Ez dago ikusgai

Karl-Johann Strasse II

1997Olio-pintura mihise gainean
202,3 x 407,5 x 7 cm

Antonio Saura gaztetan txunditu zuten Diego Velázquezen eta Francisco de Goyaren lanek, biak ere espainiar maisu handiak. Aldiz, 1950eko hamarkada hasieran Espainian pintore eta politika- eta kultura-errepresio giroaren lekuko izanik, ondare loriatsu hori kultura frankistari kendu behar zitzaiola ikusi zuen, horrek Europako Arte Informalaren kontrako tokian jartzen baitzuen. Paradoxikoa den arren, Espainiaren ondare miresgarri hori pintatzeko era berritzaile eta erradikalen pean jartzean lortu zuen Saurak ondare hori askatzea eta bizi berri eta kementsu berria ematea: Arte Informalari eta AEBko Ekintza Pinturari lotutako Keinu Pintura bere egin zuen, eta Espainiako irudi eta gai tradizionaletan aplikatu zuen. 1950eko hamarkadan Parisen denboraldi labur bat igaro ondoren (surrealistekin izan zen harremanetan), Saura Espainiara itzuli zen eta El Paso taldea (1957–60) sortu zuen. Taldeko kideek Europan eta AEBn garatzen ari ziren pintatzeko modu berriak sustatu zituzten haien lanetan eta taldearen izen bera zuen argitalpenean. (Saura lehenengotarikoa izan zen Jackson Pollock-en lana Espainian defendatzen.) Garai horretan, Saurak zuri-beltzera mugatu zuen kolore-aukera eta bere ibilbide artistikoan nagusituko zen gaikako sailari heldu zion, tartean direla "gurutziltzaketak", "emakumeak", "irudi biluziak", "jendetzak", "erretratuak" eta "alegiazko erretratuak" (azken bietan Espainiako pertsonaia historikoak erretratatu zituen, adibidez, Goya eta Filipe II.a). Saura oso moldakorra zen: pintura ez ezik, grabatuak eta liburuetarako marrazkiak egin eta agertokiak diseinatu zituen, eta idazle oparoa izan zen.

Karl-Johann Strasse II itzela hil baino urtebete lehenago margotu zuen, eta artistaren Jendetzak (Multitudes) saileko azken lanetako bat da. Ezaugarri nabariak dituzten buruen masa metatuak horma ziklopeo baten tresneria zein hezurtegi bateko garezur-lerroen antolaketa ematen ditu aditzera. Saurak honela azaldu zuen Jendetzak sailean egiten saiatzen ari zena: "Gorputzik gabeko aurpegiei heltzeko askotariko moduak bateratzen saiatu naiz, baita antiforma taldeak elkarketa organikoetan dinamikoki koordinatzen ere, horiek, fenomeno biologiko batzuen moduan, jarraitasun-sentsazioa sortzeko ahalmena duten batasun eta nazka beharrei erantzungo baliete bezala"[1]. Lan honen izenak Ilunabarra Osloko Karl-Johann Pasealekuan (Soir sur l'avenue Karl-Johann à Oslo, 1892) lanari egiten dio erreferentzia; horretan, katamaloen antzeko aurpegiak dituzten pertsonen ilara bat dabil espaloitik (Karl-Johann Strasse I, Jendetzak saileko Sauraren lehenengo lanetako bat, Genevako Fondation Archives Antonio Saura artxibategian dago). Saurak Pollocken all over pintatzeko teknika eta Goya eta James Ensor-en lanak aipatu zituen Jendetzak saila eragin zuten indarren artean.

Oharra:
1. Saura, Antonio: Antonio Saura: Peintures, 1956–1985, Musée Rath, Geneva, 1989, 18. or.; Antonio Saura por sí mismo, Lunwerg, Bartzelona, 2009, 131. or.

Iturria:
Mason, Rainer Michael: "Antonio Saura", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

Jatorrizko izenburua

Karl-Johann Strasse II

Data

1997

Teknika / Materialak

Olio-pintura mihise gainean

Neurriak

202,3 x 407,5 x 7 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa