Guggenheim Bilbao Bilduma osatzeko eskuratutako lehen artelanen artean, Eduardo Chillidaren (Donostia, 1924–Donostia, 2002) artelanak daude. Euskal eskultorearen eta Guggenheim Fundazioaren arteko harremana 1958an hasi zen, Fundazioak Barnetik (1953) artelana erosi zuenean. Gerora, 1959an, Solomon R. Guggenheim Museum-en inaugurazio-erakusketan artelan hori ikusgai jarri zen. Urte batzuk geroago, 1980an, New Yorkeko museoak artistari eskainitako erakusketa monografiko garrantzitsua egin zuen, eta ia hogei urte geroago, 1999an, Chillidaren ibilbidea omentzeko erakusketa antologikoa antolatu zuen Guggenheim Bilbao Museoak; artistak berak esku hartu zuen azken erakusketa horretan.