Falta zenaren bila

“Alemanian bizi izan nuen bakardadea Japonian sentitutakoaz bestelakoa izan zen, ezerk eta inork ere zaintzen ez zuen bakardadea baitzen. Azken buruan, hasieran hizkuntza ere ez nuen hitz egiten. Dena dela, marrazkiaren bidez, ulertu nahi nautenek aukera dute hizkuntzaren muga gainditu eta, nire koadroak ikusi ondoren, ni ulertzen hasteko. Horregatik, ulerkuntza hori lortze aldera, egunero aritzen naiz marrazten”.

Yoshitomo Nara

 
Aichi prefekturako Arte Ederren Unibertsitateko masterra amaitu ondoren, aukera gehiago izateko eta prestakuntzarekin jarraitzeko asmoz, Alemaniara joan zen Nara. Lehenago ere izana zen Europan, 1980an, hogei urte zituela, eta lehen bidaia hartan abagunea izan zuen europar maisu modernoen lana bai eta Goi Erdi Aroko eta Errenazimentuko margolanak bertatik bertara ikusteko. Bizipen haiek oso esanguratsuak gertatu zitzaizkion: liluratuta geratu zen eta ohartu zen lan haiek magnetismo emozional handia eragiten ziotela. Era berean, asko ikasi zuen inpresionisten, espresionisten eta Parisko Eskolako artisten pinturatik abiatuta. Haien filosofian, espiritualtasunean eta tekniketan oinarrituta, ordura arte ikasitako guztia berraztertu zuen.

1988an Düsseldorfko Kunstakademie akademia ospetsuan matrikulatu zen, eta hurrengo urteak funtsezkoak gertatu zitzaizkion bere bilakaera artistikorako. Alemanieraz ez zekienez, nahita itzuli zen haurtzaroko bakartasun egoera bereizgarri hartara eta artearen bitartez komunikatzeko beharra zuela deskubritzera.

Kunstakademien zela, neoespresionismoko figurarik garrantzitsuenetako bat izan zuen irakasle: A. R. Penck artista alemaniarra; ordurako, haren eragina nabarmena zen hala Nararen ikuspegi formalean —pintzelkada solteekin eta kolore bizi eta minekin zakarki irudikatutako irudiak—, nola bere ikonografian, kontu mundutarrak eta espiritualak uztarturik osatua zuen mitologian, alegia. Penckek, Nararen garai hartako pinturaren eta marrazkiaren artean alde nabarmena zegoela ikusirik, bi diziplinak bateratzeko gomendatu zion. Narak ingerada grafikoei eutsi zien, baina bere konposizio narratiboak sinplifikatu zituen eta kolorearen erabilera murrizten hasi zen. Hala, irudi ausartagoak egiteari ekin zion, eta lan haiek berehala lortu zuten sona beren banakotasunari eta originaltasunari esker.

Orduantxe sortu zituen Narak bere ume-irudi bereizgarriak: figura buru- eta begi-handiak, emozionalki oso zuzenak, lehen begiratuan maitagarriak diruditenak, baina beren neurriz kanpoko ezaugarriek eta jarrera misteriotsuak arraro eta desafiatzaile samar bihurtzen dituztenak. Gai berriak ere agertu ziren garai hartan, hala nola kutxa baten barruan eserita edo zutik dauden pertsonaiak; itxuraz gauza sinplea edo anekdotikoa dirudien ñabardura horrek badu garrantzia, berez, artistak babesaren eta aterpearen ikurtzat jotzen baitu kutxa.