207. Animalia ikonografia gisa

Martha Jungwirthen azken saila, Australidelphia, Australiako ugaztun martsupialei eskainita dago. Ugaztun horietako batzuk “fosil biziduntzat” hartzen dira, haien ezaugarriak ia ez baitira aldatu historiaurreko garaietatik hona. Betiereko izaki horiei egindako omenaldia baino gehiago, 2019 eta 2020 artean Australiaren zati handi bat suntsitu eta milaka animaliaren heriotza eragin zuten suteen kritika hunkibera da Australidelphia. Sailak arrosaz, gorriz, marroiz eta beltzez osatutako paleta darabil espezie horiek bizitako sufrikarioa irudikatzeko.

Hala ere, Jungwirthek, animalien irudikapen soiletik harago, gai zabalago bati heltzen dio, Antropozeno izenez ezagutzen dugun aro honen krisi klimatikoari, alegia. Termino horrek gizakiak ingurumenean duen inpaktua azpimarratzen du, baita inpaktu horren ondorio larriak ere, esaterako, biodibertsitatearen gainbehera azkarra. Jungwirthen arteak gizakien eta animalien arteko lotura azpimarratzen du, bi identitateen arteko bereizketa tradizionalarekin hautsita. Sail honetako lanek gizaki/animalia banaketari buruzko hausnarketa eragiten dute, eta, egungo ingurumen- eta gizarte-ezegonkortasunaren argitan, guztion zaurgarritasuna eta etorkizun partekatua iradokitzen dituzte.

 
Areto honetako beste pieza batzuetan, Jungwirthek animalia historikoen irudikapenean sakondu du historiaurreko labar-pinturak gogorarazten dituen lengoaia piktoriko soil baten bidez. Napoleonen zaldi Marengoren irudikapen kanoniko handinahiekin kontraste nabarmenean, zaldi mitikoa hauskortasunaren sinbolo bihurtzen da Jungwirthen margolanean. Armada handia (2021) izeneko pintura eskerga, berriz, Tutankamon faraoiaren hilobiaren gelaurrean aurkitutako hiru hileta-euskarri zoomorforen argazki batean inspiratuta dago. Lan hori estilo figuratiboago bateranzko trantsizioa da; haren ostean egindako konposizioetan Jungwirthek nahieran erabiltzen du espazioa.

Azken urteotan, artista olio-pinturaren materialtasunaz interesatu da, animaliak irudikatzen dituzten lanetako zati trinkoetan ikus daitekeen bezala. Izan ere, koadro horietan konposizioari darion neurritasunak agerian uzten du paperaren espazio hutsaren eta adierazkortasun formalaren artean dagoen dinamika, bai eta espazioaren eta lerroaren tratamendu fina ere.