TERMINO NAGUSIAK
TERMINO NAGUSIAK

Didaktika proiektuaren baitan, Museoak hezkuntza-jarduerak eta -eremuak diseinatzen ditu, erakusketen osagarri gisa, eta jarduera eta eremu horiek tresna ugari eskaintzen dituzte, bai erakusketa-aretoetan, bai online, jendeak hobeto uler ditzan artistak eta haien lanak.

Eremu didaktiko honetan, Vasily Kandinskyren bizitzan eta jardun artistikoan eragina izan zuten pertsona, toki eta gertakariek hartzen dute garrantzia. Errusian trebatzen eman zituen urteetatik Alemanian eta Frantzian pasatu zituen denboraldi emankorretaraino, Kandinskyk jakin-min intelektuala eta abangoardiarako joera zuela erakutsi zuen. Hemen, haren marrazki esperimentalak, koloreen eta soinuen arteko erlazioari buruzko ikerketa, haren irakaspen eta idatzi teorikoak eta termino nagusien glosario bat eskainiko dizkiogu jendeari. Inflexio-puntu horiei esker, oro har, Kandinsky XX. mendearen hasieran arte abstraktua edo ez-figuratiboa garatzen aitzindaria izan zen.

TERMINO NAGUSIAK

ARTE ABSTRAKTUA
Arte ez-figuratiboa edo arte ez-objektiboa ere esaten zaio, eta mundu ukigarriaren irudikapenetik urruntzen da. XX. mendeko lehenengo hamarkadetan garatu zen. Vasily Kandinskyk, abstrakzioaren aitzindarietako batek, uste zuen arteak espiritualtasuna irudikatzen zuela koloreak eta formak nolabaiteko askatasunez eta intuizioz kokatuta. Arte abstraktuaren beste adierazgarri nabarmen batzuk Hilma af Klint, Kazimir Malevich eta Piet Mondrian izan ziren, besteak beste.

BAUHAUS
1919an sortu zen Weimarren, arte-, arkitektura- eta diseinueskola gisa. Estatu alemanaren babesa zuen, eta Walter Gropiusek zuzendu zuen sortu zenetik 1928ra. Eskolako curriculuma arteak eta lanbideak berdintasunez elkartzeko printzipioaren inguruan antolatzen zen. Bauhaus eskolak zeuzkan helburu utopikoetako bat eguneroko bizitzaren kalitatea hobetzearena zen, eraikinak, diseinu-objektuak eta artelanak modernitatearen eta unibertsaltasunaren estetikari jarraikiz sortuta. Anni eta Josef Albers, Marianne Brandt, Walter Gropius, Gertrud Grunow, Vasily Kandinsky, Paul Klee, El Lissitzky, László Moholy-Nagy eta Oskar Schlemmer izan ziren bertako irakasleetako batzuk. Hasiera batean, Weimarren egon zen eskola, baina 1925ean Dessaura eraman zuten, eta, azken urteetan, Berlinera. 1933an, naziek itxi egin zuten.

SINESTESIA
Sinestesia ezaugarri neuropsikologiko bat da, eta biztanleen % 2-5 ingururi eragiten die. Haren bidez, zentzumenetako bat kitzikatzean, efektu bat sortzen da beste zentzumenetako batean. Grafema- Kolorea («grafema» letra eta zenbakiei dagokie) eta musika-kolorea loturak izan ohi dira sinestesia-forma ohikoenak, baina badira, baita ere, beste lotura batzuk ere; esaterako, ukimena-emozioa, dastamena-soinua eta soinua-kolorea. John Locke britainiarra (1690eko ikerketetan) eta Georg T. Ludwig Sachs alemana (1812an argitaratutako testu batean) izan ziren sinestesia aztertu zuten aitzindari nagusietako bi.

Vasily Kandinsky
Lerro beltzak (Schwarze Linien), 1913ko abendua
Olio-pintura mihise gainean, 130,5 × 131,1 cm
Solomon R. Guggenheim Museum, New York, Solomon R. Guggenheim sortze bilduma, dohaintza 37.241
© Vasily Kandinsky, VEGAP, Bilbo, 2020