Nota: este sitio web incluye un sistema de accesibilidad. Presione Control-F11 para ajustar el sitio web a las personas con discapacidad visual que están usando un lector de pantalla; Presione Control-F10 para abrir un menú de accesibilidad.
Ez dago ikusgai

Baskularra (4)

2024

Bereziki eskulturan oinarritutako praktikaren bitartez, June Crespok (Iruña, 1982) eraikuntza industrialeko materialak, eguneroko objektuetatik ateratako moldeak eta egituraz osatutako ensanblajeak erabiltzen ditu bere lanean, eta horien guztien propietate materialak dira artistari barru-barrutik ateratzen zaizkion ikerketa intuitiboen ardatz. Elkarren artean oso ezberdinak diren elementuak bilduz eta nahastuz (landareetatik aterako moldeak, arropa edo oihal erabiliak, eraikuntzako piezak, hormigoizko hustuketak, argazkiak…), eta elementu horiek muturreko akoplamendu eta eskala-aldaketetara eramanez, June Cresporen eskulturek azpimarratu egiten dute zer-nolako kontraste bortitza dagoen bizitako materialaren eta gure bizitza hesitzen, antolatzen eta bideratzen duten elementu estrukturalen artean. Baskularra (Vascular, 2024) saileko eskulturek (izenburu horixe izan zuen artistak Guggenheim Bilbao Museoan egindako erakusketa handiak ere) gorputz bizidunen kanalizazio-zirkuituak ez ezik, zain-sistemak ere ekartzen dituzte gogora: sustraiak, zurtoinak, hodiak eta kableak; baina baita gorputz-adarrak, artikulazioak eta ahokadurak ere.

Konexio eta garapen horien aberastasuna agerian geratzen da Multzo Baskularra (1) [Conjunto Vascular (1)], Baskularra (4) [Vascular (4)] eta Baskularra (5) [Vascular (5)] piezak adierazgarri nagusi dituen eskultura-multzoan. Artistak aurretik ere egindako sormen-lan askok bezalaxe, Baskularra (5) obraren gisakoek itxura funtzionala dute, baina ez dute ageriko erabilpen-printzipiorik, eta sekzioz eta ebakiduraz josita daude; horien bidez, Crespok esanahi irekiak, alienazio-sentsazioak eta munduarekiko jakin-min berritua aztertzen ditu. Itxura batean sinpleak diruditen hodi-konfigurazioak altzairuzko txapa malkoduna erabiliz eginda daude, lurzoru industrialetan eta pasaguneetan erabili ohi den horrekin, alegia. Multzo Baskularra (1) eta Baskularra (4) piezek, berriz, hiru dimentsiotan eskaneatutako loreekin egindako moldeak erreproduzitzen dituzte eskala handian, eta, horretarako, fotogrametria izeneko argazki-prozedura erabili du artistak. Loreen zurtoinak —brontze galdatuzkoak nahiz hormigoizkoak— horizontalean zabaltzen dira hoditeria irregularrak balira bezala, eta tailer industrial batetik atereak izan litezkeen metalezko mahaien eta altzairuzko eskoren gainean jarrita daude; haien azpian, erabilitako jantzi baten irudi erraldoia zabaltzen da. Brontzezko elementu handiek pitzadurak eta galdaketan erabilitako beste metal batzuen kolore-hondarrak dituzte gainazalean, prozesuan zehar degradatu edo ia desagertu direnak eta bizitza baten orbainak gogorarazten dituztenak denak ere. Beren jatorria eta artifizialtasuna ezkutatu gabe, Cresporen lanek hodi komunikatzaile eta kapilar-sare gisa jokatzen dute, bai kontakizun materialen aldetik, bai artistak pieza bakoitzean azalarazten dituen zentzumen estalien aldetik.

Jatorrizko izenburua

Vascular (4)

Data

2024

Teknika / Materialak

Hormigoi armatua, altzairuzko egitura eta eslingak

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa