Diseinu komertzialak, 1950eko hamarkadaren hasiera

1950eko hamarkadaren hasieran, Asawak hainbat eskola hartu zituen San Francisco State College delakoan (gaur egun, San Francisco State University): dantza, diseinu komertziala, errotulazioa, serigrafia eta pintura. Urte haietan, artistaren lanak gero eta ezagunago eginez joan ziren, bai hirian bertan, baita herrialde osoan ere, ikusgai jarri baitzituzten Laverne Originals barne- diseinu etxeak San Frantziskon eta New Yorken zituen erakustaretoetan egindako hainbat erakusketatan, baita Vogue bezalako argitalpenetan ere.

Garai hartan, Asawak hainbat diseinu komertzial landu zituen, hala nola paper-tolesetan oinarritutako plastikozko panelak, eta horma-paper nahiz ehunetarako estanpatuak; azken horietan, espiral logaritmikoen formak, Black Mountain College (BMC) ikastegiko garbitegiko zigiluak eta bere haur txikien oinatzak erabili zituen. Laverne Originals etxeak alanbre kiribilduzko saskiak etxeko apaingarri gisa masan ekoizteko aukera eskaini zion, baina artistak ezezkoa eman zuen. Bere hitzetan: “Saltzeko ekoiztea interesatzen zait, baina gero eta gehiago lan egin, orduan eta ideia gehiago bururatzen zaizkit eta esperimentatu egin nahi izaten dut; baina esperimentatzea ez da ekoiztea, porrot ugari egoten baitira”.