Bizitza materiala

2022ko irailak 8a – 2023ko urtarrilak 22

105. Aretoa

Azken hamarkadetan informazioaren teknologiek izan duten garrantzi gero eta handiagoaren ondorioz, belaunaldi eta jatorri askotariko artistek birpentsatu egin dute gauzen materialtasuna eta, beren jardunaren bitartez, azpimarratu egin dute mundu garaikidearen errealitate ukigarri bezain anbiguo eta problematikoa. Azken berrogeita hamar urteetako hainbat artelanen hautaketaren bitartez, erakusketa honek birpentsatze horren erliebeak aurkezten ditu, ia-ia paisaia bat balira bezala.

XX. mendearen bigarren erdian abangoardia berriak sortu ziren, hala nola Arte Povera, Fluxus eta Land Art direlakoak, zeinak adierazten baitute artistek hiri-ekosistemetara eta ekosistema naturaletara bideratu zutela begirada; horietan guztietan indar handiz nabarmentzen dira materialak (aurkitutako objektuak, hondakinak, zati industrialak), haiek barne hartzen dituzten prozesuak (eraldatzea, deskonposatzea, muntatzea) bezainbeste nabarmendu ere. Hala, prozesu horien adierazpen gisa ulertu dira obra asko, baita leku eta habitat ugaritara zabaldutako tailerraren kokaleku gisa ere. Hortaz, bueltatzekotan, helburu argi batekin itzultzen dira artelanak museora: gune hori obren formei baino areago, haiek osatzen dituzten materialei eta istorioei eragiten dieten indarren, tentsioen eta paradoxen behaketarako toki gisa aldarrikatzea. Mundu fisikoaren etenik gabeko aldaketa-egoerak, merkantzien joan-etorri eta biltegiratzeak, nahiz kanpo-eragileen menpe egotean materialak duen iragankortasunak markatzen dute lan horietako asko gaur egun nola agertzen eta biziagotzen diren. Kontuan hartuta bai eremu digitalaren aldakortasuna bai kontrolik gabeko garapen industrialaren ondorioz ekosistemek jasaten duten gainkarga, geure buruari galdetu behar diogu azken urteetako artearen historian izan den aldaketa materiala mundu garaikidea egituratzen duten baliabideen, energien eta prozesu konplexuen kontzientzia aurreratuaren adierazpena ote den.