202. gela

Pabellón de la presencia de la ausencia

Eliassonek glaziar izotza erabiltzen du maiz haren lanetan. Batzuetan, izotzaren bitartez deia egin nahi izaten du klima-aldaketa gerarazteko zerbait egiteko. Tenperaturak igotzearen ondorioz, urtean 200.000 eta 300.000 milioi tona izotz artean galdu da Groenlandian, eta kopuru horrek gora egiten jarraituko duela uste da. Absentziaren presentziaren pabiloia (The presence of absence pavilion, 2019) lanean, brontzezko molde-lanaren bitartez, urtutako glaziar-izotz bloke batek utzitako espazioa ikus daiteke.

Korronte glaziarrak (Glacial currents, 2018) obran, berriz, glaziarretatik ekarritako izotz-zatiak jartzen ditu pigmentuen gainean paperetan, eta, era horretan, tonalitate ezberdineko kontzentrazioak eta disoluzioak sortzen dira, paperaren gainean izotza urtzen doan heinean. Bestalde, Distira esferiko glaziarra (Glacial spherical flare, 2019) glaziarren higaduratik sortutako arroka-zati txiki-txikiekin egindako beirarekin eraikita dago.

Urteetan zehar, Islandia eta bertako fenomeno naturalak dokumentatzen dituen argazki-serieak sortu ditu Eliasson-ek. Artistarentzat herrialde hori fisikoki harremanetan egoteko beharra sentiarazten dion lekua da: eskalatzen, oinez ibiltzen, igeri egiten edo baita ibaiak baltsan zeharkatzen ere, Ibaiko baltsaren seriean (The river-raft series, 2000) gertatzen den moduan.

Islandian eman dituen denboraldiei esker Eliassonek zenbait baldintza atmosferikoekiko pertzepzio berezia garatu zuen eta horrek artistek historian zehar argia nola irudikatu duten aztertzera eraman zuen. Kolore-esperimentua, 80. zk. (Colour experiment no. 80) eta Kolore-esperimentua, 81. zk. (Colour experiment no. 81) lanetan, Alemaniako Caspar David Friedrich (1774-1840) artistaren bi pinturaren paleta aztertzen du; biak 2019koak dira eta natura itzela irudikatzen dute: Monjea itsasertzean (Der Mönch am Meer, 1808-1810) eta Zuhaitz bakartia (Der einsame Baum, 1822). Bi koadro horiek dituzten kolore guztien abstrakzioa egin zuen Eliassonek eta ondoren proportzionalki banatu zituen bere bi mihise horietan, ordezko zirkulu kromatikoa osatuaz.

Eguzkitsua (Suney, 1995) obra Eliassonek kolorearekiko, arkitekturarekiko eta pertzepzioarekiko duen interesaren adibide goiztiarra da, eta areto honetako espazioa bitan zatitzen du.

Gelako horma batean kokatutako beirazko esfera handi batek, Ikusteko espazioa (The seeing space, 2015), gailu optiko moduan balio du bisitariari ondoko gelan dagoenaren irudi distortsionatuak eta alderantzikatuak eskaintzeko; alboko gela horretan, Edertasuna (Beauty, 1993) obra dago, espazio ilunagoan. Obra horretan, sabaian ilaran jarritako hodiek foku batetik datorren argi-izpiaren aurrean lainobera mehea sortzen dute. Modu horretan, puntu batzuetatik, ur-gortinan ostadarra nola osatzen den ikus daiteke, eta intentsitate aldetik aldatu edo desagertu egiten da bisitaria gertuago edo urrunago jartzen den eran.