207 Aretoa

Untitled (No Comment) obrak ezin hobeki ematen du aditzera Krugerrek aro digitaleko hizkuntzaren, boterearen eta hedabideen inguruan etengabe egiten duen ikerketa-lana. Kanal anitzeko bideoinstalazio honetan, kultura garaikidearen kontraesanak eta manipulazioak azalera ateratzen dira sare sozialetako post, iragarki eta memeen isuri iraunkorraren bidez. Online aurkitutako irudietatik abiatuta garatutako lana da, eta gaur egun informazioa zeinen abiadura itogarrian hedatzen den erakusten du. Bere ibilbidearen hastapenetan testua eta irudia uztartuz sortutako konposizioen ildotik, non kolokan jartzen baitzituen autoritatea eta kontsumoa, No Comment lanarekin Krugerrek arlo digitalera dakar bere kritika garratza: azpimarratu egiten du gure eguneroko bizitzan teknologia berriek pertsuasioaren hizkuntza nola anplifikatzen eta distortsionatzen duten.