Alain Urrutia

Bilbo, 1981

alain-urrutia

Alain Urrutiak erakusketa honetan jarri du lehenengo aldiz erakusgai Memento pieza. Instalazio/mosaiko bat da, irudi berriak eta berreskuratuak aurkezten dituena garai bateko marko biribil eta obalatuetan, banakoaren eta taldearen memoria kontzeptua aztertzeko asmoz. Latinezko memento terminoa erabiliz —“gogoratu” esapidearen baliokidea—, Urrutiak oroitzapen zatikatuetan eta irudien ahalmenean oinarritutako memoriaren eraikuntza aztertzen du istorioak sortzeko. Aby Warburg-en Mnemosyne (1929) liburuan inspiratuta —izenburuan memoriaren jainkosa grekoari aipamen egiten dion atlas ikonografikoa—, errealitate kolektibo baten irakurketa berria sortzen du Urrutiak piezon bitartez. Honako marko hauek hirurogeiko hamarkadakoak dira, hainbat urtetan zehar eskuratutakoak, eta berrogei daude, artistaren adina bezainbeste. Urtero pieza berri bat gehitzen jarraitzea da artistaren asmoa, hain zuzen ere denboraren joana erakusteko eta, horrela, bere obra bizirik iraunarazteko. Urrutiak mantendu egin ditu aurkitutako markootan zeuden jatorrizko argazkietako batzuk, eta berak asmatutako eszenak ere sortu ditu gai ugariri helduta. Bereizgarri duen paleta monokromoan eginak, zuri-beltzeko pintura hauek oroitzapen intimoak eta kolektiboak ematen dituzte aditzera, eta kutsu poetikoz lotzen dituzte iragana, oraina eta geroa.