DORIS SALCEDO
Titulurik gabea
Doris Salcedo Bogotan jaio zen 1958an. Hasiera batean pintura arloan prestatu zen, eta denbora tarte labur batez antzerkiak piztu zion jakin-mina, 1980ko hamarkadan eskulturari heldu baino lehen. 1984an, Arte Ederretako Master bat egin zuen, New Yorkeko Unibertsitatean. Hiri hartan egin zuen egonaldian Joseph Beuys-en lana ezagutu zuen, eta horrek, eta bertan atzerritar izanik bizi izan zuenak, eskulturak izan zezakeen dimentsio politikoa ezagutzeko aukera eman zion: "Haren lanarekin, ‘eskultura sozialaren' kontzeptua zer zen jakin ahal izan nuen, artearen bidez gizartea moldatzeko ahalbidea", dio artistak [1]. Graduatu eta gero, Bogotara itzuli zen eskultura eta artearen teoria Kolonbiako Unibertsitate Nazionalean irakasteko, 1980ko hamarkadaren amaierara arte. Itzulera hartan topatu zuen ezegonkortasun politikoak zenbait proiektu egitera eraman zuen, garai hartan piztutako indarkeriak egunerokotasunean zituen ondorioak gogora ekartzen zituztenak.
Titulurik gabea (2008) 1989an hasi zuen sail bukatu batekoa da, orain arte artistak ekindako eskultura-sailik zabalenenekoa: bertan, elkar muntatutako osagaiak erabiltzen ditu, besteren artean, etxeko altzariak, Kolonbiako historia politiko dramatikoa arakatzeko modutzat. Beste sail batzuetan bezala —esaterako Etxe alarguna (La casa viuda 1992–95)—, hemen ere zurezko altzariak erabiltzen ditu giza gorputza eta haren gabezia iradokitzeko. "Orain arte sortutako lan guztiek Kolonbiako gerraren benetako biktima baten zuzeneko aztarnak gordetzen dituzte", dio artistak [2]. Sail honetan mahai eta armairu sortak erabiltzen ditu, urteen poderioz hondatutakoak; forma hibridoetan berriro muntatzen ditu eta tarteko zuloak eta gainazalaren zatiak hormigoiz estaltzen. Materialaren ezaugarriei esker, hartutako forma berriak norbanakoaren eta taldearen narrazioen testigantza isilak dira.