Historiaren mugarriak
2022ko irailak 20 - 2023ko urtarrilak 22
3. solairua
Sekzioak/Intersekzioak erakusketa honek Guggenheim Bilbao Museoaren bi giltzarri ditu oinarri: Frank Gehryren arkitektura, eta Museoaren Bildumatik hautatutako lan-sorta bat, artearen historiako une garrantzitsuenak erakusten dituena. Artearen eta arkitekturaren arteko erresonantzia areagotzeko asmo handiko keinu batean, Museoaren piezarik adierazgarrienetako batzuk biltzen dituen instalazio honek eraikinaren jatorrizko egitura uzten du agerian, ahal den heinean behintzat, urteen joanean gehitutako banaketak kendu baitira. Bigarren Mundu Gerraren ondoren artearen historiak nazioartean zein berton bizitako une esanguratsuak nabarmentzen dituen obra-multzo baten bidez, erakusketak hirugarren solairuko gune zabal eta argitsuak handiesten ditu.
Historiaren mugarriak artelan berezien funtsetan nahiz Bilduman ondo ilustratuta dauden artearen historiako mugimenduetan oinarritzen da. Hala, beren garaiko abangoardian lan egin zuten artistak aurkezten ditu, beren esparruan ekarpen benetan erabakigarriak egin zituztenak. Areto bakoitzak artista bakar baten edo partekatutako kezkak ikuspegi desberdinetatik aztergai dituzten hainbat artistaren ekoizpena behatzeko aukera eskaintzen du.
Areto batzuetan, kokapen zehatzeko instalazioak edo pieza esperimental berdingabeak daude erakusgai, hala nola Cristina Iglesias, Sol LeWitt eta El Anatsui artistei eskainitako guneetan. Azken horren obra, Itsaso gorakorra, artista afrikarraren ibilbidean berebiziko garrantzia izan duen eskultura garaikidea da, Bildumak eskuratutako azkena izateaz gain. Beste areto batzuetan, Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortutako arte abstraktuaren garapenari buruzko muntaiak daude ikusgai, gaika antolatuta, baita arte abstraktuaren eta espiritualaren arteko hurbilketak ere, bai eta 1960tik 1980ra bitartean garatutako arte-lengoaiak, hala nola Pop artea eta herrikoitasunak sorkuntza garaikidean duen presentzia. Gainera, korronte artistiko horiei eta haietan ekarpena egin zuten egileei