206 aretoa

Delcy Morelos artistak guztiz eraldatu du areto honetako espazioa eskulturaren eta arkitekturaren arteko mugak ezabatzen dituen esku-hartze honen bidez. Gunea aztertu eta birdiseinatzeaz gain, artistak artisau-prozesu bat bideratu du bertan: lurra, buztina, belar lehorra, kanela, iltzea eta bestelako materialak nahasiz, bere eragina Museo osora zabaltzen duen zentzumen-esperientzia murgilgarri bat sortu du. Morelosen instalazioek aztergai hartzen dute arteak zer-nolako gaitasuna duen maistra eta ama dugun Lurrarekiko lotura berrezartzeko, eta jaiotzaren eta heriotzaren arteko etengabeko zikloan txertatuta dauden eskaintza eta esker oneko erritualen antza du artistaren ekoizpenak. Sorgin izeneko esku-hartze berri honek Euskal Herriko emakumeen antzinako jakinduria gogorarazten digu: emaginak ziren; bertoko sendabelarrak ezagutzen zituzten sendalariak; zuhaitz, landare eta mendiekin komunikatzeko gai ziren emakumeak; jakintza horiexengatik gizarte katoliko nagusiaren beldurra piztu eta jazarpena pairatu zuten emakumeak.
