Masen arkitektura
Masen arkitektura

Jendetzari zuzendutako kirol-ekitaldi eta ikuskizunetarako azpiegiturak antzinatetik eraiki izan dira, esperientzia kolektiboa hobetzeko helburuz. Estadioak, besteak beste, horretarako asmatu ziren. Paul Pfeifferren Apokalipsiaren lau zaldunak (2000–abian) eta Gorria Berdea Urdina (2022) lanek lehen planora ekartzen dituzte kirol-ekitaldietan heroiek, publikoak eta arkitekturak duten hartu-emana eta papera, eta hainbat galdera planteatzen dituzte: Nola erreakzionatuko luke jokalari batek jendez betetako estadio batean kantxan bakarrik eta isolatuta ikusiko balu bere burua, beste jokalaririk gabe? Zer nolako pertzepzioa izango luke publikoak jendetzaren zarata eta musika kenduko balira?

“Nire ikuspegitik, mendebaldeko eraikuntza-tradizioaren tipologia arkitektoniko zaharrenetakoa da estadioa. Masa-ekitaldiak aztertzeko modu bat da niretzat, garaiak zeharkatuta, antzinate klasiko grekotik hasi eta orainaldia eta etorkizuna kontuan hartuta. Estadioa ingurune sozial zabalagoaren islatzat ere hartzen dut. Estadio bateko ikus-entzuleen esperientzian eragina duten egoera guztiak estadiotik kanpo ere gertatzen dira, pertsonen eguneroko bizitzan”.

—Paul Pfeiffer

Testuinguru horretan, 2024ko apirilean Bilbon gertatu zen masa-fenomenoa aipa dezakegu. Izan ere, identitate kulturalak eta kirolzaletasunak bultzatuta, adin guztietako milioi bat pertsona inguru bildu ziren Athletic Club futbol taldeak Errege Kopako txapelketa irabazi izana ospatzeko.

Aspalditik, berrogei urte lehenagotik, ez zuen titulu hori lortu eta horrek jendetzaren artean ikusmina, batasuna eta poza zabaldu zituen. Estadioa (“Katedrala” izenez ezaguna) gainezka egon zen, eta ondorengo ospakizunetan hiria zeharkatzen duen Nerbioi itsasadarraren inguruan bildu ziren athletic zaleak.

Pfeifferren artelanek irudiek duten indarrari buruz hausnartzera gonbidatzen gaituzte, nortasun indibidual eta kolektiboen eraikuntzan nola eragiten duten jabetu gaitezen, denbora eta kokalekua gaindituz.

© Paul Pfeiffer. Eskaintza: artista eta Paula Cooper Gallery, New York