Espresionismoak. Konstelazioetarantz. 1945eko pintura zuriak
1930eko hamarkadan, Miróren obraren ezaugarri nagusi bihurtu zen espresionismoa. Garai hartako sorkuntza askok forma desitxuratuak erakusten dituzte eremu anbiguoetan, seguru asko artistari munduko egoera politikoak eragiten zion antsietatearen isla. Masonite gainean egin zuen pintura-sailean, Mirók materialaren testura lurkara aprobetxatu zuen, eta marra beltzak eta kolore-orbanak gainjarri zituen haren gainean, ukitu aberatseko elementuak erabiliz; adibidez, mundruna, legarra edo harea.
Bigarren Mundu Gerraren hasieran, Miró —Parisen erbesteratua Normandiako Varengeville-sur-Mer herrira joan zen, eta han horma-irudi bat margotzeko eskatu zioten. Txoriaren hegaldia lautada gainetik izeneko paisaia txikiak egiteaz gain, bertan hasi zituen bere Konstelazioak (1940–41): “Margotu ondoren, agoarrasetan bustitzen nituen pintzelak eta paperezko orri zurien gainean lehortzen nituen, aurrez pentsatutako ideiei jarraitu gabe. Zikindutako azalera hark gogoa pizten zidan eta formak, giza irudiak, animaliak, izarrak, zerua, eguzkia eta ilargia sortzera eramaten ninduen”.
Miró Mallorcan jarri zen familiarekin bizitzen, gerratik ihesi, eta han amaitu zuen pintura-sail hura. Artistak asmatutako zeinulengoaiaren potentzialaren gailurra dira obra horiek, inolaz ere. Konstelazioak amaitu ondoren, Miró ezer sortu gabe egon zen denboraldi batez, 1945 arte. Formatu handiko zenbait pintura egin zituen orduan, eta hondo zuriko margolan haietan berriro erabili zuen bere zeinu-lengoaia; “gaua” hitza ageri da haietako askoren izenburuetan.