205. Objektuak eta pertsonak

Indesit sailak etxetresna elektrikoen enpresa italiarretik hartzen du izena, eta artistaren bizitzaren une erabakigarri batean du jatorria: 1975ean, 35 urte zituela, New Yorkera egindako bidaia batean. Jungwirthengan arrasto sakona utzi zuen hiriko arkitektura monumentalak, baita Museum of Modern Art-era egindako bisitak ere; Mies van der Roheren erakusketa bat ikusi zuen bertan, formatu handiko ikatz-zirizko marrazkiz osatua. Esperientzia horren ondorioz, ordura arte erabili zituen akuarelak alde batera utzi eta planteamendu soilago baten alde egin zuen, ikatz-ziria, grafitoa eta pastela lanabes bakartzat hartuta. New Yorkeko arkitektura-paisaian, Jungwirthek eguneroko objektuen esentzia arkitektonikoarekiko lotura hauteman zuen, eta, hala, hiriko eraikinen irudi sinboliko bihurtu zituen objektu horietako batzuk —arropa- eta ontzi-garbigailuak, esaterako—. Ikuspegi horretatik tiraka, itxuraz arrunta dena bere lengoaia artistikoan txertatzeko ikerketa zabala abiatu zuen artistak.

Hurrengo hamarkadan, Jungwirth zori hutsera eta esperimentaziora jotzen hasi zen akuarelak eta olio-pintura erabiliz. Abstrakzioranzko joera izan arren, erretratua eta autorretratua dira Jungwirthek gehien landutako gaietako batzuk, bere ohiko pintzelkada adierazkor eta biziak giza figurazioarekin uztartuz osatuak. Artistak esana da: “Inoiz ez diot garrantzirik eman jendeak nire margolanetan agertzen diren gauzak zer diren jakiteari. Ez identifikatzeko moduan margotu nahi izan ditut gauzak, beste zerbaiti lekua emateko moduan, keinuzko alderdia eta nire izaera pertsonala adieraztera heltzeko moduan”. Ikuspegi horrek erretratuaren genero tradizionalaren arauak iraultzen ditu, eta pertsonaren esentzia eta izaera jasotzeari jartzen dio arreta, antzekotasun fisikoari baino gehiago.