrezko Aroko erretratugile onenetako bat bihurtu zuen horrek.

Bere erretratuek bat-batekotasun eta espontaneotasun kutsua dute. Horiek egiterakoan, motiboa zuzenean mihise gainean marraztuz hasten zen artista eta, gero, geruza geruzaren gainean margotzen zuen distantzia jakin batera ikusita bat egiten dutela diruditen pintzelkada azkarrez. Pintura lodiagoz, xehetasunak egiten zituen ehunen efektuak imitatzeko: brodatuak, parpailazko eskumuturrak....

Frans Hals ezaguna da bere lanetan paleta beroa baliatzeagatik; urteek aurrera egin ahala, berriz, gero eta kolore gutxiago erabiltzen hasi zen, 1664ko Agureen zahar-etxeko emakume arduradunak margolanean agerian geratzen den bezala. Bost emakume irudikatzen dituen erretratu horretan kolore beltza da nagusi, figuren lepo eta eskumutur zurietan eta masail gorrixketan salbu.

Artearen historiako margolaririk onenetako batzuek maisulan hori aztertu eta kopiatu izan dute. 205 aretoan, Martha Jungwirthek 2014. urtean egindako bertsioa aurkituko duzu: Titulurik gabea, Agureen zahar-etxeko emakume arduradunak, Frans Hals, 1664 sailekoa. Pintzelkada kementsuen eta orban lodien artean, artistak margotu gabe utzi zituen hondoaren zati batzuk, eta badirudi hondo horrexetatik ateratzen direla modeloen jantzi ilunak, lepoak eta eskuak.

GOYA OINARRI

Francisco de Goya (1746–1828) arte modernoaren aitzindarietako bat izan zen, eta bere garaiko Espainako gai sozialak, ekonomikoak eta politikoak jorratzeko zeukan ikuspegi bereziagatik gailendu zen. Pintzelkadan eta kolorearen erabileran egin zituen berrikuntzek aurrerapen nabarmena ekarri zioten arteari, eta areagotu egin zuten margolariaren ospea.

Zerusa edo berun-zuria, Napoliko horia, okre-horia, okre iluna, gorri bizia, Veneziako gorria, bermiloia, Siena errea, gorrimina, kobalto-urdina, itzal-lurra, itzal-lur errea eta boli-beltza dira Goyaren lanetan gehien errepikatzen diren koloreetako batzuk. Dena den, paleta soilagoa erabiltzen zuen sarritan, Sorginen hegaldia izeneko lanean, adibidez; koadro hura Margolan beltzak ospetsuen adierazkortasunaren aurrekaria izan zen.

Goyak lepahori- eta azkonar-ilezko pintzelak erabiltzen zituen, baina, mihisea orbantzen hasteko, belaki bat erabili ohi zuen, baita hatzak ere. Enpaste lodiagoko tokietan espatula baliatzen zuen, edo pinturaz bete- bete egindako pintzel fin bat, xehetasunetan testura naroagoak sortzeko.

Martha Jungwirthek hainbat koadro egin ditu Goyaren lanik ezagunenetan oinarrituta. Esaterako, Sorginen hegaldia (2022) saileko Titulurik gabea lanean —209 aretoan ikusgai— sorginen txano punta- zorrotzek eta konposizioaren gama kromatikoak maisuaren margolana dakarte gogora. Jungwirthen bertsioan figurak paperezko lau orritan bereizirik daude; kolorea, aldiz, saturatua da —txano berdea, aurpegi arrosakarak—, eta oso modu materikoan emanda dago.

ÉDOUARD MANET OINARRI

Édouard Manet (1832–1883) figura garrantzitsua da arte modernoan baitan, eta inpresionismoaren aitzindaritzat hartzen da, batez ere kolorea baliatzeko zuen modu erradikalagatik eta alla prima margotzeagatik, hau da, bustia bustiaren gainean. Teknika horretan aditua zen Manet, eta pintzelkada adierazkorrak aplikatzen zituen pinturari bere gorputzaren mugimendua gehituz. Pintzel-ukitu horiek, ageri-agerikoak izan arren, teknikoki zehatzak dira.

Horrenbestez, bat-bateko keinua dirudiena arreta osoz gauzaturiko prozesu baten emaitza da berez. Gauean, Manetek espatula batekin kentzen zituen egunean zehar ezarritako enpaste lodiak; hala, oinarrizko pintura-geruzara itzultzen zen, eta hurrengo goizean geruza horren gainean hasten zen berriro lanean.

Bitarteko tonuak kenduz eta argi-itzalen arteko kontrastea areagotuz, Manetek argi berezia esleitzen zien bere koadroetako motiboei. Margoari pigmentuak gehitzen zizkion, eta batzuetan pintura-hoditik bertatik zuzenean aplikatzen zuen kolorea. Inpresionistek beren paletatik baztertutako kolorea izan arren, oso maitea zuen beltza, eta zuria, Napoliko horia eta berde jakin batzuk ere erabiltzen zituen, Goyak bezalaxe. Manetek bere azken urteetan egindako natura hiletan kontraste handiko koloreak dira nagusi.

209 aretoan ikusgai dagoen 2023ko Édouard Manet, Zainzuria saila margotzerako orduan, Martha Jungwirthek jatorrizko margolanean ageri diren hori eta malba koloreetan jarri zuen arreta. Itxura jariakorreko pintzelkadekin, Maneten zainzuri- sorta gogora ekartzea lortzen du, hura eskala monumentalera handituta.

Agureen zahar-etxeko emakume arduradunak, 1664
Frans Hals (1580-1666)
Oleo pintura mihise gainean
170,5 x 249,5 cm
Argazkia: René Gerritsen
Frans Hals Museum