Dama eskaintzailea

1973ko apirilaren 18an, Picasso hil eta hamar egunera, Dama eskaintzailea obraren brontzezko bi eskulturetako bat artistaren hilobian jarri zuten, Vauvenarguesko gazteluan (Frantzia); bestea areto honetan dago ikusgai.

1933an igeltsuz zakarki modelatutako emakume baten irudi monumental eta neurrigabea da Dama eskaintzailea, eta antzinako emankortasunaren jainkosak gogorarazten dizkigu, hala nola Willendorfeko Venus txikia edo Lespugueko Venusa. 1933ko jatorrizko igeltsu hartatik abiatuta, brontzezko bi piezok ez ezik (1972an eta 1973an eginak), zementuzko bat ere sortu zuen Picassok. Azken horrek —gaur egun desagertua— ongietorria egiten zien 1937ko Parisko Nazioarteko Erakusketako Espainiako Pabiloira bertaratzen ziren bisitariei.