Espazioan egindako marrazkiak

1909an, kubismoaren gorakada bete-betean, Picassok bere neska-lagun Fernande Olivierren bustoa modelatu zuen: haren anatomia eta ezaugarri bereizgarriak fazeta geometriko eta organiko bihurtu zituen; bihurritu eta trinkotu egin zituen bere margolan kubistetan esperimentatutakoa eskulturara eramateko, ordura arte inoiz egin ez bezala.

Bi dimentsioak gainditzeko behar horrek bultzatuta, 1920ko hamarkadaren amaieran Picassok eskulturarekin esperimentatzen jardun zuen berriz ere, material eta teknika industrialak bilatzen eta baliatzen, eta Daniel-Henry Kahnweiler galeristak “espazioan egindako marrazkiak” deitu zituenak moldatu zituen horrela. Bere lagun Guillaume Apollinaire poetaren hilobirako monumentu bat egiteko enkargua izan zen etapa horren abiapuntua. Picassok silueta geometrikoz osatutako giza irudi harikara batzuen zirriborroak egin zituen, eta Julio González eskultorearengana jo zuen laguntza eske, haren ezagutza teknikoak baliatu nahian bere diseinuak eskultura bihurtu ahal izateko. Pieza horiek, baina, ez ziren inoiz jarri poetaren hilobian.