Ez dago ikusgai

Bilborako

2019Argi-proiekzioa. Pelikula analogikoa.
Neurri aldakorrak

Jenny Holzerren lana Museoaren parte izan da hasiera-hasieratik; Bilborako instalazioa (Installation for Bilbao) dugu horren adibide. 101. aretoan dago, eta 1997an sortu zuen artistak, berariaz kokapen horretan jartzeko.

Lau hamarkadatan baino gehiagotan zehar, artista estatubatuarrak garraztasuna bereizgarri duten ideia, argudio eta minak aurkeztu ditu nazioarteko erakusketetan eta mundu osoko espazio publikoetan; esaterako, 7 World Trade Center-en, Veneziako Bienalean, New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim Museoetan, Whitney Museum of American Art-en eta Louvre Abu Dhabi-n. Holzer New Yorken bizi da, eta bertan egiten du lan. Sari ugari jaso ditu; besteak beste, Veneziako 44. Bienaleko Leone D’Oro (1990), Munduko Ekonomia Foroaren Crystal Award saria (1996) eta AEBko Estatu Departamentuaren Medal of Arts saria (2017). Honoris causa doktorea da Williams College, Rhode Island School of Design, The New School eta Smith College unibertsitateetan.

Holzerrek zalantzan jartzen ditu arte tradizionalaren ohiturak, eta idatzizko hitza erabiltzen du adierazpide nagusi gisa, umorez, gupidaz eta balentriaz. Nahiz eta haren sailetako testu asko berak sortutakoak diren, bere lanean beste egile batzuen poesia eta prosa ere erabiltzen ditu, baita artxiboko material garrantzitsua ere. Haren mezuak kamisetetan, plaketan, errotulu elektronikoetan edo paisaien eta forma arkitektonikoen gaineko argi-proiekzioetan agertzen dira. Karga politiko eta emozional handikoa izaki, Holzerren obrak ezustean harrapatzen du jendea tokirik susmagaitzenetan; aparteko esperientzia sortzen du, eta gai zailen inguruan hausnartzera bultzatzen ditu ikusleak.

2019an, gure aretoetan Jenny Holzer. Zera deskribaezina erakusketa egon zen urte berean, artistak hiru obra eman zizkion dohaintzan Guggenheim Bilbao Museoari, eta lehendik ere Bilduma Propioan zeuden bost piezen osagarri berebizikoa dira.

Haietako bat Bilborentzat (For Bilbao) da, 19 poeta euskaldun, espainiar eta nazioartekok idatzitako 169 testuren argi-proiekzioa. Museoaren fatxadan ikusi ahal izan ziren 2019an Holzerren erakusketa zabaldu eta lehenengo egunetan; euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, poesia titanioaren forma uhinduetan barrena labaindu zen.

Jatorrizko izenburua

Bilborako

Data

2019

Teknika / Materialak

Argi-proiekzioa. Pelikula analogikoa.

Neurriak

Neurri aldakorrak

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa

Bilborako

BBVA Fundazioak babestu zuen Jenny Holzer. Zera deskribaezina erakusketaren aurreneko egunetan artista iparramerikarrak Bilbori eskainitako artelan berezia piztu zen gauean.