Abuztuko distira bat
2022Lynette Yiadom-Boakye ganar jatorriko artista Londresen jaio zen, 1977. urtean. Artista ezaguna da eguneroko alaitasun, adiskidetasun eta bakardade uneetan harrapatutako denboraz kanpoko pertsonaien pintura hunkigarri eta oroitarazleengatik. Pintura eta idazketa lantzen ditu, fikziozko istorioak lotzeko erabiltzen dituen bi diziplina, eta gaien artean, sentimenduak, identitatea eta adierazpen figuratiboaren soiltasuna agertzen dira. Artistak zerbait irudikatu eta hortik aurrera margotzen du, zuzeneko ereduak saihestuz, eta, horrela, errealitatea eta fikzioa batzen ditu. Era berean, publikoa bere lanarekin maila pertsonalean erlazionatzera gonbidatzen du. Ikuspegi berritzaile horrek erretratu tradizionalaren konbentzioak gainditzen ditu, ingurunearen potentzial politiko eta poetikoa ikertzearekin batera.
Abuztuko distira bat (An August Brightening, 2022) obrak ondo baino hobeto erakusten du Yiadom-Boakyeren lana, ikonografia zorrotz bat korronte emozional konplexu eta latenteekin nahasteko duen trebetasuna islatzen baitu. Pintura honetan, hiru gizon aurkezten dira ingurune intimo eta anbiguo batean. Erdiko irudia bere dantzan zentratuta dagoen bitartean, beste batek gitarra jotzen du eta hirugarrenak isilik begiratzen du. Atzealdean urre koloreko hori bat du, argia harrapatu eta mugimendua anplifikatzeko, eta pinturak erabiltzen duen koloreari erreparatuta, irudi dinamikoetara bideratzen du, argien eta itzalen jokoek sakontasuna eta bizitasuna ematen duten bitartean. Narratibaren anbiguotasunak irudien artean zabaltzen diren harremanak ikustera gonbidatzen du, eta eszenarekiko lotura pertsonala errazten du.
Yiadom-Boakyek ez ditu erabiliko irudiak leku edo denbora jakin batean kokatuko dituzten testuinguru-xehetasun espezifikoak. Horren ordez, kolorearen eta formaren emozio-potentziala erabiltzen du, ikusleekin erabat sintonizatzen duten gogo-aldarteak iradokitzeko. Naturalaren marrazketa eta pintura aztertzen eman dituen urteetan metodoa findu egin du, eta metodo hori antzekotasun soiletik haratago doa, giza esperientziaren funtsa kondentsatuz.
Jatorrizko izenburua
An August Brightening
Data
2022
Teknika / Materialak
Olio-pintura mihise gainean
Kreditua
Guggenheim Bilbao Museoa