5 ORDU: KAPITALISMOA, URBANISMOA, ERREALISMOA
205 ARETOA
1992ko udaberria —orduantxe hasi zuen Deng Xiaoping Alderdi Komunistako estatuburuak “hegoaldeko itzulia”, liberalizazio ekonomikoko aldi berri bat sustatzeko xedeaz— mugarri garrantzitsuagoa izan da agian Txina garaikidearentzat 1989. urtea baino. Une hartatik aurrera, Txinaren ibilbideak, arau sozialistetatik urrunduta, merkatu libreko kapitalismoaren eta neoliberalismoaren aldera egin zuen. Autoritarismo berri batean galdu ziren garai batean trantsizio demokratikioaren alde izan ziren ametsak. Urbanizazioa eta globalizazioa aurrekaririk ez zuten eskala eta abiada batean garatu ziren.
“Errealismoaren” berragerpena izan zen trantsizio hari lagundu zion bultzada artistiko nagusia. Aurreneko berrikuntzak Pekinen gertatu ziren, Arte Ederren Akademia Zentraleko pintore figuratiboen talde bat errealismo sozialistaren teknikak erabiltzen hasi baitzen gizabanakoek gizarte-aldaketa handi haren erdian egiten zuten bizimodu interesik gabea azalduz. Sobietar Batasun eta Ekialdeko Bloke ohietako beren kideek bezala, artista hauek ere beren prestakuntza akademikoa erabili zuten gizarte berri baten bazterretan zeudenen bizitza zorigabe eta asegabeak islatzeko.
Perla Ibaiaren Deltako hirigintza-aldaketaren abiada eta eskala izan ziren denetan handienak. Hain kaotikoa izan zen, non Rem Koolhaas arkitektoa eta teorialari holandarra erakarri baitzuen. Hark, eskualde haren inguruan egin zuen ikerlan aitzindarian, hau idatzi zuen: “Modernizazio-zirimola bat ari da lehendik zeuden baldintzak nonahi suntsitzen, eta hiri-substantzia guztiz berri bat ari da leku orotan sortzen”. Hirigintza berri hura, Koolhaasen iritzian, “doktrina onargarri eta unibertsalen absentziak” ezaugarritzen zuen, baita “aurrekaririk ez duen intentsitate bateko ekoizpen batek” ere; eta Guangzhouko Elefante Isats Handia Lantaldea inspiratu zuen, zeinak artea erabili baitzuen bere inguruaren garapen bizkorrean inplikatzeko eta esku hartzeko.
Txina osoko hirietan lanean ari ziren artistek errealitate berri premiatsu bat ikusten zuten, eta hura bihurtu zen segituan haien inspirazio-iturria eta bestelako arte sozial bat egiteko bitartekoa, eta arte hark eguneroko bizitzaren baldintza gordinak erabili zituen aldaketa ekonomikoaren abiadaz hausnarketa egiteko.